Edukira zuzenean joan

Max Beckmann: urmargoak eta pastelak

Atalak

Max Beckmann. Urmargoak eta pastelak

Izenburua:
Max Beckmann. Urmargoak eta pastelak
Erakusketa:
Max Beckmann: urmargoak eta pastelak
Gaiak:
Artea eta umorea | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Kolorea | Bigarren Mundu Gerra | Teknika eta materialak
Mugimendu artistikoak:
Espresionismoa | Objektibotasun Berria
Teknikak:
Akuarela | Pastela
Aipatutako artistak:
Beckmann, Max

Max Beckmann batez ere pinturengatik eta grabatuengatik egin zen nazioartean ospetsu. Baina erakusketa honek ikuspegi berria eskaintzen digu, artistaren akuarelei eta pastelei soilik eskainitakoa delako. Izan ere, ia laurogei daude hemen ikusgai.

Itxuraz arinak eta iheskorrak diren teknikekin egindako lan hauek Beckmannen artearen ustekabeko fazetak agerian uzten dizkigute. Akuarelak eta pastelak beste teknika batzuekin egindako lanak baino estuago daude bere bizitzarekin lotuta. Hala, bere olio-pinturekin kontrastean, paisaiak, natura hilak eta kafetegietako eszenak, bereziki, atsegingarriak dira. Adikorrago, lasaiago sumatzen da Beckmann beste lan hauetan, alaiago alegia, eta olio-pintura konplexuetan baino naturaltasun handiagoa antzematen da konposizioan. Hemen, artistaren fazeta berri bezain harrigarriak ezagutuko ditugu, haren maisutasuna eta inprobisazioa erakutsiko digutenak, baita umorea ere, gainerako lanetan nekez sumatu ahal izango duguna.

Beckmannek ondo ezagutzen zituen pinturek, marrazkiek, grabatuek, akuarelek eta pastelek berezkoak dituzten ahalmenak. Bere etapa desberdinetan akuarelei eta pastelei eskaini zien dedikazioan eta teknika horiekin egindako lanen kopuruan gorabeherak antzematen dira. Hasierako etapan paper gaineko koloretako lan gutxi batzuk besterik egin ez bazituen ere, 1920ko hamarkadaren erdialdera gero eta garrantzi handiagoa hartzen hasi ziren lan haiek. Aldi hartan koloreak biziagoak dira eta irudiaren eta pintura planoaren arteko erlazioa aldarazita agertzen da, eta horrek pastelaren teknikan jardutera eraman zuen. 1930eko hamarkadako paper gaineko lanek —1933ko akuarelak adibidez, arte horretan Beckmannek sortutako lan gorenak direla esan ohi direnak— gero eta maisutasun handiagoa erakusten dute kolore garbien erabileran, funtsezko adierazpide gisa hartu zituelarik. Gainera, paper gaineko lanetan arreta guztia jarri izana 1933an Beckmannek izan zuen egoera pertsonal ezegonkorraren seinale ere bada. Gerraren azken urtean eta gerra osteko 1945eko aurreneko neguan nagusitutako zirkunstantzia zailak zirela medio, Beckmannek, Amsterdamen atzerriratuta zegoela, beste lan sail handi bat sortu zuen, arkatz, tinta, ikatz-ziri, akuarela eta gouache geruza lodiengatik bereizten dena. Bere bizitzako azken hamarkadan, egoera onirikoen eta gizakiaren eta unibertsoaren sorburuari buruzko galdera handiak planteatzen dituzten esperimentu intelektualen berri eman zigun artistak.

Akuarelak eta pastelak arretagai dituen erakusketa honek Max Beckmannek artean egin zuen bilaketa lana gertuagotik ulertzeko aukera eskaintzen digu, baita haren sormena haztatzekoa ere.