Edukira zuzenean joan

Azteken Inperioa

Sarrera

Azteken Inperioa

Erakusketa hau Mexikoko Consejo Nacional para la Cultura y las Artes (conaculta) eta Instituto Nacional de Antropología e Historia (INAH)-ren laguntzaz, antolatuta dago.

XV. mendean zehar Errenazimendu izenez ezagutzen den iraultza sakona gertatu zen Europan, pentsamenduaren, zientzien eta arteen arloan. Bien bitartean, berriz, antzinako Mexikon bi estatu indigena boteretsu loratu ziren: Azteken Inperioa batetik, eta haien etsai eta auzo ziren Taraskoak bestetik. Azteken jabetza zen lurraldean, izaera antropomorfoa zuen aparteko ikonografia eskultorikoa erabiliz interpretatzen zuen gizarteak unibertsoan zuen izatea. Garai hartan bertan berriz, arte-estilo panmesoamerikarra hedatu zen; mintzaira plastiko bera erabiltzen zuten herri ezberdinen arteko elkar-ulertzeari bide eman ziona.

Azteken Inperioa erakusketak aipaturiko garaia birsortzen du, Mesoamerikako (Erdialdeko Amerikako) garapenaren azken aldian bizi izan ziren herri ezberdinek eginiko arte-objektuak erakusgai jarriz, hain zuzen ere, inoiz nazioarteko erakusketa batean izan den arte-objektu kopururik handiena batuz. Hizpide dugun aldiak posklasiko berantiarra izena hartzen du arkeologian, eta gure aroko XIII. mendetik XVI. mendera arteko tartea hartzen du barne.

Garai hartan, Azteken Inperioa izan zen konplexutasun handieneko erakunde politikoa, eta Aliantza Hirukoitz deritzan koalizio militarra izan zuen jatorri historiko. Aliantza hark gailentzen hasiak ziren hiru estatu lotzen zituen: azteka-mexikarrena, garai hartako hiririk ospetsuena zen Mexiko-Tenochtitlan hiriburu zutenak; acolhua-rrena, kulturgune nagusi jotzen zen Texcoco hiriburu nagusi zutenak; eta Tlacopan, iraganean Mexikoko haranaren jabe izan zen antzinako jaurerri batetik bizirik gelditzen ziren pertsonek osatua. Aztekek zuhurtziaz ezarri zieten aliatuei beren hierarkia, beren jabetza Ozeano Pazifikoko eta Mexikoko Golkoko itsasertzeraino hedatuz. Aztekek aberastasuna eta boterea lortu zituzten zerga-ordainketako sistema hertsia ezarriz, eta XVI. mendearen hasieran espainiarrak iritsi zirenean, garai hartako hiririk garrantzitsu eta bikainena jotzen zen beren hiria. Aliatuen artean gailendu zen hizkuntza náhuatl-a izan zen, eta Mesoamerikako zati handi bateko “lingua franca” bilakatu zen. Hala, hizkuntza hau erabiltzen zen antzinako Mexikoko geografia izendatzeko, antzinako beste zenbait hizkuntzatako hitzak ordezkatuz. Beste estatu indigenak, Taraskoen Inperioak, Purépecha izenez ere ezagunak, eta aldi historikoaren amaieran hiri politiko egitekoa izan zuen Tzintzuntzan hiriburu izan zuenak, Mexikoko erdialde-iparra eta mendebaldea barne hartzen zituen inguru zabalean ezarri zuen aginte militarra. Herri honen hizkuntza porhe edo taraskoa zen, náhuatl hizkuntzatik oso ezberdina eta antzinako Mexikoko beste inolako hizkuntzarekin lotzen ez dena.

Azteken arte-mintzaira hedatzeak historiak komunikatzeko, beren jainkoak gurtzeko eta antzinako mitoak eta tradizioak adierazten zituzten errituak gauzatzeko balio izan zuen.

Erakusketa hau hamaika aretotan banatutako hamar gaitan sailkaturik dago. Gai horien artean garai hartako mexikar lurraldearen bereizgarri izan zen ingurune geografikoa zein europar konkista aipatzen dira, baita azteken gizarteari buruzko irudikapen sakona ere, hasi jatorrietatik eta inperioaren gailurra zein gainbehera ere aipatuz.

