Edukira zuzenean joan

Javier Téllez. Itzal-antzerkia

Iruzkinak

Itzal-antzerkia

Bilbao Guggenheim Museoko 103 Film & Video aretoak Itzal-antzerkia erakusketa aurkezten digu, Javier Téllez artistaren bi lan hartzen dituena. Venezuelan jaio eta New Yorken bizi da artista, eta bideoinstalazioaren arloko izenik garrantzitsuenetakoa izan da azken hamarkadetan.  

Bere lanetan, Téllezek gogoeta egiten du mugimenduan den irudiaren historiaren inguruan: lengoaia edo zeinu-sistema bezala aztertzen du, baina baita esparru sozial gisa eta arau, protokolo, arautegi eta egitura multzo gisa ere, horiek batzuetan itogarriak gertatzen baitira. Beharbada artista honen lanen ezaugarri berezienetakoa da lan guztietan lankidetza sistematikoa planteatzen duela pertsona multzo batekin. Talde hori hainbat arrazoirengatik gizartearen bazterrean bizitzera behartuak dauden pertsonek osatzen dute, dela osasun-arazoren batengatik (esaterako, gaixo psikiatrikoak), dela zentzumenen ezgaitasun batengatik (itsuak, gorrak) edo euren izaera politikoa dela-medio. Azken hori da, hain zuzen ere, orain Guggenheim Bilbao Museoan aurkezten diren lanak egiterakoan artistarekin lankidetzan aritu ziren errefuxiatuen kasua. Suitzan babes politikoa bilatzen zuten pertsona horiek milaka gizakik bizi duten egoera gorpuzten dute, ideologia dela medio jazarriak direlako, edo gerran etxea galdu eta euren herrietatik alde egin dutelako, eta muga ugari zeharkatu behar izaten dituztelako, euren bizitza erbesteratu gisa egiten jarraitzeko aukera ematen dien herrialde bat topatu arte.     

103 aretoko instalazioak espazio berean uztartzen ditu ia aldi berean eta Zuricheko Kunthaus etxearen aginduz 2014an Suitzan egindako bi pieza. Bourbaki Panorama lanean, pertsona-talde bat —errefuxiatu politikoz osatua— zirkuluan ibiltzen da historia europarreko margolan panoramikorik garrantzitsuenetako baten inguruan. Luzerna hirian ikusgai dagoen kultur monumentu handi horretan, 87.000 soldadu frantziarren ihesaldia kontatzen da; izan ere, armada prusiarraren garaipenaren ostean, Alpeetan zehar babes bila abiatu ziren. Gertaera hura Suitzaren neutraltasun ezagunaren eta babesleku izaeraren hasierako mugarritzat jotzen da. Mural panoramikoaren inguruan biraka dabiltzala, badirudi Téllezen piezaren protagonistak gogoeta egiten ari direla erbesteratuaren etengabeko migrazioaz. Haiekin batera, aurrera egiten du objektu batek: Giacometti-ren Eskua (1947) lanaren jatorrizko brontzea da. Migratzaileek panoraman zehar egiten duten bidaia zirkularrean garraiatzen duten pieza horrek irakurketa-aukera asko zabaltzen ditu: migratzailearen bazterreko eginkizunari eta lan-esku funtzioari buruzkoa, babes-lekuaren historiatik eta patrimoniotik baztertuak izateari buruzkoa. Baina aldi berean, eszena bitxi horrek pentsarazi egiten du artelanari berari buruz: hori ere objektu migratzailea da, museoan babestua dago kanpoko munduaren gatazketatik, eta hain zuzen ere gatazka horiek dakarzkigute gogora Giacomettiren lanaren forma urragarriek: beso mehar eta hauskorra, hatzapar luze eta zurrunak. Antzezleekin eta eskulturarekin batera, kamera ere biraka dabil travelling biribil etengabean.   

Pantailaren bestaldera igarota, ibilbide nolabait ere biribila eginez orain ere, Itzal-antzerkia lanarekin topo egiten du bisitariak. Bourbaki Panorama lana bezala, 35 mm-ko film mutua da hau ere, baina kasu honetan irudiak zuri-beltz hutsezkoak dira, tarteko gris gutxi ikusten dela. Antzezleen itzal proiektatuek —aurreko lanean bezala Suitzako errefuxiatuen komunitateko kideak orain ere— bizitzan eraman duten ibilbide gogorra kontatzen dute, modu enblematikoan batzuetan, eta metaforikoan besteetan. XIX. mendeko panoramak bezala, itzal-antzerkia zinematografoaren aurrekarietako bat da, gizateriaren historian milaka urte lehenago sortu bazen ere. Migratzaileek euren eskuez eta gorputzez kontatzen dituzten istorioen harira, erbesteratzearen antzina-antzinako arketipoak irakur ditzake ikusleak: suntsipena, zapalkuntza, zentsura, miseria eta heriotza. Beste behin ere agertuko da, testuinguru honetan, Giacomettiren Eskua, oraingo honetan igeltsuzko formatu hauskorrago batean. Itzal-antzerkiko antzezle bihurtua, hainbat eszenatan ageri da obra hori bere silueta izugarriarekin, hemendik hara mugitzen, eskultura mugiezinaren ideia eraldatzeko. Mehatxagarria eta hauskorra izanik, Eskua narratzaile ere bihurtzen da, eta aldi berean eraldatu egiten du, profil berezi horrekin, itzal-antzerkiaren abstrakzioa eta unibertsaltasuna.