Edukira zuzenean joan

Marine Hugonnier: Landa-txostenak

Audioa

Marine Hugonnierren praktikak aztergai hartzen du errepresentazio artistikoaren konbentzioek zein modutan transmititzen dituzten ideologia politikoak, eta berak “begiradaren politika” deitzen duena ikertzera bideratzen du artistak bere lana. Hala, irudien sorkuntzak berarekin dakartzan boterearen, kolonialismoaren, kapitalismoaren eta patriarkatuaren atzean ezkutatzen diren mekanismoak argitzea du helburu. Hugonnier antropologoa da formazioz, eta gure begirada itxuratzen duen kultura-esparrua deseraikitzea bilatzen du, hura alienatzailea ez den esparru askatzaileago batekin ordezkatzeko.

Erakusketa honen elementu nagusia Meadow Report (edo Larre-txostena) izeneko filma da, zeina areto nagusian baitago ikusgai. Hugonnierren obra hori Claude Monetek Frantziako Giverny udalerrian zuen etxean filmatuta dago, eta hantxe margotu zituen maisu inpresionistak ere bere igebelar edo nenufare ospetsuak, kataraten ondorioz ikusmena egunetik egunera galtzen ari zen garaian margotu ere.

Filma egiteko, Hugonnierrek urmaelaren erdian ipini zuen kamera ilunabarrean, eta kokaleku horrek lorategi ospetsuaren ezohiko ikuspegia eskaintzen digu. Filma zinema-bobina oso bat, hau da, 122 metro pelikula betetzen dituen hartualdi bakarrean egina da. Irudietan nenufar-hostoen ingeradak ageri dira, bai eta Moneten zubi berde ospetsua ere, harik eta artistak kameraren objektiboa kentzen duen arte; orduan, pelikula ingurunearen esposiziopean geratzen da zuzenean, eta lenterik gabe erregistratzen du lorategiko ekosistema. Prozesu horrek irudi abstraktu bat eman du, zeinak udako gau lasai bateko argi distiratsuak eta lorategian diren izaki guztien mugimenduak jasotzen baititu.

Ingurumena larriki hondatzen ari den garaiotan, filma ikuspegi horretatik begiratzera gonbidatzen gaitu obraren izenburuak, izan ere, erreferentzia zuzena egiten dio klima-aldaketari buruz argitaratu zen lehenengo dokumentuetako bati, “Meadows txostena” deritzonari, alegia. Txosten haren izen ofiziala Hazkundearen mugak zen, eta 1972an argitaratu zuen Erromako Kluba izenez ezagutzen den aditu-talde batek. Gizarte kapitalista modernoetako hazkunde ekonomiko neurrigabeak ekarriko zituen ondorio suntsitzaileak aurreikusi zituen ordenagailu bidezko lehen azterketa jaso zuen agiri hark.

Philippe Descola antropologoarekin berriki izandako elkarrizketa batean, Hugonnierrek bere filmaren inplikazioak aipatu zituen, eta, ildo horretan, hauxe adierazi zuen:

Meadow Report edo Larre-txostena obraren gaia ez da paisaia, baizik eta bestelako irudi-erregimen bat sortzea; bestelako begirada bat bilatzea. Berriro definitu nahi dut geure buruaz ezagutzen dugunaren muga, geure baitan desberdintzat ulertzen dugun horrena”.

Erakusketaren sarreran, Hugonnierren Biharrerantz lana dago ikusgai, 2001ekoa. Alaskako kostaldean ateratako argazki baten eskala handiko erreprodukzioa da; argazkia Bering itsasartearen alde estatubatuarretik Siberiara begira eginda dago, eta toki horretantxe dago, hain zuzen ere, data-aldaketa definitzen duen nazioarteko lerroa; irudizko lerro horrek, beraz, haren alde batera eta bestera data ezberdina dela adierazten du. Puntu horretan, 65 kilometro baino ez daude AEBren eta Errusiaren artean. Alabaina, konbentzio horren ondorioz, Siberia Alaska baino 24 ordu aurretik dago ordu-ardatzean. Aztergai dugun argazkia, horrenbestez, etorkizunaren irudi bat da, Hugonnierrek azaltzen duen bezala:

“Lan honetan erabat kontraesanean erortzen naiz argazkigintzarekin. Argazki bat ateratzerakoan, gaia beti geratzen da iraganean. Argazkigintzak badu zerbait magikoa; izan ere, iragana berriro ekar dezakezu orainera. Biharrerantz lanean, ordea, kontrakoa egiten dut”.

Gune honen beste aldean Hugonnierren 2015eko film bat dago ikusgai: Desira ez da gauza handirik, baina hala ere... Lan horrek Antzinate klasikoko Hermafrodita lotan hartzen du aztergai, zeina Parisko Louvre museoari baitagokio gaur egun. Greziar mitologian, Afrodita eta Hermes jainko-jainkosengandik jaioa da erdi emakumea eta erdi gizona den Hermafrodita pertsonaia. Eskultura II. mendekoa da, eta XVI. mendearen hasieran aurkitu zuten Erroman. 1620an, Gian Lorenzo Bernini eskultore italiarrak estilo errealistako harrizko koltxoi bat zizelkatu zuen, eta haren gainean jarrita dago gaur egun estatua.

Hugonnierren film horretan, kamera poliki-poliki mugitzen da, eta lehen planoan aurkezten ditu Hermafroditaren aurpegia eta gorputza, eskulturaren biribilguneak erakutsi ahala, oinetatik burura eta alderantziz. Figuraren gorputz-atal batzuk animatuta ageri dira, eta, ondorioz, badirudi arnasa hartzen ari dela. Hugonnierrek koloretako sekuentzia labur batzuk txertatu ditu filmaren barruan, zeina jarraitua eta zirkularra baita berez, zuri-beltzean egina. Kolorezko distira horiek izar bat osatuz mugitzen den arrain-multzo bat erakusten dute, baita animalia bat irensten ari den hiena-talde bat eta Berlingo Harresiaren erorketa ere. Filma Hermafroditaren desioa zer izan zitekeen ikusarazteko ahalegin bat da, gorputz berean genero bat baino gehiago izateak eman bide zion osotasun hori sentitzean zer irrikatu daitekeen begiztatzeko saiakera. Era berean, obrak zalantzan jartzen du publikoaren ikuspuntua, eta galdera hau planteatzen du: izan ote liteke genero-aurreiritzirik gabeko begiradarik?