Edukira zuzenean joan

Artschwager, Richard

Washington, D.C. (AEB), 1923 | Albany, New York (AEB), 2013

Artschwager, Richard

Artschwager, Richard

DOKUMENTUAK IKUSI

Biografía

1923an jaio zen Richard Artschwager, Washington D. C.n, eta 2013an hil, Albany-n (New York). 1948an Cornell-eko Unibertsitatean (New York) lizentziatu ondoren, eskolak hartu zituen abstrakzioaren aitzindarietako batekin: Amédée Ozenfant artistarekin. 1950eko hamarkadaren hasieran, Artschwagerri zurgintza interesatzen hasi zitzaion, eta altzari xumeak egin zituen. Hamarkada haren amaieran suak haren tailerra hartu eta suntsitu egin zuen. Ondorioz, zakarretara botatako material industrialak erabiliz hasi zen eskulturak egiten, eta, gero, pintura, marrazketa, kokapen zehatzeko instalazioak eta argazkilaritza ere sartu zituen bere jardunean.

Artschwagerren lehenengo erakusketa 1959an izan zen, New Yorkeko Art Directions Gallery delakoan, eta, ondoren, 1965etik aurrera Leo Castelli galerista aitzindariak eskaini zizkion banakako erakusketa ugariak etorri ziren. Hona hemen artistaren mende erdiko ibilbideari eskainitako atzerabegirako garrantzitsuetako batzuk: Up and Across Alemaniako Nuremberg hiriko Neues Museoan; Vienako Museum für angewandte Kunst (MAK) museoan egindakoa (2002); Suitzako Kunstmuseum Winterthur museokoa (2003); Painting Then and Now erakusketa, Museum of Contemporary Art-en, Miamin (2003); Up and Down/Back and Forth, Berlingo Deutsche Guggenheimekoa eta New Yorkeko Whitney Museum of American Art museoak antolatutakoa Richard Artschwager! (2012).

Artschwagerrek bide bitxia egin zuen artearen munduan 1950eko hamarkadaren hasieratik XX. mendearen hasierara arte: espazioaren eta hura osatzen duten eguneroko objektuen asimilazio bisuala zerbait arrotza eta ezezaguna bihurtu zuen. Haren lanean (bai piktorikoa, bai eskultorikoa), intxaurrondo-zuraren bilbea imitatzen duen formikazko taula anonimo bat objektu horixe da, baina baita zurezko plano baten irudikapena ere; mahai bat eta aulki bat altzariak, eskulturak eta irudiak dira aldi berean, eta margolan edo eskultura bat “irudi-anitza” izan daiteke, edo “hiru dimentsioko natura hila”. Irudien mundua —zeinak zentzumenen bidez antzematen baitira— eta objektuen mundua —zeinak fisikoki hautematen baitira— behatzaile gisa dagokigun espazioan uztartzeko asmoz, Artschwagerrek lehen planoan kokatu zituen pertzepzioaren egiturak.

Parte hartutako erakusketak

Richard Artschwager
2020ko otsailak 29 - 2020ko abuztuak 23