Edukira zuzenean joan

Michael Snow: Zirkuitu itxia

Iruzkinak

Zirkuitu itxia

Izenburua:
Zirkuitu itxia
Erakusketa:
Michael Snow: Zirkuitu itxia
Gaiak:
Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Pertzepzioa
Mugimendu artistikoak:
Arte Kontzeptuala
Artelan motak:
Eskultura | Ikus-entzunezkoa
Aipatutako artistak:
Snow, Michael

Oraingo honetan, Film & Video aretoak Zirkuitu itxia erakusketa aurkezten du, Michael Snow artista kanadiarraren hainbat lan biltzen dituena.

“Zirkuitu itxia” esapideak gogora dakarkiguna ohiko monitore multzoa da, denbora errealean igortzen duena zaintza-kamerek aireportu, merkataritza-gune eta halako erabilera publikoko lekuetan jasotako irudia. Testuinguru horietan, zaintza-sistema bati egiten dio erreferentzia. Hemen, hitz horiek gogoetara bultzatzen gaituzte, pentsa dezagun zuzeneko transmisioak begirada nola eraikitzen duen, errealitatea irudikapenetik desberdinduz. Aldi berean, ikusiak izan gabe begiratzeko gonbitea egiten digute, voyeur delakoaren jokabidearekin.

Jazz-musikari gisa hasi zen, eta bere margolanak eta marrazkiak 1950eko hamarkadan hasi zen erakusten; baina Michael Snow-k hurrengo hamarkadan lortu zuen ospea, ikus-entzunezkoen sorkuntza lanei esker. Gauza guztien gainetik, diziplina anitzeko artista da Snow, bere lanak sortzerakoan baliabide eta material anitzen gainean duen ezagutza erabiltzen duena. Artistak berak azaltzen duenez…

Nire margolanak zinemagile batek egiten ditu, nire eskulturak musikari batek egiten ditu, nire pelikulak margolari batek egiten ditu (…) eta, batzuetan, guztiek batera lan egiten dute.

“Zinema estrukturala” delakoaren sortzailetzat jo izan da askotan. Narratiboa ez den ikus-entzunezko sorkuntza mota bat da hau, zinemaren egitura formalen ikerketa lantzen duena. Bere lanetan, film-irudiaren materialtasunean jartzen du arreta Snow-k, hau da, irudiaren iraupenean, soinuan, kolorean eta fotogramen arteko topaketan, irudikatzen den horretan baino gehiago. Era horretan, gogoeta egiten du begiradaren mekanismoen eta ikuslearen pertzepzioaren inguruan, eta ikuslea galdekatua sentitzen da, lanen protagonistatzat hartua. Hori da hemen aukeratutako lanen zentzua.

Haietako bi ikus-entzunezko sormen lanak dira. Observer izenekoak, hitzak berak adierazten duen bezala, ikusleari egiten dio erreferentzia, zuzenean. Lurrean zintaz markatutako ixa hizki handi batek bisitariari eskaintzen dio puntu horretan kokatzeko aukera, artelanaren parte bihurtuz horrela. Ixa hori kamera baten begipean dago, ikuslearen irudia denbora errealean jasotzen duena. Eta irudi hori proiektatu egiten da haren oinetan kokatutako monitorean. Horrela, ikuslearen gorputza arte-objektu bihurtzen da, irudi birsortua, bidimentsionala. Gainera, era horretan, ikusleak bere burua ikusgai antzematen du.

Snow-k Braque eta Picasso kaleen arteko izkina (The corner of Braque and Picasso streets) lana lehenbiziko aldiz aurkeztu zuenean, Àngels Barcelona galerian, toki hartara zeramaten bi kaleen arteko gurutzaketan gertatzen zena jasotzen eta igortzen zuen kamerak. Guggenheim Bilbao Museoko erakusketarako, instalazio horren aldaera bat ekarri du artistak. Bideo-grabaziorik gabeko transmisio-sistema baten bitartez, kameraren hartualdi estatikoak etengabe erakusten du eraikinaren kanpoaldeko planoa erakusketa zabalik dagoen orduetan. Horrela, lan hori “leiho digital” moduko bat da, hiriko eguneroko bizimodua bere horretan jasotzen duena, inongo iragazkirik edo inoren elkar-eraginik gabe. Baina bolumen kubiko eta errektangularren gainean proiektatzen denez, arte bihurtzen da: itxura zatikatua eta etena hartzen du, Braqueren eta Picassoren hasierako lan kubisten antzekoa; Snow-k lanaren izenburuan aipatzen ditu bi margolariak. Era horretan, artistak irudietan agertzen denari garrantzia kendu, eta irudiaren errealitate formalari ematen dio, abstrakziorako bidea zabalduz.

Beste bi lanek ere begiradari egiten diote erreferentzia, baina dimentsio eskultoriko eta kontzeptual batetik lantzen dute gaia. Ingelesezko izenburuek hots berdina izan arren, “sait”, esanahi desberdineko hitzak dira: ikuspegia eta lekua. Sight izeneko lana (Ikuspegia, euskaraz) leiho baten gainean ezarritako aluminiozko eta plastikozko egitura bat da. Eraikuntza horren bitartez, begirada zuzentzeko eta markoan kokatzeko pentsatutako objektua behatzera behartzen gaitu artistak. Bestalde, Site lana, euskaraz “lekua” esan nahi duena, altzairu herdoilgaitzez egindako pieza bat da, barnean daukan txartel idatzi batez osatzen dena. Horrela, marko gisa ere funtzionatzen duela ematen du. Baina oraingo honetan, ez du irudi bat markoan kokatzen, irudi baten ideia baizik, Snow-k berak deskribatzen duen bezala:

Bestela ere, hemen itsasoaren, olatuen irudi bat erabiltzea pentsatu nuen, baina azkenean hau erabiltzea erabaki nuen.