Edukira zuzenean joan

Jesper Just: Ikuskizun izengabe hau

Iruzkinak

Jesper Just: Ikuskizun izengabe hau

Jesper Just artista daniarraren lanak teknologia zinematografikoaren eta instalazioaren berezko estrategiak uztartzen ditu inplikazio emozional konplexuak eta amaiera irekia izan ohi duten kontakizun bisualak sortzeko. Bere lanean, Justek irauli egiten ditu Hollywoodeko zinemaren ohiko estereotipoak, genero-, identitate- eta desio-adierazpen konbentzionalak sistematikoki zalantzan jarriz.

Artistak 8, 16 edo 35 milimetroko pelikulan filmatzen du material guztia, eta ondoren, bereizmen handiko bideora transferitzen du. Hala, haren irudiek trinkotasun handiko giroa transmititzen dute. Artistak musikari ezberdinekin egiten du lan pieza bakoitzari soinu-banda original bat emateko. Sarritan, askotariko bideo-kanalak, soinua, eskulturari zein arkitekturari dagozkion elementuak eta zuzeneko performanceak erabiltzen ditu. Justen lana Veneziako Bienalean egon da erakusgai, bai eta Europako eta Estatu Batuetako hainbat museo eta galeriatan ere.

Film & Video atalean aurkezten dizuegun honako artelan hau enkargu bat izan zen, Pariseko kanpoaldean dagoen Val-de-Marneko Arte Garaikideko Museoak 2011. urtean egindakoa. Obraren izenburua, Ikuskizun izengabe hau, William Carlos Williams idazle estatubatuarrak 1923an idatzitako olerki batetik hartutakoa da. Olerkiak eguneroko bizitzak eskaintzen dizkigun egoera hutsal eta anonimoen edertasun liluragarria goraipatzen du.

Lehenik eta behin, gurpil-aulkian dabilen adin ertaineko pertsonaia femenino bat ikusten dugu Pariseko Buttes-Chaumont parke ospetsuan barrena. Ondoren, pertsona bera kale huts batean agertzen da. Distantzia batera, mutil bat du atzetik. Hollywoodeko thriller batean edo zinema beltzean bezala, ez dakigu zein den bien arteko harremana: maiteminduta al daude? Familia-loturaren bat al dute? Gizonezkoak jazarri egiten dio emakumeari? Etxera iristean, emakumea gurpil-aulkitik jaiki eta leihotik begira hasten da, urruneko eraikin batean islatzen den eguzki-printza batek liluratuta. Mutil gaztea beste eraikin horren barruan dago, eta emakumeari eguzkiak begietan jotzeko moduan jartzen du leihoa, hari begira. Emakumea erori egiten da, agian nerbio-krisi batek edo sexu-estasiak jota. Handik pixka batera, jaiki eta planotik ateratzen da. Gazteak atsekabetuta dirudi, eta etsita kolpekatzen du leihoa.

Filmaren ekintza bi pantaila panoramiko handitan dago erakusgai. Bi pantailak elkarren parean daude kokatuta. Bi pertsonaien arteko harremana beren begiraden bidez adierazten da soilik. Era berean, filmaren ikusleak zinema-irudietan murgiltzen dira, eta kontakizun anbiguo eta, azken finean, amaigabe baten lekuko eta partaide bihurtzen dira.

Ikuskizun izengabe hau lanean, Justek nabarmen areagotzen ditu melodrama eta misterioa, ikusleek ikusitakoa zalantzan jartzen dutela ziurtatzeko. Halaber, artistak xehetasun ezkutuak gehitzen dizkie bere filmei, kontakizuna are anbiguoagoa egiteko; esate baterako, istorio honetako protagonista Marie-France Garcia aktore transgeneroa da. Eszenako parke hostotsuak ere iragan ezkutua du, 1860ko hamarkadan eraikitako paisaia itxuraz idilikoa leku tristea izan baitzen: XIII. mendean urkamendi bat izan zen, geroago abere-hiltzaileek animalien hondakinak botatzeko erabili zuten, eta, ondoren, hondakin-urak botatzeko gunea izan zen.