Edukira zuzenean joan

Eija-Liisa Ahtila: Deikundea

Eija-Liisa Ahtila: Deikundea

Izenburua:
Eija-Liisa Ahtila: Deikundea
Erakusketa:
Eija-Liisa Ahtila: Deikundea
Gaiak:
Artea eta erlijioa | Kristautasuna | Sinbolismo erijiosoa
Artelan motak:
Bideoartea | Bideoinstalazioa
Aipatutako artistak:
Ahtila, Eija-Liisa

Museoko Film & Video aretoa irudia mugimenduan darabilten lanei eta bideoarteari eskaini zaie. Areto hau joera horri eskaintzeak agerian jartzen du bideoarteak eta bideoinstalazioak azken hamarkadetako artearen garapenean eta gauzatzean izandako garrantzia.

Eija-Liisa Ahtila (Hämeenlinna, Finlandia, 1959) artistak Deikundea (The Annunciation–Marian Ilmestys, 2010) filmatu zuen elurtutako Aulanko erreserba naturalean, Finlandiako hegoaldean, 2010eko neguan. Hiru proiekzioz osatutako instalazioa da; horietan Lukasen Ebanjelioaren (Lk 1,26–38) pasarte ezagun bat agertzen da, Deikundearena; Kristau ikonografiaren gairik garrantzitsuetako bat da eta, gainera, antzinako pintura batzuek, non perspektiba lehenbizi arrakastaz erabili zuten, pasarte hori irudikatzen  dute.

Deikundearen gaur egungo lan honen muinean dago estoniar Jacob von Uexküll (1864–1944) biologoaren teoria bat, alegia, bizidun bakoitzak mundu bat ezagutzen duela eta bizidun guztien munduak aldi berean existitzen direla. Kontzeptu hori erabili du artistak mirarien zerizana eta hautemateko eta jakiteko bideak aztertzeko. Antzezleek gertakariaren alderdi sakratua eta gizatiarra berriz definitu behar zuten animaliei dagokienaren eta jainkotiarra denaren bidez. Grabaketaren prestaketa-lanen materialak eta Deikundearen gertakariaren antzezpena bera agertzen dira filman. Alde handia dago kanpoaldeko, naturako, eta barrualdeko eszenen artean; azken horiek artista baten estudioaren antzera itxuratutako plato batean filmatu zituzten, bertan eraiki baitzuten Deikundearen gertakizuna antzezteko dekoratua.

Giza antzezleetatik bi baino ez dira profesionalak; gainerakoak Helsinkiko Deaconess Institute-n emakumeari laguntzeko zerbitzuen erabiltzaileak dira. Animalia antzezleak hezitako bele bat, bi asto arrunt eta haztegi bateko uso mezulariak dira. Gidoi bat bazegoen arren, gertaerak, paperak eta elkarrizketak filmaketan moldatu ziren, antzezle bakoitzaren interpretazioaren arabera.

Lanaren lehen zatiak dokumental itxura du, estilo objektiboa; kamera digitalez grabatu zen. Askotariko emakumeek Deikundearen unea antzezteko prestatzen ari dira; hain zuzen, Gabriel goiaingeruak Mariari Jainkoaren seme bat izango zuela azaldu zion unea. Azken eszena baino lehenago goiaingerua antzezten duena hegan egiten saiatzen dela ikusten dugu; bitartean emakumeak beren paperak eztabaidatzen dituzte. Mariarena egiten duenak astoan ibiltzen ikasten du, eta Mariak goiaingeruarekin topo egin zuen momentua irudikatzen duten pinturetan jasotako erreakzioak imitatuz antzezpen saioak egiten ditu. Azken antzezpena, saio guztien ondorengoa, 35 mm-ko filmean grabatu zen: goiaingerua lorategi eder batetik hegan hurbiltzen da eta beirazko leiho zabal batetik sartzen da antzezleak dauden tokira; aingeru bat eguneroko bizitzan bat-batean agertzen da.

Lanaren amaiera irudi idiliko bat da: Maria antzezten duen emakume gaztea —ez darama Errenazimentuko Madonnen jantzi urdin bizia— asto batekin doa, Townes Van Zandt-en “No Place to Fall” abestia entzuten den bitartean.