Edukira zuzenean joan

David Salle

Atalak

David Salle

1980ko hamarkadaz geroztik, bere buruarekiko eta nazioarteko arte-munduarekiko erronka bizi izan du David Salle-k. 1990ko hamarkadan zehar lan desberdinen hainbat serie lantzen aritu da, askotan serie desberdin horiek aldi berean jorratuz.

1990ko hamarkadan Tapizen pinturak (Tapestry Paintings) hasi zituen Sallek, XVII. mendeko tapiz italiarren diseinuak oinarritzat hartuta. Mihise zakar hauetan, pintura lantzeko moduak ehundutako oihal baten itxura eta ukipena ematen dio koadro bakoitzari. Bere aurreko lan askotan ez bezala, diptiko edo triptiko moduan osatuak haiek, pintura hauetako bakoitzak koadro bakarra osatzen du, tapizaren jatorrizko osaketa eta esanahia haustearren irudi txikiak estrategikoki txertatu zaizkiolarik. Beste irudi batzuek, komikietako testu-bunbuiloak eta Bunrakuko txotxongilo-buruak esaterako, areago eteten dute narratiba, eta aldi berean, umore-ukitu bat gehitzen diete berreraikitako eszena hauei. 1980ko hamarkadako emakumezkoen irudien aldean, grisailan egindako paneletan agertzen diren emakumeak arlekinez edo antzeko pertsonaiez jantzita agertu ohi dira. Figura hauek probokazio sexual gutxiago dute, nahiz eta probokazio hori guztiz desagertu ez.

1993an Ekoizpen goiztiarreko pinturak (Early Product Paintings) sortu zituen Sallek. Margolan hauek Barre-algarak irteterakoan (Exit Laughing) izenekoak bezala, James Rosenquist pop autore estatubatuarrarenak dakarzkigute gogora, edari alkoholikoen, etxetresna elektrikoen eta zigarroen iragarkiak nahasian agertzen baitzaizkigu. Garai bertsuan, Balletari buruzko pinturak (Ballet Paintings) egin zituen Sallek. Pintura hauen fondoak 1950eko hamarkadako argazkietan oinarritzen dira, Parisko balletaren dantzari ospetsuen entseguetan egindakoak, eta ordura artekoa baino keinubidezko pintzelkada askeagoa antzematen da bertan.

Salleren azken urteotako lanetan hartzak, barrualdeak, kristalak eta ispiluak agertzen dira batez ere. Aurreko urteetako lanekin alderatuta, koadro hauek kolore gehiago dute, eta argazkigintzan oinarritutako osagai gutxiago. Gainera, koadroetan txertatzen dituen panel asko ez dira angeluzuzenak edo obalak soilik, panel kurboak eta izar formakoak ere erabiltzen baititu. Artista gisa heltzean ere, bere irudiak garatu eta berrasmatzeko modu berriekin txunditzen jarraitzen du Sallek. Bere karrera osoan zehar estilo intuitibo aldakorra landu du, era askotako iturrietan oinarrituz. Azken batean, oso berezkoa eta hautematen erraza den estiloa sortu du Sallek.

David Salle, 1980ko hamarkadaren hasieran nabarmendu ziren Ameriketako Estatu Batuetako artistarik ezagunenetakoa dugu. Haren pinturaren estilo bereziak eragin handia izan zuen hamarkada hartako artelan gehienen ezaugarri nabarmenena izango zen neurri handiko pintura figuratiboaren nazioarteko ernaberritzean. Amsterdameko Stedelijk Museumek antolatutako atzera begirako erakusketa zabal honetan, artista honen ibilbideko hogei urte hartzen dira: 1980 ingurutik gaur egunera arte bitarteko urteak.

Salle New Yorken bizi da eta han egiten du lan. Estatu Batuetako mendebal-erdialdean hazi zen, eta 1970ko hamarkadan California Institute of the Arts ikastegi sortu berrian ikasi zuen. Ikastegi hartan hasiko zen zinemagintzako teknikak bere margolanetan erabiltzen, besteak beste, zinemako muntaketa eta pantaila zatikatua. Ikasketak bukatu ondoren, New Yorkera joan zen bizitzera, eta han bere irudi konplexu eta bisualki bizkorgarriek entzute handia eskuratu zuten berehala, 1980ko hamarkada hartako nazioarteko arte-giroetan.

Artista honek, bere belaunaldiko beste artista askok bezalaxe, bidean aurkitutako irudiei zor die bere irudi-sortaren aberastasuna, inspiraziotzat hartu baitzituen. Artearen historia, publizitatea, diseinua eta kultura herrikoiko eszenak hartuz, kultur erreferentzia nahasiko anabasa sortzen du Sallek. Haren margolanetan artista askoren eragina antzematen dugu: Velázquez eta Bernini barrokoena, Cézanne pintore postinpresionistarena, Giacometti eta Magritte surrealistena, eta Jasper Johns gerraondoko artista estatubatuarrarena, besteak beste. Arte Ederrez gain, dekorazio-arteak eta arte erotikoa ere inspiraziotzat hartzen ditu Sallek. Artistak bere estudioan egindako argazkietatik abiatuta egindako emakumezko figuren irudikapen erotikoak edota hainbat iturrietatik kopiatutako osagai eta barrualdeen irudiak ikus ditzakegu Salleren koadro askotan. Eszena hauekin batera, diseinuko hiru dimentsioko objektuak agertzen dira batzuetan, hala nola, mahaiak, oihal estanpatuak eta botilak. Beste batzuetan, Sallek literatura edo zinemako izenak edo izenburuak txertatzen ditu bere koadroetan, Tennyson edo King Kong esate baterako.

Salleren obra postmodernotasuna deitu izan denaren erakusgarri bikaina dugu. Modernotasuneko protagonistek beren buruari buruzko gogoetak egiteko joera baldin bazuten, artista postmodernoek haraindikotasuna bilatzen dute inguratzen dituen mundu material zatikatuaren baitan. Sallek mundu honetatik margotzen du, eta irudi eta estiloen jatorrizko testuinguruak urrutiko oroitzapenak bailiran lausotzen direneko beste mundu bat sortzen du. Bere koadroek konbentzio narratiboak indargabetu eta azpikoz gora jartzen dituzte, eta hala, ikustearen nagusitasuna nabarmentzea eta zirrarak sortzea helburu nagusitzat duten ikusmeneko gertakariak bilakatzen dira koadro horiek.

Erakusketa honetan ikusgai dauden koadroez gain, arte-munduko beste hainbat alor landu ditu Sallek, eskultura eta zinemagintza esaterako, Search and Destroy izeneko filmea egin baitzuen. Horrez gain, Karole Armitage-ren koreografia duten punk kutsuko balletentzako dekoratuen diseinuak egin zituen. Koreografo hau maiz agertzen da Sallek 1980ko hamarkadako azken urteetan egindako koadroetan, Byron-ek Wellington-ez egindako aipua (Byron’s Reference to Wellington) izenekoan adibidez (1987).