Edukira zuzenean joan

Ho Tzu Nyen. Ezagutzen ez denaren hodeia

Film & Bideo

Ho Tzu Nyen: Ezagutzen ez denaren hodeia

Izenburua:
Ho Tzu Nyen: Ezagutzen ez denaren hodeia
Erakusketa:
Ho Tzu Nyen. Ezagutzen ez denaren hodeia
Gaiak:
Artea eta pertzepzioa | Artea eta emozioa | Sinbologia | Espiritualtasuna | Sentimenduak
Artelan motak:
Bideoinstalazioa
Aipatutako artistak:
Ho, Tzu Nyen

Museoko Film & Video aretoa irudia mugimenduan darabilten lanei eta bideoarteari eskaini zaie. Areto hau joera horri eskaintzeak agerian jartzen du bideoarteak eta bideoinstalazioak azken hamarkadetako artearen garapenean eta gauzatzean izandako garrantzia.

Ho Tzu Nyen (Singapur, 1976) artistaren Ezagutzen ez denaren hodeia (The Cloud of Unknowing, 2011) kanal anitzeko bideo-instalazioa da eta ikuslea inguratu eta bideoen edukian murgilarazten du. Gai itxuragabe eta iheskor baten irudikapena, hain zuzen, hodeiarena, aztertzen du Hok artelan honetan. Lanaren izenburua XIV. mendean ingelesez idatzitako tratatu mistiko anonimo batetik hartu zuen —tratatu hori kontenplazioko otoitza helburu zuen eta neoplatonismo kristauaren tradizioari dagokio—, eta, horrez gain, Hubert Damisch (1928) filosofo frantsesaren Théorie du nuage. Pour une histoire de la peinture (1972) liburuan ere oinarritu zen. Horretan hodeiaren ikonografiak artearen historian izandako garrantzia ikertu zuen Damischek, sinbologia (sinboloen interpretazioa) eta semiologia (zeinuen azterketa) erabiliz.

Ezagutzen ez denaren hodeia 2011ko Veneziako Bienalean Singapur ordezkatzeko sortu zuen artistak. Singapurreko babes ofizialeko etxebizitza-bloke batean kokatua dago, leku abandonatu eta xume batean. Bideoa osatzen duten zortzi istorioetako bakoitzean hodei etereo batek ezustean harrapatzen du pertsonaia nagusia eta bere ingurune hurbilena guztiz biltzen du. Eszenek artearen historiaren artelan azpimarragarriak gogora ekartzen dituzte, Mendebaldeko maisuek —Caravaggio, Francisco de Zurbarán, Antonio da Correggio, Giovanni Lorenzo Bernini eta René Magritte, besteak beste— nahiz Ekialdekoek —Mi Fu eta Wen Zhengming txinatarrak, besteak beste— egindakoak. Ekialdeko eta Mendebaldeko erreferentzia artistikoen, historikoen, musikalen eta filosofikoen erabilera eta nahastea ohikoak dira egile honen lanean. Instalazioaren soinu-bandan hodeiekin lotutako musika- pasarteak daude, artistak 200 bat abestietatik aukeratutakoak. Artelana, berez, makina moduko bat da; artistaren eraginak eta aitzindariak nahastu eta birmoldatzen dituena, narrazio polisemikoa osatzeko. Lau pantaila handik antzezlan moduko giro trinko batean murgiltzen dute ikuslea, eta horrek areagotu egiten du instalazioak zentzumenetan uzten duen arrastoa. Veneziako Bienaleko artelan honen aurkezpenean, Ho Tzu Nyenek ke-makinak erabili zituen artelanak zentzumenetan daukan oihartzuna nabarmentzeko. Artistaren helburua hodeiaren ikonografia transzendentziaren eta espiritualtasunaren metaforatzat hartzea da eta, aldi berean, ikusizko zein soinuzko erreferentzia ugari ekartzea, ikusle bakoitzak bere zentzumenezko esperientzia izan dezan.