Edukira zuzenean joan

Filiger, Charles

Thann (Frantzia), 1863 | Brest (Frantzia), 1928

Filiger, Charles

Filiger, Charles

DOKUMENTUAK IKUSI

Biografía

Charles Filiger-ek pintura ikasketak egin zituen Parisko Académie Colarossi-n, baina 1880ko hamarkadaren amaieran Britainiara erretiratu zen, garai hartan jatorrizko misterioaren gordelekutzat jotzen baitzen modu idealizatuan, modernitatea oraindik ere heldu ez zen tokitzat. Filiger erakarrita sentitu zen Paul Gauguinen zirkuluan zebiltzan artistekin, lehendabizi Pont-Aven-en eta, gero, Le Pouldu-n. Pont-Avengo eskolako beste margolari batzuek bezala, Filigerek bere egin zuen Sintetismoa, Erdi Aroko edo “antzina”ko estetika bat imitatzen zuen estiloa, eta kolorezko azalera lauen eta lerro bihurrien bitartez ematen zuen aditzera esanahi espirituala. Filigerren teknika gogokoena ur-kolorea zen, itxura matea zuelako eta, ondorioz, irudien funts sintetikoa nabarmentzen zuen. Herensuge-txori enblematikoa edo Irudi sinbolista (Oiseau-dragon emblématique ou Image symboliste, ca. 1900, 77. or.) artelanaren forma sinplifikatuak eta apaingarri izaerak bi eragin ematen dituzte aditzera: grabatu bretoi herrikoiak eta Filigerrek Alsazia jaioterrian oihal-marrazkilari gisa jasotako heziketa.

Filiger erlijio-sinismen sakonekoa zen eta, 1890eko hamarkadan, soseguzko espiritualtasunez betetako paisaiak pintatu zituen, baita Familia Sakratuaren irudiak eta santuen beste irudi batzuk ere; horiek berriz agertu ziren 1900 urte inguruan hasi zuen Ohar kromatikoak (Notations chromatiques) seriean, simetria handiko konposizio koloretsu eta geometrikoekin eratutakoa. Emakume gaztea otoitzean atzealdean paisaia duela (Jeune femme priant sur fond de paysage, ca. 1903, 76. or.), Andra Maria edo Joana Arc-ekoaren irudikapena ere izan daitekeena, artelan multzo horretakoa da.

Artelan horien lerro nabarmenduek eta bi dimentsioko izaerak hurbildu egiten dituzte Erdi Aroko eta Bizantzioko beirate eta cloisonné esmalteetara; hain zuzen, kloisonismo hitza Pont-Avengo eskolako artelan mota hori definitzeko erabili zen. Emakume gaztea lanak Filigerrek trecento eta quattorecentoko italiar maisuei zien mirespena ere erakusten du. Bizitzaren azkenetan, artistak uko egin zion kristautasunari eta sinismen sistema politeista baten ideia humanistei lotu zitzaien.

Parte hartutako erakusketak

Paris, mende amaiera: Signac, Redon, Toulouse-Lautrec eta garaikideak
2017ko maiatzak 12 - 2017ko irailak 17