Edukira zuzenean joan

Roussel, Ker-Xavier

Lorry-lès-Metz (Frantzia), 1867 | L’Ètang-la-Ville (Frantzia), 1944

Roussel, Ker-Xavier

DOKUMENTUAK IKUSI

Biografía

Ker-Xavier Roussel-ek Parisko Lycée Condorcet-en egin zituen ikasketak eta, bertan, Maurice Denis eta Édouard Vuillard artistak ezagutu zituen. Geroago, Parisko Académie Julien-en ere ibili ziren hirurak. 1889an, Rousselek akademia utzi zuen nabiekin bat egiteko. Talde horrek Paul Gauguinen Sintetismoa, japoniar artea eta beste iturri batzuk bereganatu zituen, eta sinbolismoz, ingerada estilizatuz, forma murritzez zein diseinu erritmikoz betetako konposizio lauak eratu zituzten. Beste nabi batzuk bezala, Roussel kaballeteko pintura gainditzen saiatzen zen, baita diziplina desberdinak dekorazio-artearen erabateko uztarketan bateratzen ere; horrenbestez, askotariko bitartekoak erabili zituen, litografietatik hasi eta beirateetaraino. Txakurra bezatzen (L’éducation du chien, 1893, 119. or.) bere ibilbidearen hasierako fase batekoa da. Irudia bi dimentsiokoa den arren, bigarren planoko giza irudien eskala txikiak espazioan aldea dagoela adierazten du edo, beharbada, denboran. Familia bizitzako eguneroko eszenak nabien ezaugarriak dira. Litografia hau 1893an sortu zuen, Roussel Marierekin (Vuillarden arrebarekin) ezkondu zen urte berean. 1890eko hamarkadaren erdialde eta amaiera aldera, nabien taldea desegin egin zen. Roussel eta bere familia 1899an L’Étang-la-Villera lekualdatu ziren, Paris kanpoaldera. Toki horretako paisaia naturalak eta, gerora, Frantzia hegoaldera egin zituen bidaiek izaki mitologikoz betetako pastoral eszenak iradoki zizkioten artistari, maitagarriz eta faunoz betetakoak, adibidez. Rousselen artearen alderdi fantastiko hori ez dator Virgilioren eta Ovidioren poesia klasikotik bakarrik, poesia garaikidearen ere badu jatorria, batez ere Stéphane Mallarméren poesia sinbolistan; izan ere, Rousselek bezala, hark ere interes handia zuen Antzinate klasikoan.

Parte hartutako erakusketak

Paris, mende amaiera: Signac, Redon, Toulouse-Lautrec eta garaikideak
2017ko maiatzak 12 - 2017ko irailak 17