Edukira zuzenean joan

Mark Rothko: argizko paretak

Atalak

Isiltasuna hain da zehatza – Mark Rothko

Izenburua:
Isiltasuna hain da zehatza – Mark Rothko
Erakusketa:
Mark Rothko: argizko paretak
Gaiak:
Artea eta pertzepzioa | Ibilbide artistikoa | Kolorea
Mugimendu artistikoak:
Espresionismo Abstraktua
Artelan motak:
Pintura

XIX. mendearen bukaeran jadanik, Konrad Fiedlerrek hauxe adierazi zuen arte modernoaren teorian erabateko eragina izan zuten bere idatzietako batean: “Argi eta garbi konturatu gaitezke begiak kanpoan dauden irudiak guri eskaintzeko balio izateaz gain, pertzepzioaren ekintzaz, gure barnean bere kasa garatzeko gai den zerbait sortzen dela”. Mark Rothko (1903–1970) Espresionismo Abstraktu amerikarraren irudi gailenetako bat da eta eskaintzen dizkigun irudiek, isilpean, espazio zehaztugabeetara eramaten dute ikuslea bere kontenplazioan, espazio horietan pintorearen eta ideiaren, eta ideiaren eta behatzailearen arteko oztopoak ezabatzerantz, ikusleak biziko duen esperientzia edertasuna izanik, sentsuala eta espirituala aldi berean.

2003an, Mark Rothko jaio zeneko mendeurrena bete zenean, Basileako Fondation Beyeler-ek, artistaren seme-alaba Kate R. Prizel eta Christopher Rothkorekin lankidetzan, bere obrari soilik eskainitako areto batzuk instalatu zituen. Areto horiek bertsio zabalduan ikusi ahal izango ditugu orain Guggenheim Bilbao Museoan, pintore handi horri omenaldi hunkigarria egiteko. Erakusketa honetan biltzen diren obrek Rothkok bere sortze-lanean izan zituen etapa guztiak adierazten dituzte.

Erakusketa hogeita hamarreko hamarkadaren bukaerako eta berrogeikoaren hasierako obra sorta batekin hasten da, artistak jaso zituen lehenengo eraginak agerian uzteko, Surrealismoaren teknikak esate baterako. Berrogeiko hamarkadaren bukaerako Forma anitzekoak izeneko pintura multzoarekin, Rothkok pauso erabakigarria eman zuen bere hizkuntza artistikoaren garapenean, espazioan kokatzen dituen kolore puruetan oinarritutako pinturak itxuratzeko.

Artean helduarora iritsi zenean, Rothkok mihisearen gainazalean flotatzen ari direla ematen duten kolore biziko eremu laukizuzenen ahalmen espresiboa aztertu zuen. Konposizio horiek bere estiloaren ezaugarri bihurtu ziren eta “pentsamendu konplexuaren adierazpen sinplearen” ideala islatu zuten. Sail horretan Titulurik gabea (1952–53) pintura barne hartzen da. Guggenheim Bilbao Museoaren Bilduma Propioko maisulanetako bat da eta agerian uzten du bere izaera esperimentala, Rothko adierazpide monumental berri baterantz bideratzen ari zenekoa, bere lan guztien izaera barnekoia eta kontenplaziozkoa ahaztu gabe, ordea. Berrogeita hamarreko hamarkadaren bukaeran, bere paleta iluntzen hasi zen, kolore biziak alde batera utziz tonu gorri, granate, marroi eta beltzen alde.

Erakusketa Grisaren gaineko beltza pinturak sailarekin amaitzen da, 1970ean artista hil baino urtebete lehenago hasitakoarekin. Pintura horiek Rothkoren ibilbidearen abiaburua eta inflexio-puntua dira aldi berean, eta ez daude lehen bezala elkarren gainean ezarritako azalera paraleloez osatuta, hondo monokromo baten gainean. Formatu horizontala dute eta bi zatitan banatuta daude: behealdea, kolore grisak eta batzuetan marroiak dituena, eta goialdea, beti beltza. Batzuetan, bi azaleren artean keinuzko pintzelkadak tartekatzen dira. Hala, erdiko banalerroaren inguruan horizonte argi bat nagusitzen dela ematen badu ere, hortxe nahasten dira grisa eta beltza. Deigarria gertatzen zaigun berezitasuna hauxe da, sail honetako pintura guztiak (bat izan ezik) inguratzen dituen zerrenda zuri estua. Pinturaren muga errealetan jarritako enfasi horrek indartu egiten du koadroaren barruko efektua eta nagusitzen den sentsazioa areagotzen laguntzen du, hau da, ikusleak koadroaren barruan kolore eremu batzuk ikusi beharrean koadro bat ikustearena, bere identitatea dagokion izaera lauaren bidez sendotuta.

Aipamenak

Formei buruzkoa
Aparteko egoeran dauden elementu apartak dira.
Borondatea eta autoafirmaziorako joera bizia duten organismoak dira.
Barne-askatasunez mugitzen dira eta ezagutzen dugun munduan litekeena denari ez daukate zertan moldatu ez eta aurre egin.
Ez daukate zuzeneko loturarik ikus daitekeen inolako esperientzia zehatzarekin,
baina euren baitan organismoen printzipioa eta grina atzematen da.

Mark Rothko, Possibilities, 1. zk., 1947–48ko negua, 84. or.