Frank Gehry-k diseinatutako Guggenheim Bilbao Museoaren arkitektura berezia TEN Arquitectos delakoak eraldatu du Azteken Inperioa erakusketarako. Esku-hartzea beiraren bidez egiten da, eta beira-arasa leun eta jarraitua bailitzan artikulatzen da eraikuntzako ibilbidean zehar, piezen, ikusleen eta eraikuntzaren artean igaroz. Beirazko estruktura inmateriala Museoko baldintzen arabera uzkurtzen edo zabaltzen da, espazio bereziak sortuz eta piezen gardentasun eta materialtasun maila ezberdinek sortzen duten kontrastea bereizgarri duen ibilbide intimista eratuz.

Mexikoko inguru naturala 

Mexikoko ezaugarri geografikoei esker, bi aroren araberako nekazaritza intentsiboa garatu ahal izan zen hegoan, hots, aro lehorraren eta eurien aroaren araberakoa. Ekologia aldakorra bestiario indigenaren irudi bikainen bidez adierazten da erakusketan, eta irudi hauek kolonaurreko kulturak garatu ziren ingurumenari buruzko irudi bizia eskaintzen dute. Animalia hauen zizelkatzearen edo modelatuaren zehaztasunak berauen arte-estiloa uzten du agerian. Honek naturalismoa du ezaugarri, zenbaitetan ia hiperrealismo izatera ere heltzen dena eta Mundu Berriko antzinako artean gutxitan berdintzea lortu dena. Erlijioan zuten garrantziagatik, botere-hierarkietan zuten nagusitasunagatik eta gerra-denboretan izaniko egitekoagatik, arte aztekaren ezaugarri diren kaskabilo-sugeen, jaguarren eta arranoen irudi txundigarriak dira nabarmentzekoak. 

Gizartea: jauregiko bizitza eta eguneroko bizitza

Mexiko-Tenochtitlan hiriko gizartea bi segmentu handik osatzen zuen. Noblezia zen horietako bat, pipiltin izenekoa; eta jende arruntak osaturikoa bestea, hots, macehualtin-ak, askozaz ere jende gehiagok osatutakoa eta artisauetatik hasi eta nekazariak ere barne hartzen zituena. Merkatari edo pochteca izenekoen taldean, berriz, salerosketan aritzeko bidaia luzeak egiten zituztenak zein fruituak eta animaliak saltzen zituzten saltzaile xumeak sartzen ziren. Nobleek, gobernariarekin zuten ahaidetasunaz harro, jadezko eta urrezko beren bitxi baliotsuak, belarritako, lepoko zein eraztunak, erakusten zituzten, baita ezpainetako apaingarri edo bezoteak eta maila altuko intsignia militarrak ere. Jende arrunta buztinezko objektuekin bakarrik apain zitekeen, eta maguey izeneko landare xerofitiko baten zuntzaz eginiko jantziak erabiltzen zituen. Azteken munduko eguneroko bizitza garai hartako kronisten deskribapenei esker ezagutzen da, eta buztinezko figuratxoen bidez irudikatu zen. Eguneroko erabilera zuen zeramikazko baxera ugari mantentzen da oraindik. 

206 aretoa. Azteken garaiko herri eta gizarteak

Aparteko kalitate estetikoa duten eskultura eta figuratxo antropomorfoak posklasiko berantiar mesoamerikarreko plastika indigenaren elementu bereizgarria dira. Gizon eta emakumeen irudiak dira, adinari eta edertasunari loturiko ereduak adierazten dituztenak. Gaztetasuna-heldutasuna osotasunaren unetzat hartzen zen, gerrarako indarrik handieneko eta sexu-jarduerarik handieneko aldia baitzen. Hiriburu indigena nagusietako eskultura-tailerrek izan zuten garapen aipagarriak arroka bolkanikoan zizelkatutako aparteko figura eskultorikoak utzi zituen oinordetzan. Arroka bolkanikoa zen, hain zuzen, mundu aztekak maiteen zuen materiala. Erakusketan Macehual-en irudia ikus daiteke, gizon arruntaren kontzeptu idealizatua, edo emakume biluzi lerdena, “Texcoco-ko Venus” gisa ezagutzen dena. 

