Edukira zuzenean joan

Anselm Kiefer

TAG_Tirudiak_VALUE

Guggenheim Bilbao Museoak, bere Hamargarren Urteurrenaren ospakizunarekin bat etorriz, Anselm Kiefer artista alemanaren erakusketa antologikoa aurkeztu zuen. New Yorkeko Solomon. R. Guggenheim Museum-eko Arte Garaikidearen Kontserbazio Buru den Germano Celant izan zen komisarioa. Gaika antolatu zen eta erakusketa aurreko hamar urteotan artistak sortutako obra-sorta ikonikoa bildu zuen, artistaren bildumakoak, bilduma publiko eta pribatuetakoak, eta Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumarenak.

Kiefer, gure garaiko funtsezko sortzailea, 1945ean jaio zen Bigarren Mundu Gerra amaitu baino lehentxeago. Beraz, gerra modernoak sorrarazitako suntsipena, bere herrialdearen banaketa, zatitutako nazioaren berreraikuntza eta berritzeko egindako borroka bizi izan zituen. Egiarik ez dagoela konbentzitua, interpretazio desberdinak baizik, Kieferrek bere lanean beti jarri izan du zalantzan gizakiak kosmosaren barruan duen lekua, eta Alemaniako historia, mitologia, literatura, identitatea eta arkitektura aztertu ditu bertan. Emaitza gisa, bere artelanek geruza ugariez osatutako gainazalak dituzte, lantzen dituen gaiak bezain konplexuak eta zatikatuak. Obra monumental hauek erreferentzia ugari dituzte Alemaniako tradizio erromantikoari eta bere herrialdearen ondare politikoari eta filosofikoari buruz. Pintura, collagea eta eskultura bat egiten dituzten obrak dira, eta ia monokromoa den paleta eta batere ohikoak ez diren materialak elkartzen dituzte: beruna, alanbrea, lastoa, igeltsua, buztina, haziak, ekiloreak, errautsa eta hautsa. Beraz, obra-multzo joria eskaintzen digu Kieferrek, eskala monumentalaz eta ehundura bereziaz baliatuta edukiaren handitasuna eta izaera traszendentea azpimarratuz.

Azken urteotan, gai unibertsalagoak lantzen aritu da Kiefer, nahiz eta oraindik ere erlijioan, sinbolismo ezkutuetan, mitoetan eta historian oinarritzen diren; artearen eta kulturaren halabehar orokorrean arreta gehiago jarri du, ordea, baita espiritualtasunean eta adimenaren mekanismoetan eta misterioetan ere. Kieferren arteak zibilizazio globalari eta fedeari buruz gogoeta egiten du, eta historiaren errepikapen ziklikoaz ohartarazten gaitu, giza egoeraren esperientziak eta kargak aztertu eta lantzen dituen bitartean.

Erakusketa gaika antolatu zen eta arreta berezia jarri zen Kieferren esku-hartze monumentaletan, hau da, denboran zehar arkitekturarekin elkarreragin nabarmena izan duten obretan, sarritan erreferentzia historiko, erlijioso edo kulturalez betetako testuinguru zehatzetan sinbolikoki kokatzen dituen horietan. Obra horien artean aipatzekoak dira Chevirat-Ha-Kelim (2000) saileko mihise zirraragarriak edo beste gai batzuk sakonetik aztertu izan dituzten obrak, esate baterako, Landareen ezkutuko bizitza (2001–02); Museoko Atrioan espazio horretarako propio sortutako pintura berri bat egon zen ikusgai, zeruko mapa kolosal bat. 15 metroko altuera du eta bertikaltasun zorabiagarri hori oso ondo moldatzen da Gehry-ren Atrio ikusgarriarekin. Erakusketa Museoaren lehenengo solairuan egon zen, baita bigarrenean ere, eta bertan banandu egiten zen bereizitako obra-sortei (elkarri lotuak egon arren) eskainitako sailetan. Artistaren ikerlana azaltzen ziguten oroipenak eta ideiak ikusi ahal izango genituen bertan, Kieferren lanek ikusmenean eta sentimenetan duten eragin handiaren isla direnak.

Kieferren erreferentzia historikoak, kulturalak eta geografikoak oso anitzak dira. Historiaren gune eta momentu jakin batzuk aukeratzen ditu gainjartzen diren eta nahasten diren gai eta kezka unibertsalak aztertzeko. Bestalde, erakusketak literaturan eta poesian aurkitu izan dituen inspirazio-iturriak ere agerian uzten ditu, Martin Heidegger-en (1889–1976) eta Friedrich Nietzsche-ren (1844–1900) filosofiatik hasi eta Paul Celan-en (1920–1970) eta Jean Genet-en (1910–1986) idatzietara eta Richard Wagner-en (1813–1883) musikara arte. Irudi horien bitartez, naturarekin, zientziarekin, erlijioarekin edo historiarekin zerikusia duten gaiak jorratzen ditu.

