Edukira zuzenean joan

Ranson, Paul

Limoges (Frantzia), 1861 | Paris (Frantzia), 1909

Ranson, Paul

Ranson, Paul

DOKUMENTUAK IKUSI

Biografía

Paul Ranson-ek Frantziako Limoges hirian egin zituen arte ikasketak. 1886an, Parisera lekualdatu zen, eta Académie Julianen ibili zen. Han, garai hartan nagusi zen Naturalismoari uko egin eta antzera pentsatzen zuten artistekin batera, nabien taldea sortu zuen 1888an. Korronte horretako artistek konposizio murriztaileak, kolore sorta purua eta Paul Gauguinek Pont- Avenen egindako obra sintetikoaren eduki sinbolista, baita japoniar grabatuen arau erradikalak ere, baliatu zituzten. Ransoni gai esoterikoak interesatzen zitzaizkion, bere kide Paul Sérusier-i bezala, eta okultismo, mistizismo eta teosofiaren inguruan arakatzen hasi zen. Joera horiei jarraiki, taldea jarduera erritualetan parte hartzera animatu zuen Ransonek, bere etxebizitzan egiten ziren astean behingo bilkura batzuetan, adibidez. Bere apartamentuari “tenplua” deitu zioten, eta Montparnasse bulebarreko 25. zenbakian zegoen.

Ransonen lehendabiziko artelanek gai espiritualak esploratzen dituzte, ekialdeko zein mendebaldeko erlijiozko erreferentzia sinkretikoen bitartez. Bere eszena basatietan fantasiako elementuak daude maiz, sorginak edo faunoak, esaterako. Soilunea edo Basoaren ertza (La clairière ou L’orée du bois, ca. 1895, 99. or.) artelanean, kolore ez-naturalistek eta forma bihurriek ametsezko baso bat gogorarazten dute, ez basa-paraje soil bat. Beste nabi batzuek bezala, Ransonek konpromiso bat hartu zuen dekorazio-arteekin (Erdi Aroko gremioen antzeko artista-talde bat sortu nahi zuen) eta, pintatzeaz gain, tapizak zein eszenografiak diseinatu eta grabatuak ontzen zituen. Tristura! edo Zeloak (Tristesse! ou Jalousie, 1896, 100. or.) litografiako uhin lerroek eta emakume estilizatuek Art Nouveauren dekorazio-estetikaren eragina dute. 1908an, Ransonek Académie Ranson sortu zuen nabien teoriak eta teknikak gordetzeko asmoz; hura zabaldu eta hurrengo urtean, ordea, bat-batean hil zen eta emaztea hasi zen eskola zuzentzen, eta nabi izandako artistek (taldea 1890eko hamarkadan desegin zen) irakasle moduan lan egin zuten bertan.

Parte hartutako erakusketak

Paris, mende amaiera: Signac, Redon, Toulouse-Lautrec eta garaikideak
2017ko maiatzak 12 - 2017ko irailak 17