‘Mendiak eta itsasoa’ ondoren: Frankenthaler 1956–1959
Atalak
‘Mendiak eta itsasoa’ ondoren: Frankenthaler 1956–1959
- Izenburua:
- ‘Mendiak eta itsasoa’ ondoren: Frankenthaler 1956–1959
- Erakusketa:
- ‘Mendiak eta itsasoa’ ondoren: Frankenthaler 1956–1959
- Gaiak:
- Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Kolorea | Paisaia | Mihisea | New Yorkeko Eskola | Adolph Gottlieb | Alfred Leslie | Arshile Gorky | David Smith | Georges Braque | Grace Hartigan | Jackson Pollock | Joan Miró | Joan Mitchell | Kenneth Noland | Larry Rivers | Mark Rothko | Morris Louis | Pablo Picasso | Paul Feeley | Robert Goodnough | Rufino Tamayo | Vasily Kandinsky | Willem de Kooning
- Mugimendu artistikoak:
- Abstrakzio Postpiktorikoa | Arte Garaikidea | Espresionismo Abstraktua | Espresionismoa | Kubismo Analitikoa | Surrealismoa
- Teknikak:
- Keinu-pintura | Zurgatutako kolore-orbana (Soak-Stain)
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Frankenthaler, Helen
1952an, hogeita hiru urte zituenean, Helen Frankenthaler-ek (New York, 1928) Mendiak eta itsasoa (Mountains and Sea) egin zuen, XX. mendean mugarri izan diren pinturetariko bat. Formatu handiko obra da eta geruza gardenak ditu, inprimaziorik gabeko mihisea pigmentu diluituez margotuz lortutakoak. Egileak lan honetan erabili zuen lehenengoz bere teknika berezia, hau da, olioaren eta trementina edo kerosenoaren nahastura kotoi gordinaren zuntzen gainean isurtzea, espazio atmosferikoak gogorarazten dituzten kolorezko orbanetan. Era horretara Frankenthalerrek, tradiziozko ilusionismoa saihesteaz gainera, euskarriaren lautasuna eta bi dimentsioko ingurunea nabarmentzea lortu zuen.
Mendiak eta itsasoa margolanak Frankenthalerren heldutasun estilistikoa iragarri zuen eta aldi berean agerira ekarri zituen artistak ordura arte jasoak zituen eraginak. Frankenthaler New Yorkeko Dalton School-en hasi zen pintura ikasten, Rufino Tamayo artista mexikarra irakasle zuela; gero Vermonteko Bennington College-n jarraitu zuen Paul Feeley pintorearen eskutik. Lehenengo eraginak Georges Braque-ren eta Pablo Picasso-ren kubismo analitikotik, Kandinsky-ren lehen paisaje espresionistetatik eta Joan Miró-ren ikuskari surrealistetatik etorri zitzaizkion. Arshile Gorky-ren lanak ere ondorio aipagarria izan zuen Frankenthalerrengan, Europako modernitatetik Amerikako espresionismo abstrakturako jauzia egitera lagundu baitzuen. Behin unibertsitatean graduatutakoan, 1949an, Frankenthaler New Yorkera itzuli zen eta handik gutxira abangoardiako artisten taldean sartuta zegoen. Itzal handiko arte-kritikari batekin, Clement Greenberg-ekin hasieratik izan zuen adiskidetasunak New Yorkeko Eskolako lehen belaunaldiko artista nagusietariko batzuk ezagutzeko aukera eman zion, horien artean Adolph Gottlieb, Willem de Kooning, Jackson Pollock, Mark Rothko eta David Smith. Laster, ordea, bigarren belaunaldikoak deitzen zieten artisten taldekidetzat jotzen zuten, besteak beste Robert Goodnough, Grace Hartigan, Alfred Leslie, Joan Mitchell eta Larry Rivers kide zituela. Lehenengo espresionista abstraktuen urratsei jarraituz, Frankenthaler keinu zaleago, askeago jarduten hasi zen, ohiko pintzela eta astoa baztertu arte. Pollocken eragina eta pinturari ekiteko haren teknika erradikala nagusitu ziren Frankenthalerrengan. Lurrean zabaltzen zituen mihiseak, apresturik gabe, eta pigmentua zuzenean isurtzen zien.
Frankenthalerren metodoaren originaltasunak eta materialekin egin dituen saioek eragina izan dute ondorengo belaunaldietako artistengan. Mihisearen zati handiak estali gabe uzten zituenez, argiz betetako espazio negatiboak ageri dira haren pinturetan, margotutako guneek adina pisu piktoriko dutenak. Gero, Morris Louis eta Kenneth Noland artistek hartu zuten teknika hori. Frankenthalerrek Mendiak eta itsasoa obran lehenengoz erabili zuen konbinazioa, hau da, batetik pintura diluitua (akuarelaren antzekoa) isuriz egiten zituen margo-orbanak, marra kaligrafikoen sorta kontrolatuez mugatuak, eta bestetik margotu gabeko mihise-zati handiak elkartzea, bereizgarria dute Frankenthalerren ibilbideko garai jakin bateko lanek, hain zuzen ere, erakusketa honetan ikusgai daudenek. Frankenthalerren ospea sendotuta zegoen 1959an; ordurako bere belaunaldiko artistarik berritzaileenen artean aipatzen zuten.