Edukira zuzenean joan

Allora & Calzadilla. Farmazia tropikala

Allora & Calzadilla. Farmazia tropikala

Film & Video aretoko erakusketa-programak mugimendudun irudia, zinema esperimentala eta bideo-instalazioarekin lotura duten arte-praktikak barne hartzen ditu.

Bideo-instalazioaren, performancearen eta eskulturaren arteko bidegurutzean lan egiten dute Jennifer Allora-k (Nueva Jersey, 1974) eta Guillermo Calzadilla-k (La Habana, 1971), eta azken bi hamarkadetako arte-praktikaren funtsezko erreferente dira. Farmazia tropikala berariaz pentsatu da Guggenheim Bilbao Museoan aurkezteko, eta instalazioak hiru obra sinkronizatzen ditu, agerian ipiniz artistek egoitza duten Puerto Ricon egindako lanaren funtsa.

Erakusketari izenburua ematearekin batera, Kanpaia, hondeamakina eta farmazia tropikala (The Bell, the Digger, and the Tropical Pharmacy, 2013) proiekzioak modu ikusgarrian dokumentatzen du farmazia-laborategi baten eraisketa barrutik; hain zuzen ere, AEBko farmazia-industriak eskualdean zuen plantarik handienetako bat zen eraikin hori. “Farmazia tropikala”ren ideiak Karibeko berezko bioaniztasunak gizakien erabilerarako duen potentzial itzela iradokitzen duen arren, adierazpide horrek ironiaz gogoratu besterik ezin du egin lurralde horrek AEBkiko mendekotasun koloniala badu ere, ez dela errepublika federala osatzen duten estatuetako bat eta ondorioz sekulako abandonu eta gabezia medikoak pairatzen dituela. Haien piezan, Allora & Calzadillak hondeamakina bat baliatzen dute; horren pala, ordea, kanpai batekin ordezkatua dago, eta hala, eraikinaren suntsiketa soinu-performance bitxi bilakatzen da. Artelan horren aurkezpenarekin tartekatuko da Izerdi-guruinak, izerdi-lurrak (Sweat Glands, Sweat Lands, 2006), Calle 13 taldeko René Pérez Joglar musikariarekin, Residente ezizenez ezaguna, elkarlanean egindako lana; artista horrek Grammy ugari irabazi ditu, eta izar bat da Puerto Ricon. Haragia erretzeko erabiltzen den burruntzi-egitura edo lechonera antzeko batean gertatzen da eszena. Egituraren barruan, gizon batek gurpilaren ardatzean sartutako txerri bat birarazten du bere autotik, azeleragailuari eraginez, guk Residente abesten entzuten dugun artean: haren kantuak prozesu organikoak, historiaurrea, animalien pertzepzioaren inguruko bristadak eta krisian den ekosistema tropikala iradokitzen ditu. Txandakatuz doazen proiekzio horiek etengabeko elkarrizketan jarduten dira Epemuga (Deadline, 2007) lanarekin; George urakana San Juanetik igaro ostean egindako 16 mm-ko filma da. Obra horrek palmondo-adar bat agertzen du, bi palmondoren artean larri zintzilik airean. Kometa-hari ikusezin batetik zintzilik, adarrak desafio egiten dio grabitateari bere erorketa geldian, eta denbora-tarte bitxia sortzen du paisaia suntsituaren erdian.

Osotasun sendoa eratzen duen aldetik, Farmazia tropikala Allora & Calzadillaren jardun bereizgarriaren adibidea da; eguneroko objektuak eraldatu, alboz albo ipini eta berrasmatzen dituzte larritasunezko testuinguruetan. Haien bulkada eraldatzaileaz, lan hauek etsipen materialari erantzuten diote. Haien modura, esperantza suspertzeko saiakerak dira.