- Izenburua:
- The Otolith Group: O Horizontea
- Data:
- 2022ko ekainak 23 - 2022ko urriak 9
- Komisariotza:
- Manuel Cirauqui
- Erakusketa mota:
- Banakakoa
- Gaiak:
- Artea eta gizarte iraultza | Artea eta politika | Denbora | Espazioa | Marrazkigintza | Filosofia | Naturaren Filosofia | Natura | India | Poesia | Musika | Mahatma Gandhi | Rabindranath Tagore
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Garaikidea
- Erakusketa birtuala:
- https://www.guggenheim-bilbao.eus/eu/erakusketak/the-otolith-group-o-horizon
2002az geroztik, The Otolith Group taldeak —Anjalika Sagar (Londres, 1968) eta Kodwo Eshun (Londres, 1966)— filmak, soinuzko obrak, instalazioak, erakusketak eta testuak egin ditu ikerlan zabalean, pentsamendu deskolonialean eta adiskidetasun transkulturalean oinarrituta. Organismoari orientatzea, oreka mantentzea nahiz azelerazioa eta kokapena igartzea ahalbidetzen dion egitura sentsoriala da barne-belarria, eta bertan sortzen dira animalia ornodunen kasuan otolitoak, kare-koskor txiki batzuk. Hortik hartu du taldeak izena, askotariko dimentsioetan jarduteko duen asmoa alegorikoki aditzera emateko.
Erakusketa honen erdigunean O Horizontea film-instalazioa erakusten da. Obrak Santiniketan herrian (Mendebaldeko Bengala, India) dagoen Visva Bharati eskola jasotzen du irudietan: ingurumenarekin konpromisoa hartua duen arte-erakunde moderno bat, Literaturako Nobel Saridun Rabindranath Tagore idazleak 1921ean sortua. Tagore autore unibertsalista, hezitzailea eta erreformista soziala izan zen, eta India independentziarantz eta eraldaketa kulturalerantz gidatzeaz gain, gure orainaldi globalizatuaren gakoetako batzuk aurreratu zituen, besteak beste, ingurumenaren zaintza, liskar nazionalisten mehatxua eta belaunaldien arteko transmisioaren garrantzia. Filmak Tagoreren ikuspegiaren iraunkortasunari behatzen dio, eta poema batekin hasten da, non idazleak udaberriaren iritsierari eta beren inguruan loratzen den naturari buruz galde egiten dien etorkizuneko irakurleei (“hemendik ehun urtera”). Tagoreren testuaren zentzurik sakonena jasota, O Horizontea lanak geroari buruz poetak planteatutako galderari erantzutea du xede: etorkizunetik bidalitako mezu bat da.
Erregistro-sekuentzia jori batean, filmak campusean eta bertako dantza, saio eta erritualetan zehar eramaten gaitu; halako kutsu mistikoa eta poesia epikoa darien abestietan zehar; barnealdean eta aire zabalean egiten diren eskoletan zehar; hizketaldietan eta jolasetan zehar; isilik behatutako animalien begiradetan eta landarediaren sakontasunean zehar. Tagoreren ikuspegi ekologikoa beti dago presente Visva Bharatiren sorreraren giltzarri gisa; arteak eta artisautzak bat egiten duten lekua da, lurrarekin estu lotuta. Poetak inguruetako eremuetatik hondakin emankorrak ekarrita lurzorua indarberritzeko egindako ahaleginak —bai kulturaren bai nekazaritzaren arloan— denboraren joanean, orain den lur emankor eta bizitasun handiko hori bihurtu du Santiniketan. Transformazio horren fase erabakigarri bat lurzoruaren goiko geruzan gertatzen da —bertan hostoak, belarra, fruta eta animalia-hondarrak deskonposatzen dira—, agronomoek “O horizontea” deituriko horretan, eta proiektu filmikoak hortik hartu du izenburua. The Otolith Groupentzat, espazio hain hauskor eta dinamiko horren oinarri poetikoa eta politikoa funtsezko elementua da, ez bakarrik Tagoreren pedagogian, baita norabide ekologikoa eta “kosmopolitikoa” hartu duen pentsamendu garaikidearen garapenean ere.
Pentsamendu hori Santiniketaneko ikasketak izeneko fotomuntaia-sailean ere ageri da, eta erakusketaren sarreran lan-multzo horretako zenbait pieza daude ikusgai. The Otolith Groupen obra hori O Horizontea lanaren ekoizpenarekin batera doan apunte-koadernotzat har daiteke, baina baita filmaren bulkada arkeologiko eta espekulatiboaren hedapentzat ere. Irudi bakoitzak funtsezko figurei hel egiten die —besteak beste, Mahatma Ghandi eta K. G. Subramanyan artista eta hezitzailea— eta modu anakronikoan uztartzen dira belaunaldi ugariren hainbat oroitzapen geruzarekin. Gainera, zuhaitzak behin eta berriro errepikatzen dira sailean: Tagoreren hezkuntza-sisteman bereizgarri diren “zuhaitz azpiko eskolen” gisara aire zabalean jarritako zirkuluen erdian ageri dira. Naturaren bizitza luzearen ikur, zuhaitzak agronomia erregeneratiboaren adierazpena dira, baita sortu zenetik Santiniketanen praktikatu izan den “terraformazio” proiektuarena ere.
Gune berean ikusgai daude, baita ere, Vydia Sagar (1938–2016) artistaren paper gaineko lanak. Sagar Anjalika Sagarren aita zen, eta denbora luzez aritu zen The Otolith Groupekin elkarlanean; hari eskainia dago O Horizontea. 1960ko hamarkadan Indiako kulturan gertatu ziren eraldaketa erradikalen baitan Tagoreren eskolaren eta Santiniketaneko espirituaren eragina jaso zuen belaunaldi bateko kide izan zen. Sagar adibide gailenetako bat da Visva Bharatiren zeharkako kulturan, zeinaren arabera, hizkuntza formalak beste arte-forma batzuen prisma gisa diharduen. Sagarren marrazki abstraktuen hautaketa bat dago hemen ikusgai; Indiako ikonografia klasikoaren ereduak berrinterpretatuz zenbaitetan, eta O Horizontearen funts poetikoarekin bat, autoreak begiz antzemateko musikaltasun uneak sortzeko erabiltzen dituen profil finak eta tonu pastel leunak bereizten dira bertan.