Edukira zuzenean joan

Richard Artschwager

TAG_Tirudiak_VALUE TAG_Tirudiak_VALUE TAG_Tirudiak_VALUE TAG_Tirudiak_VALUE TAG_Tirudiak_VALUE TAG_Tirudiak_VALUE
Izenburua:
Richard Artschwager
Data:
2020ko otsailak 29 - 2020ko abuztuak 23
Komisariotza:
Germano Celant eta Manuel Cirauqui
Erakusketa mota:
Banakakoa
Gaiak:
Artea eta espazioa | Artea eta umorea | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Erabilgarritasuna | Geometria | Materiala | Celotex | Formika | Zurda kautxuztua | Diseinua | Altzariak | Germano Celant
Mugimendu artistikoak:
Arte Abstraktua | Arte Garaikidea | Minimalismoa | Pop Artea
Erakusketa birtuala:
https://www.guggenheim-bilbao.eus/eu/erakusketak/richard-artschwager

Erakusketa honetan Richard Artschwager-en (Washington, D. C., 1923–Albany, AEB, 2013) sorkuntza-ibilbidea aztertzen da. Artschwagerrek pinturaren eta eskulturaren artean egin zuen lan, eta hizkuntza berezi bat garatu zuen bere garaiko etxeko material berrietatik abiatuta. Germano Celant komisario ospetsuak prestatu du proiektua, eta Guggenheim Bilbao Museoak eta MART – Museo di arte moderna e contemporanea di Trento e Rovereto museoak antolatu dute. Proiektuak ia 70 obra biltzen ditu, eta baita oso gutxitan erakutsi diren artxiboko material eta dokumentuen sorta zaindu bat ere.

Labirinto ireki bat balitz bezala diseinatua dago erakusketa, eta Artschwagerren obrako alderdi nagusiak jartzen ditu agerian. Lanen multzo zabala dakar, hirurogeiko hamarkadaren hasieran egindakoetatik XXI. mendeko lehenengo hamarkadan egindakoetara; hain zuzen ere, zurezko obra goiztiarrak, formikazko egiturak eta Celotex gaineko margolanak, nylon-ilezko eskulturak eta “izkinako obrak”, zaldi-zurdaz egindako piezak, eta blp izenekoak (1968an hasi zen artista blp izeneko esku-hartzeak egiten, banaka edo seriean, barnealde espezifikoetan edo hirigune osoetan).

Artschwager ebanista izan zen bere ibilbide profesionalaren hasieran, eta oso garrantzitsua izan zen aldi hura. Beti nahi izan zituen elkartu figurazioa eta abstrakzioa, diseinua eta berrikuntza artistikoa, eta, ironikoa bada ere, gauza funtzionalak eta alferrikakoak konbinatzen saiatzen zen.

Bere pinturaren eta eskulturen bidez, Artschwagerrek ibilbide berezi bat proposatu zuen, eta eskulana eta industrializazioa konbinatu, espazioa eta bertako objektuak eta izakiak barnean hartuz. Artistak tokiak, eguneroko bizitzako eszenak eta altzari arruntak (mahaiak, aulkiak, armairuak, etab.) irudikatzen zituen, eta berrinterpretatu egiten zituen material industrial arruntak erabiliz; besteak beste, formika, Celotexa, pintura akrilikoa eta kautxuz estalitako zaldi-zurdak. Halaber, forma geometriko purua aztertu zuen, batez ere eskulturetan; abstrakzioan murgildu zen, eta irudi trinkoak erabili zituen nolabaiteko ilusionismo piktorikoa irudikatzeko.

Estilistikoki, Artschwagerrek berariazko anbibalentzia erabili zuen, oso bereizgarria, eta hala, aurre egin zion minimalismoa edo pop artea bezalako joeren dogmatismo ikonografikoari. Ematen zuen azken horiek elkarren aurkako antagonismoa defendatzen zutela nolabait, baina Artschwagerrek, kontrakoen arteko gatazkei lekua utzi ordez, sintesia bilatu zuen; elementu eta aukera guztiak sartu zituen, oso ezberdinak izanda ere, eta integratu egin zituen. Adierazi zuenez, “gauza arrunten eta artelan gisa hautematen ditugun gauzen arteko muga interesatzen zait batez ere”.

Artschwagerren obrak etengabe jartzen ditu zalantzan itxura eta funtsa, eta ontologiaren, epistemologiaren eta estetikaren esparru filosofikoetan murgiltzen da zorroztasunez eta adimenez. Horri esker, munduaren interpretazio fina eta errealista, umoristikoa eta, aldi berean, monumentala eskaintzen du.