209 aretoa. Kondairazko kulturak: azteken arbasoak

Ezin uler daiteke Azteken Inperioko artea eta kultura, kultura mesoamerikarraren garapen orokorra aintzat hartu gabe. Aurretik izan ziren herriek hainbat forma eta sinbolo sortu zituzten, zibilizazio aztekak, goieneko unean izan zenean, irudikatu, berrerabili eta egokitu zituen berak. Aztekak antzinako kultura hauen oinordeko jotzen ziren. Kultura hauetan lehenak olmeca-k izan ziren, KAko 1200 eta 600 urteen artean loratu zirenak eta jadezko maskara eta irudiak dotore aski zizelkatu zituztenak. Teotihuacano-ek, KOko 100 eta 650 urteen artean nagusitu zirenek, jaguarraren irudiarekin estali zituzten beren tenpluetako kanpoaldeak eta iztuku eta polikromia finez apaindutako zeramikak landu zituzten. Tolteca izenekoek garatu zuten eredu historiko eta artistikoak, berriz, azteken ideologia zuzendu zuen hauen bilakaera kulturalaren lehen aldian. Ideologia hau garai hartako plastikan adierazirik geratu zen. 

207 aretoa. Unibertsoari buruzko ikuspegi sakratua

Herri mesoamerikarrek unibertso sakratu berari buruzko ikuspegi kolektiboa izan zuten. Unibertso hura, herri hauen irudiz, zeruko mailarik handienean kokaturiko Omeyocan-en bizi ziren jainko-jainkosen seme ziren Quetzalcóatl eta Tezcatlipoca-k sortua zen. Hauek, Jainkoen aginduei jarraiki, Cipactli-ren gorputza hartu zuten, hots, ur unibertsaletan barrena ibiltzen zen antzinako piztia arantzatsu batena, eta bi zatitan banatu zuten: batekin antzinako jainkoen bizitoki zen zeruko planoa sortu zuten eta bestearekin Lurra eta Lurrazpikoa. Unibertsoari buruzko ikuspegi bertikal honetan, gizakiak, animaliak eta landareak Tlatícpac izeneko erdialdeko eskualdean bizi ziren.

Unibertsoaren ikuspegi horizontala lau angeluko espazio batean proiektatzen zen, eta erdialdean batzen ziren puntu kardinalei zegozkien lau norabidek osatzen zuten espazio hura. Erdialdean Tenplu Nagusia kokatzen zen, axis mundi-a sortzen zen tokia. Herri prehispaniarren iruditara Zeruaren eta Lurraren euskarri lau landare edo zuhaitz sakratu ziren bezala, azteken aburuz gerlariz jantzitako bost atlantek betetzen zuten egiteko hori, greziar mitologiako Atlas-en egitekoa gogoraraziz. Erakusketaren atal honetan, mundu aztekan hain garrantzitsu ziren eguzki-gurtzak islatzen dituen objektu-multzoa da ikusgai. Unibertso sakratuaren sorrera zein bost eguzkiena garai berean kokatzekoak dira, eta Ollin Tonatiuh, Bosgarren Eguzkia, azteken garaiari eta jabetzari dagokio. Hori dela-eta, herri honek jainko gidaritzat zuen, zeruko batailetako gerlari garailetzat. 

203 aretoa. Erlijioa: jainkoak eta errituak

Erlijioaren unibertsoa oso konplexua zen Azteken Inperioan. Hierarkiaren goieneko mailan Huitzilopochtli zegoen, Mexiko-Tenochtitlan-era zuzendu zituen jainkoa eta eguzki-gerlaritzat zutena; Tezcatlipoca gaueko gerraren antzinako jainkoa eta gizontasunaren zaindari zen; Quetzalcóatl, antzinako jainko zibilizatzailea, haizearen zaindari zen. Lurra izen ezberdinen bidez jainkotzen zen: gizakien azken patua zen, bizitzaren jatorria, baita elikagaien esparru sortzailea ere, eta Coatlicue edo Chicomecóatl izena hartzen zuen.

