Edukira zuzenean joan

Cecilia Bengolea. Ur-animazioak

Cecilia Bengolea. Ur-animazioak

Bengolea Buenos Airesen jaioa da, eta egun Parisen bizi da. Bideo-artearen, performancearen eta eskulturaren bidez, Bengoleak ikergai ditu natura, gauza eta izaki orok arima dutela dioten sinesmen animistak eta espezieen arteko komunikazioa. Artistak arreta berezia eskaintzen dio dantzak bizitzaren alderdi guztiak sintetizatzeko duen gaitasunari; izan alderdi horiek gizakiarekin lotuak, izan gizakiarekin lotu gabeak. Bengoleak bideo-eskulturatzat ditu bere lanak, eta, haren ustez, objektu artistiko gisa irudikatzen dute gorputza, ezaugarri eskultorikoekin eta mugimenduak koreografiatzeko borondatez.

Hemen ikusgai ditugun hiru obren bidez, urarekin, jariakortasunarekin eta likidoarekin lotutako esperientziak aztertzen ditu. Gelaurrean, bistaratze bolumetrikoko teknologiarekin sortutako bi bideo topatuko ditugu. Pieza hau sortzeko Bengoleak bere gorputza hainbat jarrera koreografiatutan eskaneatu, eta irudi digitalak sortu zituen; ondoren, manipulatu egin zituen ordenagailuaren laguntzarekin, hiru dimentsiotan ipintzeko. Pantaila fin-fin eta zeharrargi batean proiektatzen dira horrela lorturiko irudiak, eta bira egiten dute: badirudi espazioan flotatzen ari direla.

Bestiarioan, izaki fantastiko eta mitologikoen ur-jauzi bat ikusiko dugu. Izaki horiek bata bestean  etengabe itxuraldatzen ikusiko ditugu, jariakortasun irisatua a erakutsiz. Bengoleak inspirazio-iturri gisa hartzen ditu Jorge Luis Borges idazle argentinarraren Alegiazko izakien liburua eta xvii. mendeko filosofo holandar Baruch Spinoza, zeinak sinesten baitzuen gorputzek potentzial infinitua dutela egokitzeko eta eraldatzeko.

Posizio gogokoenak, berriz, olagarroaren adimenaren azterketan oinarritua da. Animalia horrek nerbio-sistema deszentralizatua du, eta, hari esker, gorputzaren zati guztiek dituzte zerebroaren tankerako funtzioak eta adimena. Bengolea olagarroaren malgutasunaz baliatzen da, eta bere gorputza irudikatzen du likidotzen, tantaka erortzen eta urtzen den entitate gisa, posizio batetik hurrengora igaroz. Hartara, hainbat dimentsiotan mugitzeko gai den izaki bat sortzen du; alegia, posizio infinituetarantz mudatzeko eta ingurunearekin harreman erabat jariakorra izateko gai den izaki bat. Barneko eta kanpoko esperientzien arteko mugak lausotuta, Bengoleak adimenaren izaera aztertzen du, eta irudikatzen du zer-nolakoa ote litzatekeen besoekin, hankekin eta gorputzarekin pentsatzea eta jardutea, garunarekin egin beharrean.

Azkenik, erakusketaren gune nagusian, Tximista-dantza topatuko dugu. Jamaikan filmaturiko obra hori lankidetzan egina da Bengolearen eta dancehall estilo garaikideko dantzari nabarmenetako batzuen artean: euripean egin zituzten koreografiak, bakarka zein taldean. Haien mugimenduak azpimarratu egiten dira, klima tropikaleko ohiko ekaitzekin lorturiko interakzioaren eraginez: gorputza blai eginda, dantzariek indarrez zapaltzen dituzte putzu handiak, eta albotik igarotzen diren autoek, berriz, alde guztietara isurtzen dituzte zipriztinak. Tximistek argitzen dute hondoa; ekaitzaren soinuek markatzen dute dantzaren erritmoa; eta desagertu egiten dira naturaren eta giza gorputzaren arteko mugak. Jamaika aldean, dancehall musika da nagusi 1980ko hamarkadatik. Dantza laikoaren forma batekin loturik dago, eta hainbat elementu irudikatzen dira; esate baterako, Jamaikako erritu erlijioso tradizionalen elementuak, imajinatutako animalien arimak, dilema sozialak, bulkada sexualak eta emoziorik indartsuenak. Bengolearen ustez, goratze holistiko bat da, espirituala, eta bizitzaren alderdi guztiak biltzen ditu mundu guztiak eskura duen energia-emari mugagabe batean.