Edukira zuzenean joan

%100 Afrika

katalogoa

%100 Afrika

André Magnin

Arte garaikidea Afrikan: agerpen baten “genesia”

MoMAtik Tate Gallery-ra, Beaubourg-era, Kasselera, Veneziara, Basileara, Tokiora eta Pekinera… “Artea, nonbait, adierazpide unibertsal bat da, jatorri desberdinekoak izan arren, sentiberatasun bera duten eta munduko mutur batetik bestera estrategia berak dituzten eta errepresentazio-sistema berak erabiltzen dituzten pertsonek partekatua. Baina unibertsaltasun hori axalekoa besterik ez da, eta gero eta kontraesan gehiago aurkitzen ditu museo garrantzitsuetan eginiko erakusketetan, inpaktu global bat duten gertaeretan, eta artearen mugak berrasmatzen dituzten eta unibertsaltasunaren ideia hori gezurtatzen duten munduaren ikuspegi alternatibo batzuk sortzen edo betikotzen ari direla frogatzen duten bilduma berdingabeetan”1. Laurogeita hamarreko urteetako hasieratik gertaera askok frogatu dute ezin dela gutxietsi Asiako, Hego Amerikako eta Afrikako artea, baldin eta ulertu nahi bada zer bihurtu den artea hemen eta orain.

Fréderic Bruly Bouabré, Romuald Hazoumé, Chéri Samba eta Bodys Isek Kingelez bezalako afrikar artistek lortu dute beren testuinguruan miresgarriro konbinatzea beren sormenaren banakakotasuna eta bere obran hautemana den orokortasuna, eta soberan gainditu dituzte antzinako artearen helburu huts-hutsean komunitarioak.

Afrikatik datorren arteak leku eta ikusleria propioa zenbateraino aurkitzen duen jakiteko, haren berezitasunari eta esanahiari zenbateko arreta eskaintzen zaion ikusi behar da. Beren izate propioaz dakitena kontatzen dute artistek. Zerbaitetik hasi beharra dago, gauzaren batekin. Eta haren ingurune hurbila da artistak gertukoen duena. Ezin du ikusten duena ukatu; afrikarra izateko modu bat da, hitzaren eguneroko zentzuan, baina, baita ere, munduko artista izatekoa, zeinak eboluzionatu egiten baitu eta teknologia berriez kontziente baita, azken urteotan nabarmen murriztu baititu teknologiak herrialdeen arteko distantziak.

Artistak, eta, bereziki, %100 Afrikan parte hartu dutenak, mendebaldeko ereduak inposatutako zaindaritzatik askatu dira. Nahi dutena hartzen dute gure historiatik, haren mende geratu gabe. Atseginez ikusten dut ezen, denik eta ospetsuenak izanik ere, haietariko gehienek nahiago dutela nork bere herrian lanean jarraitu, konbentzituak baitaude ezen kulturak zeregin garrantzitsua izan dezakeela, eta hala behar duela, Afrikaren etorkizunean. Jendea ez da konturatzen zer-nolako arriskua duen kontinente horrek bere aberastasun kulturala, bere hizkuntzak, bere sen komunitarioa, bere giza berotasuna galtzeko, eta, horren ondorioz, ez da jabetzen haren sormenari, garapenari eta errealizazioari egiten zaion mehatxuaz.

Artista batzuen kasuan, baliteke artearen historiak oraintsu haien balioa aitortu izana, Mendebaldeak haien lana Afrikak mundu osoan duen irudiarekin bat datorren informazio-iturritzat hartu duelako. Gogoratu egin beharko genuke, beharbada, ezen hogeita hamarreko urteetan jadanik, Lubaki eta Tshyela Ntendu bezalako artistek aitortza handia izan zutela hala Kongon nola Europan. Gaur egun, nazioartean aitortutako afrikar artistak zeharo aske daude balio tradizionaletatik eta murrizpen akademikoetatik, eta haien obra indartsuak beren esanahitik deusik ere galdu gabe eraman daitezke sortuak izan ziren lekutik erakusketa lekura.