Ikusgai jarritako obren artean Khlebnikoventzat (2004) zegoen, Velimir Khlebnikov (1855–1922) poeta errusiar futurista ameslariari eskainitako pintura-sorta. Pintura horietan Kieferrek hauxe aztertzen du, 317 urte betetzen diren bakoitzeko itsas armaden arteko gatazka belikoak sortzen zirelako haren uste osoa. Uste hori iradokitzeko Bigarren Mundu Gerrako itsasontziak erreproduzitu zituen airean esekiak baleude bezala, itsasoan egon beharrean, eta irudi horien ondoan gerraontzien, borrokaldien eta militar ospetsuen izenak aipatu zituen erantsitako idatzietan, Khlebnikoven eredu historiko ziklikoa aditzera emanez. Zientzia eta halabeharra dira beste sail baten gai nagusiak, Sawai Jai Singh II (1688–1743) maharaja indiarrak, matematikari eta astronomo gailenak, Jaipurreko —Kiefer egon zen Indiako hiria— izartegia behatzeko eraiki zuen behatokian inspiratua. Sail honetako obretan konstelazioak agertzen ziren, neurtzeko hainbat tresna tartean direla, eguzki-erlojuak, esate baterako.

Era berean, historia ataltzearen inguruan Kieferrek egindako ikerlanean sakondu zuen erakusketak. Ideia horretatik elkarrizketa bat sortu zuen arkitektura arkaikoaren, hondatutako zementuzko eskaileren eta antzinako aurri batzuen irudikapen piktorikoaren artean Bakarrik haizearekin, denborarekin eta soinuarekin (1997) obran, bilaketa espirituala aztertzen duen horretan. Kieferrek erlijioen nahasketa ere hartu du aztergaitzat Chevirat Ha-Kelim obra-sorta monumentalean eta hunkigarrian, arku forma duena goialdean. Kieferrek Parisko La Salpêtrière ospitale psikiatrikoko kaperarako sortu zituen obra hauek Kabalan inspiratuak, testu hebrear biblikoen interpretazio esoterikoan oinarritzen diren ikasbide mistikoetan, alegia.

Bestalde, Kieferrek emakumearen identitatea eta esperientzia arakatzen ditu bi aldi historikori dagozkien obra-sorta banatan. Iraultzaren emakumeak (1992) Jules Michelet-en (1798–1874) liburu homonimoan dago inspiratuta, eta berunezko oheak barne hartzen ditu, baita argazkiak eta paretan zirriborratutako testuak ere, Frantziako Iraultzako emakumezko irudi gailenenak aditzera emanez. Antzinatearen emakumeak (2000–04) obran, bururik ez duten manikiek, zuri koloreko krinolinaz jantziak, antzinateko pertsonaia mitologikoak eta historikoak irudikatzen dituzte. Emakume haietako batzuk heroiak izan ziren, beste batzuk maltzurrak, baina guztiek erakutsi zuten indar eta ausardia handia. Kieferrek pertsonaia historikoak ere irudikatzen ditu, besteak beste, Berenize, K.a. III. mendeko Egiptoko printzesa —kondaira batek dioenez konstelazio bihurtu omen zen haren ilea—.

Kieferrek Landareen ezkutuko bizitza obran jarraitzen du naturari eta zientziari buruz gogoeta egiten. Fresko bat da, 28 pinturak osatua, eta adarrak, beruna eta alanbrea barne hartzen ditu. Obraren izenburua 1973an argitara atera zen Peter Tomkins-en eta Christopher Bird-en liburu batetik hartu zuen. Bertan, landareen natura sentikorra eta gure munduko misterioei erantzuteko duten gaitasuna aztertzen dira.

Paul Celan-entzat (2006) berunezko liburu mardul eta desafiatzaileez osatua dago. Lore batzuek zeharkatzen dituzte, emankortasunaren eta bizitzaren iragankortasunaren sinbolo klasikoek, alegia. Obra honekin, Kieferrek omenaldi egiten dio Paul Celan poeta eta saiakeren idazle judu-errumaniarrari, Holokaustotik ozta-ozta bizirik irten zenari. Celan eta Kiefer bat datoz gai eta kezka ugaritan: galera-sentimenduan eta malenkonian, eta memoria gizakiaren historian sortutako traumak onartzeko modu bakarra den aldetik zaindu egin behar dugulako uste sendoan.

Artistaren obran funtsezkoak diren kontzeptu eta inspirazio-iturri hauek Frank Gehryren eraikinean batu ziren, eta bizitasun handiko espazio horien testuinguruan aztertzean, Anselm Kiefer erakusketak operari dagokion indar handieneko momentua bildu zuen: pintura arkitekturarekin elkartua agertu zen artearen alegiazko hedadura sortzeko, artea norberaren eta taldearen indarra balitz bezala agertuz.