Edukira zuzenean joan

Fiona Tan. Ekialdeari begira, galduta

Fiona Tan: Ekialdeari begira, galduta

Izenburua:
Fiona Tan: Ekialdeari begira, galduta
Erakusketa:
Fiona Tan. Ekialdeari begira, galduta
Gaiak:
Artea eta ekonomia | Artea eta gizartea | Artea eta identitatea | Kultura eta globalizazioa | Talde-memoria
Artelan motak:
Bideoartea | Bideoinstalazioa
Aipatutako artistak:
Tan, Fiona

Museoko Film & Video aretoa irudia mugimenduan darabilten lanei eta bideoarteari eskaini zaie. Areto hau joera horri eskaintzeak agerian jartzen du bideoarteak eta bideoinstalazioak azken hamarkadetako artearen garapenean eta gauzatzean izandako garrantzia.

Fiona Tanek (Pekanbaru, Indonesia, 1966) Ekialdeari begira, galduta (Disorient) bideoinstalazioa Veneziako 53. Bienaleko Herbehereetako pabilioirako ekoiztu zuen 2009an. Pabilioi horretan garatzen da filmaren zati bat eta bertan grabatu zen. Izan ere, artelanean Veneziaren XIII eta XVI. mendeen arteko historia islatzen da: orduan Asian aurkitu berri ziren herrialdeekiko komertzioaren ardatz estrategikoa zen. Tanen lanak “Ekialde Handi” baten ametsa ekartzen du gogora, Marco Polo-k bere Munduko mirarien liburu ezagunean (ca. 1298) deskribatu zuena bezalakoa. Bidaia-kronika horretako kontakizunak benetan gertatu ziren zalantzan dagoen arren, Europan “Mirarien Ekialde” baten irudia sorrarazi zuen. Paradoxa hori azpimarratzen du Tanek obra honetan.

Ekialdeari begira, galduta lanean Marco Poloren kontakizuna —lur eta herri sakabanatuei buruz hitz egiten duen gizonezko ahots batek irakurria, ia xuxurlatua— aurrez aurre jarritako bi pantailen artean kokatutako bozgorailu batetik ateratzen da. Pantaila handienak oroigarriz eta trofeoz osatutako bilduma anakroniko batean barrena egindako ibilbide geldoa erakusten du. Bertan animalia exotiko disekatuak, urrezko estatuatxoak, oihal bikainak, portzelana fina, espeziak, amuletoak, lanparak eta beste erlikia batzuk, apaingarri modernoekin, hainbat herrialdetako txanponekin eta telebistekin batera azaltzen dira, baita Veneziako Bienaleko pabilioi nederlandarraren maketa batekin ere. Biltegi bakarti batean daude guztiak, urre koloreko tunika bat jantzita daraman pertsonaia misteriotsu eta pentsakor batek (Mendebaldekoa) zaintzen dituen Ekialdeko mirarien ganbera batean. Aurrez aurre kokatutako pantailan datarik gabeko baina gaur egungoak diruditen irudi batzuen muntaia bat ikus daiteke. Esploratzaile veneziar ezagunak ustez bisitatutako lekuetako oraingo bizitza- eta lan-baldintzak deskribatzen dituzte Iraken, Afganistanen eta Txinan jasotako irudi horiek: langileak masa-ekoizpen fabriketan beharrean, matxinadak, pobrezia, esplotazioa eta bizirauteko ahaleginak, kutsatuta eta eraikinak erortzear dauden tokietan. Muntaiak, hartara, zeharka dokumentatzen du lehen pantailan ikusten diren luxuzko ondasunen sorrera, bilduma, bidalketa eta instalazioa. Artelanaren izenburuak iradokitzen duen moduan, itxuraz elkarrezinak diren baina oso lotuta dauden bi  narrazio hauek elkarren ondoan jarriz, galduta sentitzen gara. Biltegia kultura-memoriaren eta mito modernoaren eszenatokian eta artxiboan eraldatuz, Tanek Maco Poloren legendazko Asiaren berreraikuntza —aldi berean berreskuratzea eta irudimenezko oroitzapena— egiten du.