Edukira zuzenean joan

Monira Al Qadiri. Laurden sakratua

Monira Al Qadiri. Laurden sakratua

Info gehiago

Atalak

Narrazioa

Wabar gara.

Airea baino finagoa den hauts gorputza gara.

Bateratzen eta elkarrekin dantzan, bero eta maitasun atomikozko eztandatan.

Hona ekarri gintuzten lur antzu honetatik isurtzen diren izpi magnetikoek.

Atera gintuzten ez hemen ez han ez dagoen espazio batetik.

Materiak formarik ez duen lekutik, ezleku batetik.

Orduan, bat-batean, perla baten bila dabilen urpekaria bezala,

lur hau gure zulo ilunera hurbildu zen,

eta jaisteko deia egin zigun.

Berarengana etortzeko kantatu zigun, gure maitasunez besarka genezan.

Deia onartu egin genuen.

Argi distiratsu bihurtu ginen zerumuga ilunean,

lehenengo txinparta, gero argi-lerro, eta geroago bero bolada izugarri.

Gure gorputzak hegan egin zuen.

Burrunba egin zuen krakaldi gorgarri baten soinuak.

Hondarrean talka egin genuen, infernuko su garrez inguratuta.

Perretxiko hodei sutsu bat zeruaren behealdean zintzilik dago orain,

ortzadarraren koloreekin distira bikainak eginez.

Arroka solidoak apar bilakatzen diren heinean eta urtutako beira beltz gorrixken tantak erortzen diren heinean, denok bihurtzen gara ikuskizunaren parte.

Bertan egin genuen lo.

Luzaroan egin genuen lo leku idor hartan.

Orduan, duela ehun urte,

gizon zurbil batek basamortua zeharkatu zuen gure loa eteteko.

Hegoaldeko hareetan lurperatutako antzinako hiri baten aztarnen bila zebilen.

Jainkoak bere bide dekadenteengatik zigortu zuen herri baten aztarnak ziren.

Zerutik eguzkiak argitzen du hiria;

ez errua bota orain alferrik bilatzen duen gidariari,

Potentzia suntsitzaileak kolpatu baitzuen,

soilki, kotoizko bata edo zetazko txabusinarik gabe.

Bere gogoak hondar bizien aldartea harrapatua zuen, beti mugimenduan, itsasoa bezain leun edo bortitz. Bere ametsak amesgaizto bihurtu ziren, eraikin luze eta baxuen ikuspegi, legar distiratsu gainean etengabe biraka, hegan egiten zuen bitartean zoru birakari baten gainean mugitzen ziren objektuetan eserita zegoen aingeru talde baten ondotik.

Bere bizitzako esperientziarik bitxiena izan zen.

Eta orain, erromes baten debozioz, hainbeste denboraz hausnartu zituen misterioen beloa kentzeko puntuan zegoen.

Gailurrera heldu eta behekooi begiratu zigun, Wabarren kondairoi.

Harritu egin zen antzinako hiri baten aztarnak ez aurkitzean,

sumendi baten ahoa baizik, gaizki pentsatu zuen bezala.

Ez zekien barre ala negar egin, urteetako ametsa apurtzen zuen leku bat ikusita. Nekez imajina zitekeen Hondar handien igarkizun-poemaren emaitza txundigarriagorik.

Baina bazegoen igarkizun sakonago bat.

Ez ginelako lurrekoak, zerukoak baizik.

Eta hau ez zen gure lehen bisita.

Duela urte asko-asko, behin jaitsi egin ginen.

Jendeak gure zeruko lurreratzea jainkozkotzat hartu zuen eta gu gurtzen hasi zen.

Gure boterea hain zen handia non gugatik borrokatu zen,

eta zati txikiago askotan hautsi gintuen.

Intsentsu bloke batean sartu gintuzten.

Lurrin aberats baten usain muskutsuz inguratuta,

maitasunez intoxikatuta geunden.

Bildu egin gintuen, elkarrekin mantendu gintuen urte haietan guztietan.

Zorionaren jariakinak gainezka egin zuen.

Goizeko ihintzaren zeruko tantak alaitasun eta poz-malko bihurtu ziren, perla bilakatuz.

Baina kontuz perla beltzaren madarikazioarekin.

Zeren lurra egarri bada, eta gaixotasun handiak hausten badu, biziaren sehaska mehatxatzen baita.

Izaki guztiak beldurrez beteko dira.

Euria gelditu egingo da eta ez da ezer loratuko.

Guztiak borrokatuko dira bizitzaren urarengatik.

Hodeiak koldarki mehetzen diren heinean, olatuak azpiratu egingo dira.

Hezurduren ikuspegia baino ez da geratuko.

Ez da ahorik elikatuko, ez begirik asebeteko.

Isiltasunak eta beldurrak bat egingo dute, bizitza guztia geldiaraziz.

Beraz, etorri gurekin orain, aukera dezagun beste patu bat elkarrekin.

Musuka gaitzazu.

Laztandu.

Gurtu.

Eta ez izan beldurrik.

Wabarrek babestuko zaitu.

 

Itzulpena: Xabier Paya

BESTE ATALAK

Monira Al Qadiri. Laurden sakratua

Monira Al Qadiri. Laurden sakratua, Atala, 2022

Info gehiago

Narrazioa

Monira Al Qadiri. Laurden sakratua, Atala, 2022

Info gehiago