Edukira zuzenean joan

Max Beckmann: urmargoak eta pastelak

Sarrera

Max Beckmann. Urmargoak eta pastelak

Izenburua:
Max Beckmann. Urmargoak eta pastelak
Erakusketa:
Max Beckmann: urmargoak eta pastelak
Gaiak:
Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Kolorea | Konposizioa | Lerroa | Marrazkigintza | AEB | Alemania | Teknika eta materialak
Mugimendu artistikoak:
Espresionismoa | Objektibotasun Berria
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Beckmann, Max

Max Beckmann (Leipzig, 1884–New York, 1950) XX. mendeko artistarik garrantzitsuenetakoa da, baina bere lan bikaina ez zen 1980ra arte nabarmendu. Hala ere, azkenaldi honetan New Yorken, Zurichen eta Parisen egin dizkioten atzera begirako erakusketei esker piztu egin da bere sortzelanekiko interesa.

Beckmann pintura lan anitzagatik ez ezik, —orain hain ezagunak diren bederatzi triptikoak daude horien artean— artista grafiko gisa ere egin zen ospetsu. Bidaia Berlinen barrena (Berliner Reise, 1922) eta Infernua (Die Hölle, 1919) zikloak bereziki, funtsezko ekarpen artistikotzat hartu ohi dira orain Weimarreko Errepublika aztertzeko; ondoren, 1946an Amerikan egindako Eguna eta ametsa (Day and Dream) sailan, ia bost hamarkadetan sortutako motiboen unibertsoa agertzen da bilduta kaleidoskopio baten antzera.

Urmargo eta pastel zoragarrien adibide bakan batzuk ikusgai jarri izan dira Beckmannen lanaren analisi desberdinetan. Hortaz, zenbait obra, besteak beste Ulises (Odysseus, 1933) eta Europaren bahiketa (Der Raub der Europa, 1933) bere pintura batzuk bezain ezagunak dira. Hala ere, sakon aztertzeko dago oraindik Beckmann “paper gaineko” pintore gisa. Pastelak eta urmargoak sakabanatuta egon dira, bildumetan ezkutatuta sarritan, edo behintzat ez dira elkarren ondoan ikusgai egon bere pinturak bezala, Missouriko Saint Louis Art Museumen edo Municheko Neue Pinakothek-en esate baterako. Lan handiaren ondoren osatutako katalogo arrazoituak agerian utzi du teknika horiek, arin edo iheskor gisa hartu ohi direnek, bere ibilbide artistikoan duten garrantzia.

Hogeiko hamarkadako pastelak lerroa eta kolorea beste modu batez lantzen hasi zeneko lanak dira; 1933ko lamina handiek ere Agurra (Abfahrt, 1932–33) triptikoan lortutako tonu distiratsuak erakusten dituzte. Hogeita hamarreko hamarkadan eta berrogeikoan, urmargoek ideiez betetako bere triptiko konplexuetatik pixka bat aldendu eta lasaitzeko balio izan zioten zenbaitetan — esaterako, Bavierako edo Baltiko itsasoko paisaiak—; beste zenbaitetan, urmargoaren teknikak, esperimentazio ikonografikoa egiteko aukera eskaini zion, Beckmannengan ere ezohiko asmamena sorraraziko zuena pinturan, besteak beste [Betikotasuna (Ewichkeit, 1936)] artelanean. Goetheren Fausto II antzezlanerako lumaz egin zituen marrazkien esperientziaren ondoren, Beckmannek gerra garaian sortutako horien ondoren, 1945az geroztik orri batzuk agertu ziren luma, urmargo, gouache, ikatz-ziri eta abarren konbinazio konplexuekin. Aldi berean, hala ere, Beckmannek lan espontaneoak egiten zituen ikusmenaren bat-bateko inpresioetan oinarrituta, kafetegien eszenak adibidez.

Pinturaren eta lan grafikoaren eta konposizioetarako estudioen arteko lotura iradokitzailean, paper gaineko koloretako obrek Beckmannen esperientzia handia erakusten dute, erlaxatuta nahiz arretaz behatuz egindako lanak direlarik. Bere pintura lanekin kontrastean, lana arin hartzen duen sortzailea sumatzen da beste horietan, eta umorea eta berezkotasuna darie. Artista serio irudia, historiaren eta giza existentziaren arazoak sufritzen dituenarena, zabaldu egiten da fazeta berriak bezain harrigarriak erakutsiz; gainera, teknikari dagokionez duen maisutasuna agerikoa da paper gaineko lanetan. Lan erakargarriak dira, artistak bere buruarekin duen elkarrizketa zoragarriaren lekuko direlako, enigmatiko agertzen denean ere bai, edo bereziki orduantxe.

Mayen Beckmann eta Siegfried Gohr izan dira erakusketaren komisarioak, eta bilduma pribatu eta publikoetako ehun bat urmargo eta pastel ditu ikusgai.

Erakusketa hau Frankfurteko Schirn Kunsthalle-k antolatu du, eta Guggenheim Bilbao Museoarekin lankidetzan produzitu du.