Edukira zuzenean joan

in situ: Mark Leckey. Eta hantxe zegoen hiria bere bikaintasunean

hezkuntza-edukia

in situ: Mark Leckey, sorkuntza-prozesua

Gune honek Mark Leckey (Birkenhead, Erresuma Batua, 1964) artistaren sorkuntza-prozesuan jartzen du begirada. Leckeyk Turner saria irabazi zuen 2008an, eta sortzailerik garrantzitsuenetako bat da egungo panorama artistikoan. in situ programarako berariaz sortu duen Eta hantxe zegoen hiria bere bikaintasunean (And the City Stood in its Brightness, 2025) lanak historia eta gure garaiko teknologia uztartzen dituen mundu bat irudikatzen du. Instalazio honetarako, Mark Leckey Erdi Aroko eta Errenazimentuko ikonografian oinarritu da, Sassettaren [Stefano di Giovanni, Siena, 1392–1450] Itsas bazterreko hiria (1424) margolana erreferentziatzat hartuta. Leckeyren azkenaldiko lanak arte historikoari heltzeko daukan moduak agerian uzten du gizarte garaikidean Erdi Aroko iragana gogora dakarten mundu-ikuskera metafisiko eta sinbolikoekiko berriz piztu den interesa.

Artista britainiarrak paralelismoa ezartzen du Sienako margolariaren geometria mistikoaren eta ordenagailuz sortutako irudietako motibo bitxi eta distortsionatuen artean, azken horiek teknologia berriei esker hezur-mamituak, besteak beste, adimen artifizialaren eta 3D inprimaketaren bidez. Leckeyk erakusketa honetarako sortutako soinu-bandak, Eta hantxe zegoen hiria bere bikaintasunean instalazioaren giro onirikoa indartzeaz gain, lanak eragiten duen murgiltze-esperientzia areagotzen du.

Leckeyk hezkuntzarekiko eta ezagutzaren elkartruke irekiarekiko duen etengabeko konpromisoarekin bat etorriz, gune honek artistaren ikus-entzunezko bi lan eskaintzen ditu, baita material bisuala eta baliabide digitalak ere, denak arreta handiz hautatuak obra sakonetik bizitzeko eta artistaren interesak nabarmentzeko, bereziki musikarekiko joera.

Margolan honi begiratzen diodanean, iruditzen zait gaur egun mundua hautemateko dugun modua deskribatzen duela, nolabait ere orduko hirirantz atzera egiten ariko bagina bezala. Ez dago espazio bateratu baten sentsaziorik, ezta ikuspuntu bat eta bakarrik ere. Aitzitik, hiri irrazionala da: eraikinek eskala eta geometria desberdinak dituzte; denak dirudi arina eta laua, materiaren eta espirituaren arteko erdibidean balego bezala.

Gustu kontua izango da, baina, niretzat, ukigarri den zerbaitera murriztea da. Musika bera zerbait materiala bihurtzea. Reggaeak oso modu nabarmenean egiten du hori baxuen bidez; gorputzari fisikoki eragiten dioten maiztasunen bidez. Baina ez dakit musika “non” dagoen. Adierazi ezinezkoa eta gorputzik gabea omen da, baina musika entzuten duzunean, grabazio bat da azken finean, zeharkako esperientzia bat. Musikak oso izate nahasgarria du.