Edukira zuzenean joan

Sky Hopinka: Korde gabe

Iruzkinak

Korde gabe (Fainting Spells

Film & Video aretoak, Sky Hopinkari eskainitako erakusketa honen baitan, artistak 2018an eginiko Korde gabe (Fainting Spells) bideo-instalazioa jartzen du ikusgai.

Hopinka Wisconsingo Ho-chunk nazioko kidea da, eta Kaliforniako Luiseño herriaren Pechanga Bandaren ondorengoa. Ferndale hirian jaio eta hazi zen (Washington, AEB), eta zenbait urtez bizi izan zen Palm Springs eta Riversiden (Kalifornia), Portlanden (Oregon) eta Milwaukeen (Wisconsin). Portlanden zegoela, Columbia ibaiaren behe arroan hitz egiten den chinuk wawa hizkuntza ikasi eta irakatsi zuen.

Bere obraren bidez, Hopinkak bere aberriaz eta hango paisaiaz duen ikuspegia islatzen du, eta, era berean, hizkuntza kulturaren edukiontzi gisa aurkezten digu. Baliabide pertsonalak, bitarteko dokumentalak eta ez-fikziozkoak erabiliz, indigenen kultura, historia eta sinesmen tradizionalak aztertzen ditu bideo-, zinema- eta argazkigintza-lanen bidez. Eginahal horretan, identitatea, memoria, hizkuntza eta mitoa bezalako gaiak jorratzen ditu.

Bere filmek bizimodu indigena garaikidearen konplexutasunei buruz hausnartzen dute, eta horietan Hopinkak ikuspegi “etnopoetikoarekin” fusionatzen du zinema ez-narratiboa. Estrategia horiek baliatuta, Hopinkak aurre egin nahi dio urte askoan ikus-entzuneko euskarrietan kultura indigenak aztertzerakoan baliatu izan den begirada etnografikoari.

Korde gabe hiru kanaleko koloretako bideo soinudun bat da, eta Xąwįska edo indiar pipa landarea deritzonaren sorreraren nondik norakoak ikertu ditu; “mamu-lorea” edo “hilotz-landarea” ere esaten zaio landare horri. Ho-Chunk herriak lorea ematen duen sendabelar hori baliatu izan du kordea galdu duen norbait bere onera ekartzeko. Era berean, Xąwįskak indigenen nortasuna, jakintza eta kulturak gorpuzten ditu.

Xąwįskaren sinbolismoak bizitza- eta heriotza-zikloekiko eta mundu espiritualarekiko loturak ditu ere. Hopinkak luze-zabal ikertu zuen sendabelar horren inguruan, eta, ez zuenez aurkitu haren jatorria zehazten zuen mitorik, berak asmatu zuen bat. Artistak berak azaldu du hori egiterakoan mitogintzaren tradizioari ikuspegi garaikidetik heldu nahi izan ziola, bere kulturaren jabe eginez eta bere tradizioak aldarrikatuz.

Bideoa eskuz idatzitako poema batekin hasten da: paisaia zabal eta koloretsuz beteriko eszenetan gainjarrita agertzen dira hitzak, musika iradokitzailez lagunduta. Xąwįskari zuzentzen zaizkio poemako hitzak. Irudietan, landarea kapa batean bilduriko figura gisa pertsonifikatuta agertzen da. Pertsonaiak espiritu-mundua zeharkatzera garamatza hainbat kontzientzia-egoeraren bidez. Hopinkak, bere lanean ohikoa den moduan, esperientzia pertsonalak biltzen ditu lan honetan: musika instrumentalez lagunduriko paisaia soinudun aberats eta inguratzaile honetan, bere aitaren ahots grabatua entzuten da.

Artistaren iritzian, Korde gabe lanak arakatzen du “zer erakusten diguten mitoek eta nola; zer-nola ageri diren mitoak gaur egungo komunitate indigenetan, eta zer eragin duten munduarekin erlazionatzeko dugun moduan”. Gehienbat Washingtonen eta Coloradon grabatua da bideoa, eta ametsetako narratiba bat sortzen du musika, poesia, irudia, soinua eta kolorea konbinatuz. Hala, artistak murgiltze-esperientzia paregabe bat bizitzeko gonbita egiten digu, Guggenheim Bilbao Museorako bereziki egokitutako bertsio honetan.