Edukira zuzenean joan

Steinlen, Théophile-Alexandre

Lausana (Suitza), 1859 | Paris (Frantzia), 1923

Steinlen, Théophile-Alexandre

Steinlen, Théophile-Alexandre

DOKUMENTUAK IKUSI

Biografía

Théophile-Alexandre Steinlen ilustrazio eta estanpazioaren maisuak ekarpen garrantzitsua egin zion XIX. mende amaierako publizitatearen industriari Parisen. 1881n lekualdatu zen hiri horretara eta bertan ikasi zuen lanbidea Eugène Delâtre grabatzaile frantsesarekin, koloretako akuafortearen teknika aurreratuagatik ezaguna. Luze gabe, Steinlen ilustrazio satirikoak sortzen hasi zen Parisko aldizkari ezagunentzat, adibidez, Le Chat noir, Mirliton eta La Revue Illustrée. 1889rako, Aristide Bruant abeslari ospetsuaren kantuetarako asmatu zituen ilustrazioengatik zen ezaguna jada. 1890eko hamarkadako bere kartel ezagunek Parisko bizitza modernoa islatzen zuten, une horretarako kultura bohemio dinamikoari bereziki erreparatzen baitzioten; geroago egin zituen artelanek, berriz, ikonografi politiko eta sozialago batean sakondu zuten. Egunkari ezkertiarrek, Le Chambard socialiste eta Gil Blas illustré, adibidez, plataforma bisual bat eman zioten langileriaren eta gizarteak baztertzen zituenen zailtasunak bertan irudikatu ahal izateko.

Steinlenek Chat Noir, konpainia txit ospetsua (La très illustre Compagnie du Chat Noir, 1896, 129. or.) kartela bere ibilbidearen gailurrean sortu zuen. Montmartreko Le Chat Noir kabaret entzutetsuak arrakasta handiko zuzeneko ekitaldiak eta itzal-teatro dotoreak aurkezten zituen Rodolphe Salis mezenasaren laguntzapean. Gainera, kabareteko antzerki konpainiak nazioarteko birak egiten zituen eta, hain zuzen, horri buruzkoa da kartel hau, ondorengoa iragartzen duena: “Aurki Chat Noir konpainia txit ospetsua, tartean dela bere itzal-teatro entzutetsua, poetak eta musikagileak, Rodolphe Salisekin batera”. Irudian, Steinlenek figurazioaren eta tipografiaren arteko oreka bikaina lortzen du konposizioari dagokionez. Gorri-beltzez inprimatua dago soilik eta kabaretaren ikur ezaguna agertzen da: katu beltz estilizatu eta lerden bat argi-koroa gorri batekin. Argi-koroak ondorengo hitzak ditu: “Montjoye Montmartre”, lokalaren izaera adierazteko Salisek asmatutako esaera. XIX. mende amaieran, inprimaketa-teknologiak nabarmen aurreratu ahala, publizitate kartelak gero eta gehiago zabaldu ziren, ia toki guztietan agertzeraino. Steinlenen lan grafikoa masan ekoiztera heldu zen, litografia teknikaren aurrerapenei esker. Geroago, Steinlenek modu sotilagoan erabili zituen alegoria eta sinbolismoa.