Herri mesoamerikar guztien ekonomia artoa, txilea, kalabaza eta babarruna lantzean zetzan nekazaritza intentsiboan oinarritu zen; hori dela-eta Tláloc-ek eta honen lagun Chalchiuhtlicue-ek, euriaren eta uraren jainko zirenek, hurrenez hurren, egiteko erabakigarria izan zuten erlijio indigenan. Xochipilli eta Xipe Tótec jainkoek, berriz, eurien etorrerak berekin zekarren naturaren berrikuntza babesten zuten eta gizakiaren heldutasunarekin, urregintzarekin eta gerrarekin lotzen ziren.

Erlijio mesoamerikarrak bere konplexutasuna du bereizgarri, erritu eta zeremoniak aldatu egiten baitziren jainko bakoitzaren gurtzaren arabera. Bihotza ateratzeko erritu ezaguna egiteko, sakrifiziorako aiztoa, praktika hau gauzatzen zen téchcatl izeneko aldare-mahaia eta cuauhxicalli edo ontzi sakratuak erabiltzen ziren. Azken hauetan, elikagai sakratu ziren giza bihotzak eta hauen odola gordetzen ziren. 

202 aretoa. Tenplu Nagusia 

Aztekek 1325. urtean sortu zuten beren hiria, Texcoco Lakuan kokaturiko lohiz betetako uhartetxo batzuen gainean. Eraikitzen hasi zirenetik, hiriaren zaindari sinbolikoak axis mundi sakratutzat hartu zuen, eta hortaz, zeremoniarako toki hura hiriaren erdian eta, beraz, unibertsoaren erdian, kokatuko zen. Erritutarako arkitektura-konplexu hau gobernari aztekak tronura igo ahala handitzen joan zen, eta XV. mendearen amaierarako lortu zuen monumentaltasun eta handitasunak bere ospea handitu zuten Mesoamerika osoan zehar. Tenplu Nagusian gerraren zaindari zen Huitzilopochtli eta euriaren jainkoa zen Tláloc gurtzen ziren nagusiki. Erakusketan, Coyolxauhqui-ren irudia nabarmentzen da, aztekek garaitutako herrien sinbolo den ilargi-jainkosa.

Tenplu Nagusia buztinez landutako irudi dotoreekin, hala nola arrano-gerlariarekin eta Mictlatecuhtli-rekin apaindu zen. Jainkozaletasun-zeinu gisa, ehunka opari utzi zituzten bertan, azken 100 urteetan arkeologoek kontu handiz berreskuratu dituztenak. Erakusketa honetan, Europan lehen aldiz ikusgai jarritako Jainko Gorriaren Oparia nabarmentzen da. 

Azteken mendeko herri eta kulturak: mixtecoak, totonacoak eta huastecoak 

Aztekak Aliantza Hirukoitzeko armada garaileen buru izan ziren, eta orografia malkartsuan bizi ziren estatu mixteco ezberdinez jabetu ziren banaka-banaka. Mixteco-ek beren turkesazko mosaiko-lan finengatik eta urregintza-lan baliotsuengatik hartu zuten ospea, eta zeramika polikromo bikaina ere garatu zuten. Zeramiketako sinbologiak, gainera, orein-larruz eginiko bertako liburuen edo kodexen antzeko mintzaira zuen.

Azteken Inperioko armadek totonaco-ak eta huasteco-ak- ere menderatu zituzten. Bi herri hauek maskorrez eta itsas barraskiloz eginiko apaingarri delikatuengatik bereizten dira. Huasteco-ek, bereziki, eskultura bikainak zizelkatu zituzten harearrizko arrokan, hala nola bizitza-heriotzaren irudia, jakintsuek Apoteosi deitzen dutena eta arte prehispanikoko maisulanetako bat dena. 

