- Izenburua:
- Frank Gehry, arkitektoa
- Data:
- 2001ko urriak 31 - 2002ko otsailak 17
- Komisariotza:
- Mildred Friedman eta J. Fiona Ragheb
- Erakusketa mota:
- Banakakoa
- Gaiak:
- Sorkuntza artistikoa | Espazioa | Forma | Materiala | Tamaina | Herri-kultura
- Erakusketa birtuala:
- https://www.guggenheim-bilbao.eus/eu/erakusketak/frank-gehry-arkitektoa/
Berrogei urte baino gehiagotan zehar Frank Gehry-k zorroztasun eta asmamen guztia eskaini du espazioa ixteko erabili dituen metodo eta material guztietan bere obra bereizten duten forma ahalmentsuak sortzeko. Izan ere, arkitekturaren ikusmoldea aldatzea lortu du.
Kanadako Toronto hirian jaioa, 1947. urtean, 17 urte zituela Los Angelesera bizitzera joan zen bere familiarekin batera. Bertan, bere lehenengo estudioa zabaldu zuen 1962an, eta hasieratik hiriaren izaera bisualak eragin handia izan zuen bere lanean. Bertan ikusten diren gauza asko -iztukuz egindako bungalowak, etxeetako sare metalikozko hesiak, inspirazio espainola duten koloretako azulejuak, haizeak astintzen dituen palmondoak eta Ozeano Pazifikoaren mugimendua eta handitasuna- bere arkitekturaren funtsezko osagai bihurtuko ziren ordutik. Lan egiten duen lekuen nortasuna bereganatzeko gaitasun horrek lehen bezain bizirik jarraitzen du orain eta mundu guztian zehar zabaldutako proiektu desberdinetan nabarmentzen da. Europan eta Ekialde Hurbilean sortutako diseinuek -Praga, Berlin, eta laster Jerusalem- agerian uzten dute hirietako historiei buruz arkitekto honek duen ezagutza sakona, eta inguruan dituzten forma arkitektoniko zaharrak inolaz ere errepikatzen ez dituzten arren, horiekin elkarrizketa etengabea eta aberatsa ezartzen dute.