Edukira zuzenean joan

Lynette Yiadom-Boakye. Halako ilunabar bizirik

Atalak

Lynette Yiadom- Boakye. Halako ilunabar bizirik

Lynette Yiadom-Boakye (Londres, 1977) artista eta idazle britainiarra zorion, konplizitate eta bakardade uneetan irudikatzen dituen pertsonaia atenporalen margolanengatik da ezaguna. Olio-pinturazko obra oparoak sortzen ditu mihisearen edo liho landugabearen gainean, eta, pintzelkada soltez, fikziozko pertsonaiak irudikatzen ditu, atzean aparteko hondoak dituztela. Artistak ez ditu hezur-haragizko modeloak erabiltzen; aitzitik, hainbat iturritatik tiraka osatzen ditu figurak; adibidez, ebakinak, marrazkiak, oroitzapenak eta eguneroko bizitzako behaketa hartzen ditu oinarri gisa. Jantziei, zapatei (edo haien gabeziari) eta bestelako xehetasunei erreparatu arren, ez da posible pertsonaiak denbora eta espazio zehatzetan kokatzea. Margolanek, bada, gelditu eta arretaz behatzera bultzatzen gaituzte, artistak ehundutako fikziozko kontakizun piktorikoetan barneratzera. Lanen izenburu poetikoek gogoeta eragiten dute, eta ideia bat indartzen dute: margolanen interpretazioa, neurri handi batean, behatzailearen irudimenaren araberakoa dela, alegia.

Halako ilunabar bizirik erakusketak 2020 eta 2023 bitartean egindako margolanak eta ikatz-zirizko marrazkiak biltzen ditu: jendaurrean lehen aldiz ikusgai jarriko diren 70 obratik gora. Horrenbestez, giza esperientzia islatzen duten margolan iradokitzaileak lantzen dituen artistaren jardunaren haria ezagutzeko aukera bikaina eskaintzen digu erakustaldi honek. Azken aldian, ikatz-zirizko marrazkietara itzuli da Yiadom-Boakye, eta teknika horren eskala intimoak eta inprobisazio-itxurak berehalakotasun-kutsua ematen die irudi horiei. Marrazkiak eta margolanak elkarren aldamenean ikusita, argi geratzen da artistak berebiziko abileziaz jorratzen dituela euskarri ezberdinak.

Honako erakusketa hau Lynette Yiadom-Boakyeren marrazkien eta margolanen artean gertatzen diren hartu-emanei erantzuteko sortua da. Lau aretok osatzen dute, eta bisitaldia horietako edozeinetatik has daiteke; ibilian-ibilian, Halako ilunabar bizirik erakusketak bereizgarri dituen trazuak, keinuak eta hausnarketak ikusi ahalko dituzte bisitariek. Gainera, playlist bat izango dute eskuragarri, artistak berak erakusketarako berariaz aukeratutako kantuz osatua lanerako inspirazio dituen iturriei buruzko testuinguru zabalagoa eskaintzeko helburuarekin.