Edukira zuzenean joan

Sky Hopinka: Korde gabe

Film & Bideo

Poema Korde gabe (2018)

Xąwįska, Mamu Landare, berriro galdu duzu kordea.

Lore bat erauzi dizut sorbaldatik

eta hatz artean kiribildu dut

birrin griskara bihurtu den arte.

Su eman diot, eta zure aurpegirantz egin diot putz keari.

Zu noiz esnatuko zain, gogoeta egin dut zenbatetanez ote nauen

esnatu ameskeriatik zure barre-algarak.

Zer dira berde-urdin horiek, laranja horiek, arrosa horiek?

Altxatzeko erregutzen dizun ke-laino zurrunbilotsua?

Beti egin nahi izan ditut galdera hauek.

Behingoz altxatu zarenean, eskuetara bota duzu arnastutako kea

eta nire amaz mintzatu zara.

 

Xąwįska, luzaroegi daramazu kanpoan eserita.

Iluntzen ari du eta espirituek ikusi egin gaitzakete.

Etxera joateko ordua da.

Behinola esan zenidan: “Haritz gorriak ikustean, jarraitu urari.

Gero, ibaia bitan banatzen dela ikusiko duzu:

lursail eder bat aurkituko duzu han.

Kendu daramazun gauza distiratsu oro eskuetatik,

lepotik, gorputzetik,

eta egizu igeri hurbilen duzun ibaiertzera”.

 

Xąwįska, berriro galdu duzu kordea.

Zu suspertzen saiatu naiz, dakidan moduan.

Baina ez duzu ez altxatzeko asmorik. Hor jarraitzen duzu, geldi.

Gure anaien kantuak kantatzen irakatsi zenidan

gure ahaideek nor garen jakin ahal izateko.

“Ozen entzungo dira bai gure ahotsak! Izarrartera goratu arte!”

Hori esan zenidan. Hori dut gogoan.

 

Xąwįska, berriro erori zara. Loreak erauzi dizkizut sorbaldatik,

besotik, hankatik.

Birrindu eta su eman diet.

Xąwįska, hain zaude isil.

Ondoan naukazu, zure kea ahokadaka arnasten.

Zure gainera egin dut hats.

Erretzen, errausten, amiltzen zaude.

Berriro geratu naiz bakarrik.

Behin aipatu zenidan leku hura dut gogoan,

haritz artean ibaia bitan banatzen den lekua,

bitartean gorritzen ari da zerua.

Hemen egon naiz orain arte.

Luze daramat berton.

Orain, neu ibiliko naiz alderrai laku-ertzaren inguruan.