Afrikar arte garaikidea

Zibilizazio bakoitzak bere historia du, baina historiak nahasi egiten dira elkarren artean. Afrikar arte garaikidearen kontzeptuari berari pertzepzio berri bat ematen dio mendebaldeko munduak eta ez da era adierazgarrian agertzen XX. mendearen amaiera arte. Garai kolonialean, ustez “azpigaratuak” ziren herrialdeetako artea folklorearen eta eskulangintzaren kategorietara zokoratuta dago. Mendebaldeko artistek, arte-kritikariek eta zientzialari sozialek txintik atera gabe onartzen dute kontzeptu hori. Une horretan, soil-soilik mendebaldekoa da arte garaikidea. Jakina, badago afrikar artearen sektore bat arte-eskoletatik sortzen dena, geure sorkuntza artistikoa bezala, eta irakaskuntza kolonialaren eta poskolonialaren emaitza dena. Baina laurogeiko urteen amaiera arte ez da arte garaikidea ikuspegi geografikotik berraztertuko ikuspegi historizistatik berraztertu ordez, eta, aldi berean, aintzat hartuko dira erlazio interkulturalak, globalizazioaren arazoei aurrea harturik horrela.

Hala, sorkuntza garaikidearen sektore batek bere lekua aurkitzen du azkenean Mendebaldeko bizitza eta kontzientzia kulturalean, urte askoan abandonatuta egon ondoren. 1986tik aurrera kontinente “ahaztuen” (Afrika, Hego Amerika, Asia, Ozeania) esplorazio zehatz-mehatz bat gertatzen da, 1989an Parisen Magiciens de la Terre (Lurreko magoak) erakusketa egitera eramango duena. Hura izan zen lehen arte-erakusketa benetan nazioartekoa, eta, hari esker, bisitariek ordu arte erabat ezezagunak ziren obrak ikusi ahal izan zituzten, harrigarriak eta libreak.

Arte orokorraren etorkizunean pentsatu behar genuke, ez bakarrik afrikar artearenean. Gainera, zer da gaur egun artea? Museoetan bakarrik aurki dezakegun zerbait al da? Fede handiagoa izan behar genuke artistengan, datorren tokitik datozela ere. Baldin eta esaten bazaio Chéri Sambari pintura “amaitua” dagoela, artistak irribarre egiten du eta erantzuten du berak ideia bete maleta daukala. Lotsagarria litzateke galdera hori bera Bruly Bouabréri egitea, zeinak, egunez egun, naturak erakusten dizkion jainkozko seinaleen oharrak hartzen baititu bere ehunka marrazki txiki-txikietan. Alighiero-k eta Boetti-k Bruly Bouabréri esan zioten bezala 1993an Boli Kosta joan zirenean, haien jaioterrira, Zéprégüé-ra, iritsi zirenean: “Lurrera erori ginen, eta bizirik iraun behar izan genuen”. Eta, Pascale Marthine Tayou kamerundar artistaren arabera, baliteke europarrek beren jainkoa galdu izana, baina Afrikan milaka gelditzen dira; batzuk desagertzen hasi dira, baina lana hasi besterik ez da egin”.

Afrikar Arte Garaikidearen Bilduma (C.A.A.C) Pigozzi Bilduma

Magiciens de la Terre erakusketak lehen aldiz erakutsi zituen kontinente guztietako artistak baldintza beretan, eta, ebentu horri esker, Afrikar Arte Garaikidearen Bilduma (C.A.A.C.) eratu zen, munduko afrikar arterik garrantzitsuena bilakatu dena jadanik. Jean Pigozzi-ren asmamenari eta gogo beroari esker sortu zen eta biok elkarrekin lanean hasi ginenean gauzatu zen, Sahara azpiko Afrikan bizi eta lan egiten duten hainbat belaunalditako artistak ere barnean sartu genituelarik. “1989 aurretik ez nekien tutik ere afrikar arte garaikidearen sormenezko aberastasunaz”, dio Jean Pigozzik.