Azteken mendeko herriak eta kulturak: Mexiko erdialdeko eskualdeko biztanleak 

Mexiko Erdialdeko Goi Lautada, jatorriz, mendiz eta sumendiz inguratutako laku-multzo batek bereizten zuen. Toki hau herri ugariren habitata izan zen, eta horietako zenbait aztekak baino askozaz ere lehenago finkatu ziren eskualde horretan: Tlacopan-eko texcocano-ak eta tepaneca-k, Mexiko-Tenochtitlan-en aliatu izan zirenak eta laku-arro honen ekialdeko eta mendebaldeko isurialdean kokatu zirenak, besteak beste. Goi Lautadako erdialdeko eskualdean xochimilca-k eta tlahuica-k bizi ziren. Bi herri hauek náhuatl-a izan zuten hizkuntza eta forma eskultoriko eta zeramika-tradizio berberak izan zituzten. matlatzinca-k, beste hizkuntza bat hitz egiten zutenak, Toluca-ko Haranetan kokatu ziren, erdialdeko eskualdearen iparrean; ekialdeko zatian, berriz, Cholula eta Tlaxcala kokatu ziren, kulturaren eta artearen esparruan bereizi zirenak inperioan eskaera handia izan zuen zeramika polikromatuagatik.

304 aretoa. Taraskoen inperioa 

Taraskoek inperio-izaerako estatua sortu zuten Mexikoko mendebaldean kokaturiko Michoacán lakutar eskualdean. Kobrea eta brontzea maisutasunez erabiltzean oinarritu zen beren boterea, eta material hauek erabiliz gauzatu zituzten beren armak eta tresnak, eskualde honetan beren botere militarra ezarriz. Azteken Inperioaren hedapena geldiarazi zutenez, inperio haren etsairik garrantzitsuena ere bilakatu ziren. Erakusketa honetako artelan taraskoen artean objektu arkeologiko eta artistikoak dira ikusgai, kultura honen plastika bereziaren adibide direnak. Eskulturak, zeramika eta bitxiak dira ikusgai nagusiki. Artelan hauek herri honen bizitza-estiloa eta ideologia ezberdina ematen dute aditzera. 

Inperioen gainbehera: Mexikoren konkista espainiarren eskutik 

Europarrek XV. mendearen amaieran eta hurrengo mendearen hasieran hainbeste irrikatutako Indien bila eginiko itsas bidaiek, aniztasun handiko bi kontinenteren eta kulturaren arteko topaketa ahalbidetu zuten. Modu honetan, 1519. urtean Hernán Cortés eta honen tropela Mexikoko itsasertzean lehorreratu ziren, eta Azteken Inperioa konkistatzeari ekin zioten, bertatik Tenochtitlan bere eginez 1521. urteko abuztuaren 13an. Hauen katolizismoak, Espainian islamismoaren gaineko garaipena eragin zuenak, gizarte indigena haien erlijioa eta bizitzeko modua ulertzea eta balioestea galarazi zuen, eta ondorioz, hiri handi haiek suntsitu zituzten.

Beren enpresa konkistatzailearen oinarria urrea zenez, bertako altxorrik gehienak urtu zituzten. Hori dela-eta, antzinako metalurgiaren erakusgarri diren bitxi gutxi batzuk baino ez dira mantentzen. Era berean, ale gutxi batzuk baino ez dira luma-artearen eta kodexetako edo liburu indigenetako pintura-tradizio bereziaren adierazgarri gisa mantentzen direnak. Antzinako Mexikoko distiraren eta ospearen oroitzapen txiki bat baino ez.

Azaleratzen ari zen espainiar inperioak sistema ekonomiko berria inportatu zuen, erlijio katoliko erromatarra, baina baita kultura berria ere. Kultura hura, europarrak nagusitu ziren lehen mendean, arte-molde berrien bidez adierazi zen, eta indigenaren eta espainiarraren arteko sinkretismoa izan zuen bereizgarri.

Erakusketan, konkista honen historia protagonistek beraiek kontaturik ageri da, kronika zaharren egileek beraiek kontaturik. Kronika hauek inoiz kontxen teknika bitxiaren bidez koadro eta holtzak apaindu zituzten irudi bizietan ere aurki daitezke.

Urrea konkistatzaileek uste bezain ugaria izan ez bazen ere, zilar-meategien aurkikuntzak eta ustiaketak Amerikako aberastasuna Espainiara eta Europara bideratu zuen. Oparotasun honen arrastoak toki ugaritan mantentzen dira iberiar penintsulan, hala nola elizetan, komentuetan zein bilduma partikularretan, eta guztiek ere harrotasunez gordetzen dituzte zilarrezko artelan ederrak, nagusiki erlijio katoliko erromatarrari loturikoak.

Felipe Solís
Mexikoko Antropologia Museo Nazionaleko Zuzendaria