Edukira zuzenean joan

Chillida 1948-1998

Atalak

Chillida 1948-1998

[I]

“Obra bat hasten dudanean ia ez dut ikusten nora zuzentzen ari naizen. Espazioko irudi bat ikusten dut nolabait, eta irudi horretatik, gutxika-gutxika, indar-lerro batzuk nabarmentzen dira. Hasieran, ia zehaztu ezin daitekeen lurrin bat da forma, zehaztu ahala inposatzen dena”.

[II]

“Bizitza osoa bila aritu naiz nire estudioan —nire leku gogokoena—, ezagutzen ez dudan horretara hurbildu nahian. Hortxe konturatu naiz nire eskulturan badagoela denbora. Denboraren bertsio arrunta ez den bertsio batean. Denboraren anaia baten bertsioan: espazioa. Espazioa eta denbora anaia bikiak dira. Erabat paraleloak diren bi kontzeptu dira, antza izugarria dutenak. Eta espazioak asko baldintzatzen nauenez, beti izan dut interesa denboran. Harmonia, erritmoa eta neurriak osatzen duten denbora interesatzen zait, erlojuaren denbora izateari utzi diona. Bestelakoa”.

[III]

“Gogoan izan behar dugu grekoek angelu zuzena aurkitu zutela. Aurkikuntza zoragarria izan zen hura izan ere, gizakiak bere itzalarekin egiten duen angelua da. Horixe izan da angelu zuzenaren aurkikuntza; eta gnomon izena eman zioten. Angelu horrek 90 gradu ditu. Hori, ordea, ez al da izango ondorengo arrazionalizazio bat? Haiek aurkitutako angeluak ez dakigu laurogeita hamar, laurogeita bederatzi edo laurogeita hamabi gradu ote dituen. Gizakiak bere itzalarekin egiten zuena da. Izan ere, angelu bizia da, mota guztietako aldagaiak izan ditzake, hor ibiliko da, gelditzen ez den beruna izango balitz bezala”.

[IV]

“Esperimentatzeko, ezagutzeko nahiak eraginda, sarritan, nire lanean hartzen dudan abiaduran etenak izaten ditut; eta beharbada esperientzia baino gehiago esperimentazioa interesatzen zaidalako da. Gainera, nahiago dut ezagutzea ezagutza baino”.

[V]

“Inoiz ez da nahikoa ezagutzen. Eta horregatik, hain zuzen, ezagutzen dugun horretan ere ezagutzen ez dena eta bere deia topatzen dugu”.

[VI]

“Gauzekin borrokan aritzen naiz, beharbada ezagutzeko baino gehiago zergatik ezin ditudan ezagutu jakiteko. Hau da, neure burua ezagutzeko”.

[VII]

“Gizaki gehienentzat, zerbait egiten jakitea zoragarria da, obrak (perfektuak?) egiteko bide bakarra da. Hala eta guztiz ere, nire ustez poetei eta artistei hilda jaiotzen zaie egiten dakigun guztia”.

[VIII]

“Arte guztiek duten alderdi komuna bi osagai aurkeztera behartuta egotea da, aldi berean, nahitaezkoak direnak: poesia —poesia pixka bat egon behar du— eta eraikuntza dosi bat. Bestela, ez baitago arterik”.

[IX]

“Natura naizen
zatian
neurrian
nire ibilbideari
izar baten antzera
jarraitzen diot
Arazo naizen
zatian
neurrian
zein da nire ibilbidea?
ba al da dakienik?