Afrikar arte garaikideari bere forma guztietan eskainia dago bilduma hori eta proiektu paregabea, anbiziotsua eta ausarta da, orain artean ezezagunak edo kontuan hartu gabeak izan diren kultura ez-mendebaldekoak birgaitzeko lehia bilakatu dena. Bildumaren xedea ez da museo bihurtzea; ez ditu, ezta ere, Afrikako joera artistiko guztiak ordezkatu nahi. Abentura pertsonala da, bere dibertsitateari eta bere erabaki zorrotz eta libreei esker bere lekua aurkitu duen grina da. Ikuspegi estetikoa da, non obren oroimenak, kulturak, testuinguruak, historiak, askatasunak, esanahiak eta edertasunak bat egiten duten jakinduriaren bideak zabaltzeko eta, aldi berean, errespetatu egiten duten haiek sortu zituen gizartea. Bildumak etengabeko bilaketa lana eskatzen du Sahara azpiko Afrikako herrialde guztietan, eta artisten laguntzari, haien konfiantzari eta nik herrietara egin ditudan bisita sarriei esker bakarrik izan da posible. Kontuan hartzen bada ezen Afrikan ez dagoela arte garaikideko ezein museorik, ezta bildumagilerik ezta galeriarik, izugarri garrantzitsua da artistarekiko harremana. Pentsaera politikoki zuzenaren ikuspegitik desegokiak irudi lezaketen askatasun-ekintzak bilatzen ditut nik artistengan, haiek nonahikoak direla ere. Nola iraun dezake bizirik arteak dena globalizatzen eta gezurretan lasaigarri bihurtzen den mundu batean, akademizismoaren nazioarteko forma berri batean erori gabe? Gaur egungo arteak homogeneizazioari eta normalizazioari aurre egin behar dio.

Bai, egia da gaur bidaiatu egin beharra dagoela, Kinshasara joan, Lagosera, Abidyanera, Cotonura, Maputora, Dar-es-Salamera, Johannesburgora… artistekin hitz egin ahal izateko, haiei ulertu ahal izateko eta horrela haien obrei buruz iruzkin bat egiteko eta haiek daukaten jakinduria guztia haietatik ateratzeko. Obra horiek bere garaiari egokituak daude, eguneroko gertaerak kontatzen dituzte, mundu honetako anomaliak, hain zuzen. Agerian jartzen dituzte haiek aurre egin behar izaten dieten egoera maiz muturrekoak. Beren errealitatean induskatzen dute, eta horrek beren garaiko kronikagile bihurtzen ditu sortzaile horiek. Baina, muturreko egoerak bizi beharra al dago artista izateko?

1986tik aurrera, Magiciens de la Terre erakusketaren aurretikako lana hasi nuenetik, egoera asko aldatu da teknologia berriei esker, haiei esker kontinente osoko artistak elkar komunikatzeko gai baitira beren buruak antolatzeko eta arte garaikidearen munduko ebenturik ospetsuenetan parte hartzeko. “Iraultza” horrek izugarrizko ekarria egin dio gaur egun afrikar arteari zaion estimuari.

XX. mendearen hasieratik, artista, idazle, ikertzaile eta intelektual horietako askok lagundu egin diete “zibilizazio” horiei artearen historian beren lekua aurkitzen. Louvrek 2000. urtean Afrikako, Asiako, Ozeaniako eta Amerikako ehun maisulan erosi izanak, eta, horrez gainera, Quai Branly Museum etorkizun handiko museoaren sorrera iragarri izanak, oraintsu ireki berri baititu bere ateak, eta Beaubourgek edo MoMAk kontinente bakoitzeko sorkuntzak aintzat hartu izanak, garbi uzten dute hau: “pertsonen goragoko kategoriarik jadanik ez dagoen bezala, ez dago lorpen artistikoen goragoko kategoriarik”. C.A.A.C.k eta %100 Afrikak Guggenheim Museoan duten helburua afrikar herrien kultura-aniztasuna eta jenialtasuna merezi duen bidezkotasunez tratatzea da. Munduko kultura guztien duintasunaren arteko berdintasunean dugun sinesmena da erakusketa honen oinarria, eta uste oso horrek bultzatzen du %100 Afrika bilakatu den abentura handia.

%100 Afrika

“Galdetzen diot neure buruari ea Mendebaldean duzuen artearen definizioa, kontzeptua, ez ote den mugatu samarra”.
–Frédéric Bruly Bouabré

%100 Afrikak gaur egungo hogeita bost afrikar artista aurkezten ditu, Sahara azpiko Afrikan lan egiten dutenak. Hainbat belaunalditako artista, pintore, marrazkilari, argazkilari, eskultore eta bideo-artista ageri dira erakusketan. Nazioartean ezagunak diren sortzaileak aurkezten ditu: Seydou Keïta erretratu-argazkilari ospetsua, Chéri Samba, George Lilanga eta Richard Onyango pintoreak, Frédérick Bruly Bouabré entziklopediagile unibertsala eta Bodys Isek Kingelez eta Romuald Hazoumé sailkagaitzak, eta, horiez gainera, Mansaray, Titos Mabota, Pathy Tshindele eta Dakpogan bezalako etorkizun handiko artista gazteak.

