Edukira zuzenean joan

Diana Thater. Mundu bat ihesean

Iruzkinak

Diana Thater. Mundu bat ihesean

2018ko martxoaren 19an hil zen Sudan, azken errinozero zuria. Hura da Diana Thater artistaren erakusketako bideo-instalazio bateko protagonista.

Bi urte baino ez zituela harrapatu zuten Sudan Afrikan, eta Europara ekarri, bertako zirku-emanaldietan erabiltzeko. 2009an, azkenik, errinozero zurien espeziea babesteko eta horien iraupena bermatzeko premiaz konturatu ziren; izan ere, espezie horretako hiru ar baino ez zeuden bizirik munduan. Hori dela-eta, Kenyako erreserba batera eraman zuten Sudan; han, zaindu egin zuten, eta ugal zedin saiatu ziren. Sudan, baina, zaharregia zen ordurako.

Sudan hil eta espeziea desagertu baino hilabete batzuk lehenago, animaliaren irudiak filmatzeko astia izan zuen Diana Thater artistak, errinozeroa artean bizirik zela. Kenyara joan zen, eta zaintzaileen alboan filmatu zuen astebetez, gau eta egun. Beraz, Errealitatea bezain erradikala bideo-instalazioan, animaliaren erretratu bat ikusiko dugu. Artistak norbanako gisa aurkeztu digu animalia, eta agerian jarri ditu izaki bakar bihurtzen duten ezaugarriak, haren existentziaren parte direnak. Era berean, desagertzear den espezie baten erretratua ere badugu honakoa.

Thaterrek, gainera, paisaiaren generoa txertatu du obra honetan, eta asmo estetikoz erabili ditu pantailak.

Izan ere, animaliaren erretratua erakusten duen pantailarekiko zut, beste pantaila bat dago, eta horrek paisaia erakusten du. Bien irudiak tartekatu egiten dira proiekzio-bidegurutze honetan. Hala, obra osorik ikusteko, obraren inguruan ibiltzera behartzen gaitu Thaterrek.

Bi planoren intersekzio fisikoak, erretratuaren eta paisaiaren elkargunean, beste bidegurutze bat islatzen du, hain zuzen ere, ekosistema osatzen duten kontzeptuen bidegurutzea: norbanakoa eta haren bizilekua, espeziea eta harekin batera bizi diren beste animalia guztiak. Bi plano horien inguruan ibil daiteke ikuslea, eta esperientzia paregabe eta ia bitxi hori bizitzeko aukera izango du horrela, kolorez jantzitako aretoaren arkitekturaren baitan.

Errinozero-ale honen historia ezagututa, hobeto ulertuko dugu obra osoaren testuingurua. Edonola ere, artelanari begiratu eta gure buruari galdetuko diogu nola hartzen dugun parte bizitza naturalean eta espezieen arteko elkar-dependentzian. Gizakien eragina hilgarri suerta daiteke, errinozeroari berari eta haren espezie osoari gertatu zaion moduan.

Bestalde, antzeko gaia jorratzen du erakusketari izena eman dion bideo-instalazioak: Mundu bat ihesean. 2016. eta 2017. urteen bitartean egin zen, eta kasu honetan, Chyulu muinoetan, Kilimanjaroko magalean bizi diren elefanteak dira protagonista. Artistak, talde-identitatea islatu nahian, bietara grabatu zituen animaliak: banaka eta taldean. Bidegurutzean erakutsi ditu horiek ere, pantaila elkarzutetan: batetik, animaliak; bestetik, horien ingurua.

Obra horien bitartez, hainbat gairen inguruan hausnartu du Thaterrek: habitat naturalen hauskortasuna, mehatxupean dauden espezieak eta arriskuan dauden ekosistemak. Gainera, horretaz guztiaz hausnar dezagun nahi du, eta galdera luzatzen digu horretarako: gizakiok zer arrasto utziko dugu gure inguruan?

Ildo beretik doa Denbora konprimatua obra, baina bestelako egitura du. Oraingoan, artistak ez ditu pantaila elkarzutak aurkeztu; aitzitik, horma bat osatu du bederatzi monitorerekin. Hainbat filmaketa-teknika erabiliz grabatu zituen pantailetako irudiak, baina, osotara, konposizio bakarra osatzen dute. Aparte grabatu zituen animaliak eta hodeiak, egun oso batez, eta, ondoren, denen irudiak integratu zituen. Hala, begi-kolpe bakarrean ikus ditzakegu zenbait elementu natural, nahiz eta, benetan, ez ziren aldi berean gertatu. Hortik dator denbora konprimatuaren ideia, hodeien mugimendu azkartuak azpimarratzen duena.

Diana Thaterren obraren oinarrizko ezaugarriak biltzen dira hemen: artistak espazioan esku hartzen du instalazioen bidez, filtroak eta koloreak erabiltzen ditu, eta irudiak zatitzen ditu; horrela, pertzepzioaren elementuez eta horiek antolatzeko moduez pentsarazten digu.