Edukira zuzenean joan

Sharon Lockhart. Errotazioa notazioa

Atalak

Sharon Lockhart: Errotazioa notazioa

Izenburua:
Sharon Lockhart: Errotazioa notazioa
Erakusketa:
Sharon Lockhart. Errotazioa notazioa
Gaiak:
Gizakia | Giza gorputza | Argazkigintza | Artea eta gizartea | Argia | Bolumena | Mugimendua | Perspektiba | Tamaina | Fikzioa eta errealitatea | Gogoeta | Dantza | Dantzariak | Autoezagutza
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Artelan motak:
Ikus-entzunezkoa
Aipatutako artistak:
Lockhart, Sharon

Guggenheim Bilbao Museoaren Film & Video programak mugimendudun irudiari lotutako praktika artistikoak ditu ardatz.

Hainbat bitarteko erabiliz, Sharon Lockhart (Norwood, AEB, 1964) artistaren obrek arreta berezia eskaintzen diete giza jarduerari eta hura antolatzeko moduari, nola sozialki hala indibidualki. Hain zuzen ere, haren filmek lana, kirola, haur-jolasak zein koreografia bezalako arloak dituzte aztergai, eta itxuraz sinpleak diren mugimenduen konplexutasunari eta sakontasun poetikoari heltzen diete. Lockharten obrak soilak eta aitzakiarik gabekoak dira, behaketa-ariketak, non dokumentatze hutsak agerian uzten duen mundua egon badagoela. Ikergai izaten ditu objektibotasuna eta kameraren bitartez errealitate bisualaz egiten den erreprodukzio automatizatua, eta horrek lotura zuzena du artistak egiletzaren koherentziari eta mugei ematen dien arretarekin. Horren haritik, Lockhartek Noa Eshkol (Kibutz Degania Bet, Israel, 1924–Holon, Israel, 2007) koreografo israeldarraren obra ezagutu zuenean, giza mugimendua formalki aztertzen hasi zen, eta bere lanaren lankidetza-dimentsioa ere areagotu zuen, Eshkolenaren moduko praktika polifazetikoan murgildu baitzen; hala, praktika horren interpretazioa kolektibotasunaren menpe dago hein batean.

Eshkol-Wachman Mugimendu-notazioko lau ariketa (2011) instalazioan, Ruti Sela dantzariak — Eshkolen kolaboratzaile historikoa eta haren Chamber Dance Group-eko kidea 1969tik berriki zendu zen arte— mugimendu neurtuak egiten ditu berdin-berdinak diren lau bolumen grisen artean. Bolumen horiek Lockhartek diseinatuak dira, dantzaria ariketa bakoitzean mugitu ahala haren gorputzak hartzen duen espazioaren erreferentzia gisa. Bolumenok ezberdin jarrita ageri dira dantzetako bakoitzean, eta haien neurriak bat datoz dantzariaren tamainarekin. Lockharten obrako ekintzen segida zainduak Eshkolek eta Avraham Wachman arkitektoak 1958an garatu zuten notazio-sistema irudikatzen du. Sistema hori gorputz baten balizko mugimendu guztiak jasotzeko gai den metodo zorrotza da, gaur egun oraindik erabiltzen dena koreografia-jarraibideak emateko, animalien mugimendua aztertzeko eta portaeraren alterazio batzuen diagnostikoa egiteko. Digitu eta sinbolo sorta bat ez ezik, Eshkolek eta Wachmanek eredu esferiko batzuk ere erabili zituzten; eredu haiei esker, giza gorputzeko artikulazioen eta gorputz-adarren errotazio posibleak jaso zitezkeen. Esfera horiek Lockharten Erreferentzia-sistemako orbiten ereduak: Eshkol-Wachman Mugimendu-notazioaren Sistema (2011) argazki-sailean ageri dira, eta serie horretako argazki batzuk areto honetan daude ikusgai. Sare-begi metalikoz egindako zenbait forma koniko burdin hariz egindako egitura esferiko baten barruan jarri dira, eta keinu batek espazioan egiten duen ibilbidea irudikatzen dute. Hori bideoko protagonistaren ekintzarekin lot daiteke, haren mugimenduek Eshkolen partituretako zenbait sekuentzia gorpuzten dituzten heinean. Soilak eta bereziak dira dantzariaren bilakaerak, eta haren gorputz-adarren ibilbidea marraztuz doaz, bere diziplinaren espazio-aukerak arakatu ahala.

Erakusketa hau Guggenheim Bilbao Museoaren, Thyssen-Bornemisza Art Contemporary-ren (TBA21) eta The Wellbeing Project-en arteko elkarlanaren emaitza da.