Artista horietatik gehienak hirigune handitan bizi dira, eta obra figuratiboak, narratiboak edo, baita ere, didaktikoak egiteko joera dute, eta harremanetan daude bai beren ikusleekin eta bai eguneroko gertaerekin, izan bertakoak edo izan globalak. Baliteke beren zer-nolakoen ikuspegi iragankor horiek afrikar ahozko tradiziotik eratorritako jakinduriaren transmisioaren bertsio modernoa izatea, Kinshasako biztanleek “Sidewalk Radio” (Espaloiko irratia) izenez birbataiatu duten huraxe, hain zuzen.

Sortzaileetariko batzuk auzo kaoetikotan bizi dira, eta fantasien bitartez urruntzen dira beren egoitzatik eta eguneroko bizitzatik, eta makina “intergalaktiko” bisionarioak asmatzen dituzte, haien bitartez beren buruak beste mundu batera bultzatzeko.

Beste artista batzuk, berriz, eskultoreak batik bat, beren jaioterrian tinko sustraiturik bizi dira. Objektuak sortzen dihardute eta beren herrien tradizioak, sinesteak, ipuinak eta elezaharrak aberasten dituzte, edo mundu fantasmagorikoak sortzen.

 %100 Afrikak arazo kolektiboen garrantzia azpimarratzen du, Afrikaren errealitaterik saihestezinetako bat oraindik ere komunitatea dela agerian jarriz. Konstanterik agerikoenetako bat, afrikar sorkuntza garaikidean argi eta garbi aitortua, artistak beren ingurunean murgilduta egotea da, eta ingurune horretarantz bideratzen dituzte beren obrak, eta jakintzat ematen dute, aldi berean, beren obra mundu osoan zehar ulertuko dela. Hala, Bété alfabetoa, Fréderic Bruly Bouabré Boli Kostako artista unibertsalista zaharraren obrarik ezinbestekoenetako bat, bété herriarentzat sortu zen, gehienbat, herri horrek ez baitzuen hizkuntza idatzirik, eta era horretara munduko hizkuntza guztiak idazteko aukera ematen zitzaien hizkuntza horren hiztunei. “Nire iritzian —dio Bouabrék— Afrikako tradizioak eta errealitateak hain ederrak dira beren distiran, non merezi baitu haiek interpretatzeak, haiek harrotasunez aurkezteko eta gizadiari haien berri emateko eta hura haien bidez hezteko xedez”.

Honela dio Chéri Sambak, Chéri Chérin-ekin, Moke-rekin eta Bodo-rekin batera Zaireko herri pinturaren aitzindaria izan denak: “Nire inguruneaz blai dago nire artea. Jendearengan inspiratzen da, jendeaz kezkatzen da, eta jendeari zuzendua dago. Zeinahi ere diren bere jatorriak, mundu osoak ulertua izan behar du artistak”.

Bodys Isek Kingelez Kongoko artista Kinshasa hiriburu kaotikoaren erdialdean bizi da, eta estetikoki eta politikoki konprometitua dagoela dio. Auzitan jartzen du giza izatea, eta herriaren zerbitzura jarri nahi du bere artea mundu hobe bat sortzeko. Bere hiri bisionario eta utopikoen bidez, hau dio: “Artea ezagutzaren forma noble bat da, kolektibitatearentzako etorkizun hobe batean parte hartzen duena”.

Romuald Hazoumé Beningo artistak, jatorriz yorubak, bere “jerry can masks”ekin (bidoi-maskarak) izan zuen ospea. Antzinako yoruba artistak bezala, Afrikako mendebaldean zehar ibiltzen baitziren beren buruari Arés deiturik, Romualdek ere Arétzat definitzen du bere burua, alegia, artista garaikide ibiltari gisa. Auzitan jartzen du eguneroko bizitza eta gaur egungo gertaeren eromenaren interpretazio erradikal bat eskaintzen du. Historian, kulturan, sinesteetan, vuduan eta iniziatuen hiztegian inspiratzen da bere sorkuntza definitzeko, zeinak Afrikako ustelkeria salatzen baitu eta gaur egungo esklabotasun modernoa eta mendebaldeko estatuen afrikar politika estigmatizatzen baitu.

