Edukira zuzenean joan

Allora & Calzadilla. Farmazia tropikala

Iruzkinak

Allora & Calzadilla. Farmazia tropikala

Ongi etorri Allora & Calzadilla: Farmazia tropikala erakusketara. Jennifer Alloraren eta Guillermo Calzadillaren hiru bideo dituzu ikusgai erakusketa honetan. Duo artistikoak San Juan hiria du egoitza, Puerto Ricon; haien obretan diziplina anitzek egiten dute bat, eta ezagunak dira kulturaren, historiaren, geopolitikaren, artearen eta ingurumenaren artean dauden harreman konplexuak lantzen dituztelako. Eskultura, bideoa, performancea eta soinua bateratuz, Alloraren eta Calzadillaren lanek osagai probokatzailea eta subertsiboa dute batzuetan, eta etengabe desafiatzen dituzte globalizazioaren, kolonialismoaren eta kontsumismoaren hainbat alderdi. Hainbat bienaletan erakutsi izan dituzte lanak: Veneziakoan, adibidez, behin baino gehiagotan izan dira. Horrez gain, mundu osoko bakarkako zein talde-erakusketetan ere hartu dute parte.

Areto honetako hiru bideoek arreta jartzen dute Puerto Ricok etorkizunera begira dituen erronka erabakigarrietan, baita uharteak azken 15 urteetan Estatu Batuekin izan duen harreman kolonialean ere.

Erakusketak bi proiekzio handi aurkezten ditu txandaka, parez pare dauden bi hormetan. 2013ko Kanpaia, hondeamakina eta farmazia tropikala lana Puerto Ricoko Cidra hirian filmatu zen, AEBko enpresa baten jabetzako farmazia-laborategi abandonatu batean. Fabrika hura itxita zegoen kutsadura-gertakari polemiko baten ondoren, eta bideoa egin ostean eraitsi zen. Artelana gauzatzeko, artistek hondeamakina baten pala burdinezko kanpai handi batekin ordeztu zuten, horrek modu basatian hautsi zitzan eraikinaren hormak; hala, kanpaiaren soinuak musika-emanaldi bitxi bilakatzen du eraiste-prozesua. Hondeamakina eraldatuak hondakinak agerian utzi ahala, puertorricar ekonomia ahulari eta AEBrekiko mendekotasun-harreman neokolonial luzeari eskainitako memoria-ekitaldi bilakatzen da kanpaia.

Aretoko hormetan 2006ko Izerdi-guruinak, izerdi-lurrak lana proiektatzen da; jatorrizko izenburuan ingelesez berariaz egiten den hitz-joko traketsa bideoak aurkezten duen egoera zentzugabearen isla da. Allorak eta Calzadillak alterazioaren eta urruntasunaren ideiekin jolasten dute, eta haien lanen testuinguruak espero gabeko eran eraldatzen dituzte, gaur egungo gizartea arautzen duten harreman eta ordenak zalantzan jartzeko. Aparkaleku narras batean, txerri bat dago auto baten atzeko gurpilaren ardatzean txertatuta, sutan erretzen, bertan lechonera deitzen zaion adreiluzko egitura batean. Gidariak azeleragailua zapaldu ahala, animaliak abiadura desberdinean biratzen du; bitartean, airean nahasi egiten dira keak: haragi errearena, autoaren ihes-hodiarena eta gidariak erretzen duen zigarroak sortzen dutena. Eszenan zehar, Puerto Ricoko Residente Calle 13 regetoi abeslaria entzuten da, artistek herri-hizkera baliatuz idatzitako gaztelaniazko poema bat errezitatzen. Intsektuen, saguzarren eta giza gorputzaren atalen irudi mordo bat iradokitzen ditu poemak, gizarte gainpopulatu, itxi eta itogarri baten desordena eta ankerkeria irudikatzeko: mundu distopiko bat, globalizazio armatuaren garaian. Abestiaren ingelesezko itzulpena entzun nahi baduzu, Museoaren Informazio-mahaian eska dezakezu.

Bere aldetik, telebistako pantailan Epemuga obra dago, 2007an San Juanen filmatua. 16 mm-ko filmarekin egindako 3 minutuko lana da, begiztan proiektatzen dena, eta bi palmondoren hartualdi bakarra erakusten du. Bien artean, airean, palma-hosto apurtu bat dago, kometa hari ikusezin batetik zintzilik. Hostoaren silueta aurrera eta atzera kulunkatzen da haizearekin, eta tentsio bat iradokitzen du flotatzearen eta erorketaren, edo bizitzaren eta heriotzaren artean. George urakana igaro zenetik Puerto Ricok pairatzen duen krisi ekologikoaren iruzkin alegoriko bat da lana; izan ere, ekaitz tropikal hark uharte osoan kalte katastrofikoak eragin zituen, eta zoritxarrez, berriki errepikatu da egoera, 2017ko irailak 16an irla hondatu zuen Maria urakan suntsitzailearekin.