Edukira zuzenean joan

Diana Thater. Mundu bat ihesean

Film & Bideo

Diana Thater. Mundu bat ihesean

Izenburua:
Diana Thater. Mundu bat ihesean
Erakusketa:
Diana Thater. Mundu bat ihesean
Gaiak:
Artea eta espazioa | Sorkuntza artistikoa | Kolorea | Ingurunea eta natura | Gogoeta
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Artelan motak:
Bideoinstalazioa | Ikus-entzunezkoa
Aipatutako artistak:
Thater, Diana

Guggenheim Bilbao Museoaren gune hau modu iraunkorrean eskaintzen zaio mugimendudun irudiari, hark praktika garaikideetan duen presentziari eta gure garaiko ikus-entzunezko lengoaiaren gaineko gogoeta artistikoak betetzen duen paperari.

Laurogeita hamarreko hamarkadaz geroztik, Diana Thater (San Frantzisko, 1962) bideo-instalazioaren aitzindaria izan da, eta mugimenduan dagoen irudiaren teknologia berriak bideoaren eta zinemaren narrazio-konbentzioei aurre egiten dieten formekin konbinatu ditu. Espazioan kolorea eta pantaila eta monitoreen kokapena manipulatzen ditu Thaterrek; hala, haren obrek elkarrizketak proposatzen dituzte artearen historiarekin —inpresionismotik minimalismoraino—, kultura garaikidearen gai larrienei heltzearekin batera. Sortzen dituen guneek, inguratzaileak eta kolorez beteak, biziki eragiten diote haiek hartzen dituen arkitekturari; halaber, jokoan jartzen dute aurkako elementuen, edertasunaren eta izpiritu kritikoaren arteko borroka, artistak berak “zientziaren eta magiaren arteko tentsioa” deritzona. Artistaren instalazioek, halaber, zorroztasunez adierazten dituzte ikustearen eta begiratzearen artean dauden alde sotilak.

Thaterren obraren gai nagusien artean, animali-espezieen bizi-baldintzak agertzen dira giza ekintzaren emaitza bezala. Mundu bat ihesean (2017) lanean, instalazio bikiak aurkezten ditu, Kenyan egin berriak; bertan, artistak galtzeko zorian dauden bi espezieren (errinozeroak eta elefanteak) bizimodua eta habitatak aztertzen ditu, haien biziraupena mehatxatzen dituzten ekonomia bidegabeekin batera. Errealitatea bezain erradikala lanak hurbiletik begiratzen dio Sudan-i, lana grabatu zen unean munduan bizi zen azken errinozero zuri arrari (2018an hil zen), Ol Pejeta erreserbako zaintzaile armatuen babespean zegoen artean. Mundu bat ihesean lanetik hartzen du erakusketak izena, eta obra horrek elefante-talde bat eta haien habitata islatzen ditu Chyuluko mendixkan (Kenya). Bi obrek begirada hotz, deskribatzaile eta batzuetan alderrai bera dute; biak daude isilean begira, eta, tazituki, planetan duten existentziaren nahiz hurbileko desagerpenaren inguruan gogoeta egitera gonbidatzen gaituzte.  Thaterrek interakzio horiekiko duen interesa indar berarekin adierazten da Denbora konprimatua (2017) lanean, erakusketaren sarreran ikusgai dagoen horretan. Horma-bideo hori era berean da animalia-talde baten gaineko begirada, Chyulu muinoetako ekosistema ahulean. Lanean ezaugarri duen aurkezpen-forma erabiliz, artistak elementu abstraktuak eta deskribatzaileak gainjartzen ditu, eta eguneko hainbat momentu gainjartzen ditu tarte labur batean. Kolore-plano hutsak eta irudi dokumentalak aurrez aurre jartzen dituen artean, osagai bisual desberdinen arteko erritmo eta harremanek aurre egiten diote dokumental-irudien errealismoari.