Efiaimbelo Madagaskarreko artista duela gutxi zenduak arte erlijiosoaren eremuan lan egin zuen, eta uharte osoko artistarik ospetsuenetakotzat jo zuten. Haren asmamenaren eta sofistikazioaren bidez, bizirik eusten dio arte-mota horri. Haren aloaloak —handikien eta buruzagi erlijiosoen hilobiak apaintzen dituzten eskultura tradizionalak— areago daude bizitzara bideratuta heriotzara bideratuta baino. Aloaloren goialdeak hildakoaren bizitzaren une adierazgarriak dakartza gogora, bai eta hura kide zuen leinua eta haren ipuinak eta elezaharrak. Efiaimbelorentzat, bere lana errezeptakulu baten gisarakoa da, eta, haren bitartez, bere herriaren jakinduria eta ohiturak transmititzen dizkie hurrengo belaunaldiei.

Afrikar argazkilariek laurogeita hamarreko urteetatik aurrera hasi ziren nazioarteko argazkigintzaren panoraman aztarna uzten. Ezagunenak, Keïta, Sidibé, Ojeikere eta Depara, erretratuen argazkilariak dira edo bere herriaren historiaren lekuko diren eta aldi berean beren biziera sozialaren fede ematen duten erreportariak.

Seydou Keïtak, Maliko erretratugile ospetsuak, Bamakoko goi mailako gizarteari argazkiak atera zizkion 1948tik 1962ra bitartean. Haren milaka argazkiak garai hartako Maliren gizarteko ohi ez bezalako lekukotasuna dira. Beren interes soziologikoaz gainera, Keïtaren argazkiak artelanak dira, inondik ere. Haren ospeak ez dio hainbeste zor bere irudien intentsitateari nola bere protagonisten poseen izatasun guztiz ere irudimentsuari eta modernoari. Haren lana erretratuen argazkigintzako obrarik onenen parekoa da.

Argazkilari-belaunaldi berri bat sortu zen berrogeita hamarreko urte neurrigabeetan. Artista horiek zeharo sartuak zeuden bizitza sozialean eta kulturalean, hala parte hartzaile gisa nola lekuko gisa. Malick Sidibé maliar argazkilariak eta Depara kongotarrak gazteei jarraitzen diete haiek Europako eta Kubako musika eta dantzak bereganatzen dituzten heinean, mendebaldeko arropa janzten eta zein baino zein dotoreago agertzen ahalegintzen zirenean. Nagusitasun kolonialaren amaieraren lehen urteei buruzko sekulako informazio-altxorra dira haien artxiboak. Herriei buruzko haien dokumentalek egiaz betetako irudiak eskaintzen dituzte, familien eguneroko jardueren eta haien aisialdiaren ikuspen iragankorrak, alegia.

Ojeikere nigeriar argazkilariak denbora asko darama orrazkerei argazkiak ateratzen, proiektu artistiko orijinala, inondik ere. Hogeita hamabost urtetan zehar bere herriko orrazkeren artxibo bakar bat sortu, eta mendetako legatu bat utzi du, era berean oroimen kolektiboaren parte dena. Orrazkeren aniztasuna eta edertasun ikaragarria erakusten digu. Haren lanak elementu antropologikoak eta etnografikoak biltzen ditu, baina abentura estetiko bat da, oroz gainetik.

%100 Afrika erakusketak Sahara azpiko Afrikako artista horiek lan egiten duteneko testuinguru historikoaren, politikoaren, soziologikoaren eta kulturalaren ezagutza sakona behar izan zuen. Obra horiek fusio lehergarri bat erakusten dute tradizioen, sinesteen eta kultura trukaketen artean eta iraganaren eta orainaldiaren artean, eta lortzen dute beren historiara mugatzen saiatzen den legatu batetik ihes egiten.

Paris, 2006ko uztaila

[Itzultzailea: Jon Muñoz]

Oharrak

  1. Laurent Wolf, hemen: La vie et la mort du tableau, 1. liburukia, La génese d’une disparition. Klincksieck-ek argitaratua, Paris, 2004. [itzuli]