Edukira zuzenean joan

Petitjean, Hippolyte

Mâcon (Frantzia), 1854 | Paris (Frantzia), 1929

Petitjean, Hippolyte

DOKUMENTUAK IKUSI

Biografía

Hippolyte Petitjean-ek Frantziaren erdialdeko Mâcon hiri txikian jaso zuen marrazkilari heziketa, baina 1872an, beka bat eskuratu eta Parisera joateko aukera izan zuen; han, Arte Ederren Eskolan eman zuen izena, baita Alexandre Cabanel margolari akademizistarekin ikasketak egin ere. Maisuaren biluzi haragikoiek Petitjeanengan eragina izan bazuten ere, batez ere konposizio klasikoak eta Pierre Puvis de Chavannes-en kutsu mistikoko beste lan batzuk hartu zituen inspirazio iturritzat haren ibilbidean; Petitjean-ek Parisko Erakusketan 1880an erakusgai jarritako eszena alegorikoek eta paisaiek erakusten dute hori. 1886an, Georges Seurat ezagutu eta bi urtera, Neoinpresionismora jo zuen, eta kolore indibidualetako pintzelkada txikien metodoa bere helburuetara egokitu zuen: kurbadun bainulariak pintatu zituen, baita erretratu zertxobait lausoak eta paisaiak ere. 1891tik aurrera, Independenteen Erakusketan jarri zituen erakusgai bere artelanak eta, luze gabe, bere kide neoinpresionistekin batera sarritan ibili zen erakusketetan. 1892 – 95 aldera, Pinaziko pinuak. Sainte-Maxime (Les pins parasols. Sainte-Maxime, 95. or.) egin zuen, Puntillismoa bere gorenean zen momentuan.

1890eko hamarkada erdialdera, Petitjeanek estilo zertxobait tradizionalagori heldu zion berriz, pintzelkada suabeagoak erabiliz eta, beraz, printzipio neoinpresionistei ihes eginez; berriz ere, bainulari mitologikoak pintatu zituen, Puvisen eszena idilikoak inspirazio iturritzat hartuta. 1898an, bere familia mantentzeko beharrez, Petitjean marrazketako irakasle lanetan hasi zen Parisko Udalarentzat. 1912 aldera, Puntillismora itzuli zen, eta bere azken akuarelek espazio zuriz inguratutako kolore puntu sendoak dituzte ezaugarri, horrela efektu kromatikoak areagotzeko.