Edukira zuzenean joan

Gerhard Richter. Itsas paisaiak

Atalak

Gerhard Richter. Itsas paisaiak

Izenburua:
Gerhard Richter. Itsas paisaiak
Erakusketa:
Gerhard Richter. Itsas paisaiak
Gaiak:
Argia | Konposizioa | Perspektiba | Itsas paisaia | Guggenheim Bilbao Museoa | Natura | Alemania
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Richter, Gerhard

1968an, Gerhard Richter artista alemaniarrak Itsas paisaia (Seestück) deituriko obretan lehena pintatu zuen. Hiru hamarkada eta hogei olio-pintura inguruk bereizten dute mihise hura artistak 1998. urtean egin zuen azken itsas paisaiatik, zeina Guggenheim Bilbao Museoaren Bilduman baitago. Urte horietan guztietan zehar, paisaia horiek tamaina eta formatu desberdinak hartu dituzte, eta hainbat kolore eta estilorekin aurkeztu dira; ostertzaren lerroa apenas igarri dakiokeen itsas paisaia abstraktu batekin hasi, eta argi anbiguo batek soilik lausotutako zeruen fotorrealismoz betetako lanak etorri ziren gero. Zeruek, mugagabe, mihisearen zati handi bat hartzen dute, eta bi kasutan baino ez du itsasoak oihalaren azalera gainditzen; ortzi-muga hodei-eraketa ezberdinek nahasita ageri da, edo erabat bare. Obra hauek paisaiaren izaera epikoari egindako erreferentziak hartzen dituzte, baita haren baitan aurki ditzakegun alderdi ezagun edo engainagarriei egindakoak ere; gainera, loturak ezartzen dituzte tradizioarekin, baita harekiko hausturarekin ere. Richterren itsas paisaia bat itsasoaren irudikapen bat baino askoz gehiago da: ilusio bat behatzeko gonbidapena da, naturaren arauak hausten dituena, hura ederragoa, dotoreagoa eta, batez ere, perfektua bihurtzeko. Paisaia horien abiapuntua bi argazki desberdinetan oinarritutako collagea da: bata zeruari dagokio, eta bestea itsasoari; hala sortzen da irudi ideala, harrapatu egiten gaituen perspektiba eta argia dituen alegiazko konposizioa. Pintura hauetako azalera laua, argazkiek dutenaren antzekoa, eskuilekin egiten den zirriborratze-teknika baten bidez lortzen da, pigmentua oso diluituta aplikatu baitaiteke horrela.

Autore askok Caspar David Friedrich-en obrarekin lotzen dituzte Gerhard Richterren sorkuntzak; artistak berak honakoa esan zuen horri buruz elkarrizketa batean: “Nire paisaiek loturak dituzte erromantizismoarekin: batzuetan egiazko desira, erakarpena sentitzen dut epealdi harekiko, eta nire pinturetako batzuk Caspar David Friedrichi egindako omenaldiak dira”. Baina, bai Friedichen bai Richterren lanek naturaren bikaintasunarekin aurrez aurre ipintzen bagaituzte ere, lehenaren koadroen eskala itzela ageriko bihurtzen da bere lanetan txertatzen dituen giza figurengatik; artean, Richterren paisaietan, ikuslea bera bilakatzen da haren itsas paisaien eskala igartzeko erreferentzia.