Edukira zuzenean joan

Monira Al Qadiri. Laurden sakratua

Iruzkinak

[Laurden sakratua]

Guggenheim Bilbao Museoaren izenean, ongi etorri Film & Video espaziora.
 
Aretoaren barruan, Laurden sakratua izeneko bideo- eta eskultura-instalazioa izango duzu ikusgai, Berlinen bizi den Monira Al Qadiri artista kuwaitarrarena. Izenburuak munduko basamortu-eskualde handienari egiten dio erreferentzia: Rub al-Jali edo “Laurden hutsa” izenez ezagutzen den parajea, Saudi Arabiaren, Omanen, Arabiar Emirerri Batuen eta Yemenen artean kokatua. 
Al Qadiriren lanak Harry St. John Philby esploratzaile britainiarraren kontakizuna hartzen du inspirazio gisa, zeinak Arabiako penintsulako basamortu handi hori zeharkatu baitzuen 1930eko hamarkadan, Ubar hiri galduaren hondakinen bila. Koranaren arabera, Jainkoaren haserreak suntsitu zuen hiri hura. Bidaia hartan, gure planetan inoiz eroritako meteorito handienetako baten inpaktuaren arrastoak topatu zituen esploratzaileak. Gaur egun, inguru hori leku pribilegiatu bilakatu da milioika urteko fosilak aztertzeko, eta hamaikatxo paraje mitiko topa daitezke bertan. 
Wabarreko meteoritoak eragindako kraterrean, Monira Al Qadirik «Wabarreko perla» deiturikoak ezagutu zituen: harri beltz eta distiratsu ederrak, meteorito handiak hondarretan eragindako talkaren ondorioz sortuak. Eta haiexetan oinarrituta sortu zuen instalazio honen parte diren beira beltzezko eskulturen multzoa. 
Perla erraldoien antzeko formek beste garai batzuk ekartzen dizkigute gogora, zeinetan harribitxiak urpean bilatzea baitzen Kuwaiteko industria nagusia. Eskulturen koloreak, berriz, petrolioaren tonu bereizgarria gogorarazten du. Laurden sakratua bideoan, kristal beltzezko eskulturak dira narratzaile, ordenagailuz sortutako ahots baten bitartez. Badirudi haren bidez Wabar meteoritoaren espiritua pertsonifikatzen dela, eta artistak mezulari-rola ematen diola orain milaka urte Lurrera eroritako entitate kosmiko hari. 
Hauxe azaltzen du Al Qadirik: «Denbora luzea daramat perlen eta petrolioaren estetika lantzen, eta Golkoko petroliogintza aurreko eta osteko garaiak erlazionatzen saiatzen naiz. Batez ere, perla-arrantza zelako industria nagusia, petroliogintzaren aurretik. Eskultura horiek orainarekin eta etorkizunarekin uztartzen dute iragana; petrolioaz eta haren erauzketaz hitz egiten dute, ekonomiaz eta ekonomia garatzeko moduaz. Petrolioak bat-batean eta modu erradikalean aldatu zuen eskualde honetako kontakizun historikoa». 
Espazioa eta denbora zeharkatzen dituen amets-irudietan, Monira Al Qadirik Mendebaldeko modernitatetik eta kolonialismotik haratago doazen ideiekin egiten dio aurre ikusleari; diziplinarteko obra bat sortzen du, eta modu kritikoan jorratzen ditu arazo globalak hizkuntza poetikoaren, irudiaren eta musika-sorkuntzaren bidez. 
Monira Al Qadiri Kuwaiten hazi zen. Umetan Japoniara joan zen bizi izatera, eta, ondoren, Libanora. Azkenik, Alemanian bizi da gaur egun. Kuwait nazio-estatu gaztea eraldaketa bete-betean zen garaian iritsi ziren adin nagusitasunera artista eta haren belaunaldia. Izan ere, munduko zibilizazio zaharrenetako baten parte izatetik petrolio-industria menderatzera igaro zen, zeina modu masiboan bultzatu baitzen hirurogeiko hamarkadatik aurrera, gaur egungo munduko esparru geopolitikoan eragile nabarmena izatera iritsi arte. Ibilbide artistikoaren hasieratik, Monira Al Qadirik aztergai izan ditu oparotasunak, errepresio politikoak, petrolio-gerrek, erlijio-sinesmenek eta pentsamendu magikoak eragindako nahastea eta kaosa.