Edukira zuzenean joan

The Otolith Group: O Horizontea

The Otolith Group. O Horizontea

Guggenheim Bilbao Museoaren izenean, ongi etorri Film & Video aretora: oraingo honetan The Otolith Group taldearen O Horizontea erakusketa dugu ikusgai bertan. Kontuan izanik soinua funtsezko elementua dela film-instalazio honetan, mesedez, aditu entzuteko gida hau areto nagusira sartu aurretik.

The Otolith Group 2002an sortu zen Londreseko bi artistaren eskutik: Anjalika Sagar (1968an jaioa) eta Kodwo Eshun (1966an jaioa). Ikerketa eta ikasketa abiapuntu harturik, taldeak askotariko obrak ekoitzi ditu mugimendudun irudiaren, soinu-esparruaren, performancearen, instalazioaren eta komisariotzaren bidez. O Horizontea 90 minutuko film-instalazioa da, The Otolith Groupek 2018an sortua bost urtez ikerketa-lan sakona egin ondoren, bai artxiboan, bai tokian bertan. Filmaren ardatza Visva Bharati da, Rabindranath Tagore poeta handiak 1921ean sorturiko arte esperimentaleko ikastegia, gaur egun unibertsitate nazional bihurtua. Visva Bharati Indiako Santiniketan herrian dago, Mendebaldeko Bengala eskualdean, eta kolonialismo britainiarraren ondorioz Indian ezarri zen metodologia akademikoaren aurkako erreakzio gisa sortu zen. Tagore Literaturako Nobel saria irabazi zuen lehen idazle ez-mendebaldarra izan zen. Hark irudikaturiko arte-hezkuntzako sistemak ikasleen emantzipazio mentala sustatzen zuen, eta, era berean, praktika artistikoak lurraren pedagogian integratzea bultzatzen zuen.

Filma 1400. urtea olerkiarekin hasten da. 1896an konposaturiko poema horretan, Tagore udaberriaren etorreraz ari zaie etorkizuneko irakurleei. Visva Bharatiko klaustroko kideetako baten ahotsa entzun daiteke Tagoreren bertsoak errezitatzen: “Gaur, hemendik ehun urtera,/ nor zarete eserita zaudetenok, nire poema hau irakurtzen,/ jakin-minak harturik, hemendik ehun urtera?”. Poemak etorkizunerako gonbidapena luzatzen du, geroak mezu bat itzuliko dion itxaropen kimerikoarekin, eta ez du galdetzen munduaren itxuraz bakarrik: The Otolith Groupen arabera, munduaren bilakaera klimatikoari buruz ere itauntzen du, gure ingurune naturalaren eta haren zikloen aurrean dugun ikuspegiaz, giza jardunaren ondorioz zikloak aldatuta ageri diren uneotan. 

O Horizontea obrak Visva Bharatiren campusean eginiko ibilbideak gainditu egiten ditu dokumentalaren mugak; izan ere, tartekatu egiten ditu, batetik, lan eta diskurtso akademikoaren sekuentzia deskribatzaileak, eta bestetik, iradokitzaileagoak eta, kasu askotan, teatralak diren bestelako sekuentziak. Hori horrela, tokiaren alderdirik lirikoena arakatzen du, eta, une batzuetan, film musikalen edo operen berezko giroa sortzen du bertsio zinematografikoan. Kamera gidari dugu dantzetan, entseguetan eta erritualetan zehar, barne- eta kanpo-espazioetako eskoletan barrena, baita artistek euren artean egiten dituzten entsegu-saioetan ere.

Kabir poetaren kantu mistikoak aditzen dira biziki estilizatua den Bengalako dhrupad kantu-estilo klasikoan trebatutako artista batek interpretatuta; abesti horien edukiak eta tonu epikoak musika-tresna bat balitz bezala dakarte gogora giza gorputza. Filmean, “gorputz hau dunbal baten pare da…” dioen errepika entzuten dugu, kantu-mota horri akonpainamendua egin ohi dioten hari-instrumentuetako bati erreferentzia eginez. Kabirren poemari jarraituz, maiteak erritmikoki jotako instrumentu gisa aurkezten du abeslariak giza gorputza. Beste sekuentzia batean, baul kongregazioko poeta bat ageri da —hau da, maitasun mistikoa kantatuz eta limosna eskatuz bizi diren trobadore alderrai bat—, eta jainkoei arren eskatzen die laguntzeko ”beste aldeko ur-ertzera” igarotzen; hots, jainkoen argialdira, Indiako ikonografia klasikoaren arabera. Bengalako pikondo baten azpian, akademiko-talde batek Giza erlijioa dute solaserako gai, 1930ean Tagorek Oxforden emaniko hitzaldi-sorta bat, alegia. Bertan, Tagorek hainbat auzi jorratu zituen, hala nola bilakaera kulturala, sormena eta gizakien eta ekosistemaren arteko oreka. Bere garaiari aurre hartuta, Tagorek  bere buruari galde egiten zion zein izango ote zen giza espeziearen garapen harmoniatsuena eta zein autokontzientzia-maila izan behar ote zuten zibilizazioaren aurrerabidearen alderdi guztiek, kontuan izanik artea nabarmentzen dela haien guztien artetik, estandarte gisa. Egungo Santiniketanen irudiek ederki jasotzen dute Tagoreren ondarearen eta haren ikuspegien legatua, eta, irudioi esker, haren galdera entzun dezakegu, gaur egungo munduaren erronkak ardatz harturik. Horien artean, ingurumen-inpaktuak kudeatzea izango da agian kritikoena etorkizuneko belaunaldientzat, aurrerapen industrialen eta haiei loturiko bizimoduaren ondorioz. Filmaren izenburuak, hain zuzen ere, agronomoek “O horizontea” izenez ezagutzen duten lurzoruaren geruzari egiten dio erreferentzia; hau da, lurraren gainazaleko elementu organikoak deskonposatzen diren tokiari, hurrengo belaunaldientzat elikagai bihur daitezen.

The Otolith Groupen pentsamenduaren eta ikerketa artistikoaren esparru hori sendotuz, erakusketaren sarreran beste pieza batzuk ere badaude ikusgai; Santiniketaneko ekosistemaz, haren historiaz eta meandro ugariez hausnartzen duten piezak. Alde batetik, Santiniketaneko ikasketak izenburua duten argazki-collageak ageri dira: oroimen-geruzen pilaketa ia geologikoa erakusten digute ikastegiko lekurik garrantzitsuenetan. Pieza horiekin batera, Vidya Sagar artistaren marrazki-sorta bat ere badago ikusgai. Santiniketaneko ondarearen eramaile izan zen Sagar, eta hark sorturiko abstrakzio-modua modernoa da, baina, aldi berean, Indiako arte tantrikoaren erresonantzia klasikoz betea. Bere azken egunetara arte, Sagar sarritan aritu izan zen elkarlanean The Otolith Group taldearekin. Hari eskainia da O Horizontea proiektua.