- Izenburua:
- Jean Dubuffet: Ospakizun Bizia
- Data:
- 2022ko otsailak 25 - 2022ko abuztuak 21
- Komisariotza:
- David Max Horowitz
- Erakusketa mota:
- Banakakoa
- Gaiak:
- Artea eta gizartea | Artearen historia | Artistak | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Kritika | Sorkuntza artistikoa | Materialak | Solomon R. Guggenheim Foundation | Peggy Guggenheim Collection | Bizitza | Bigarren Mundu Gerra | Frantzia
- Mugimendu artistikoak:
- Art Brut
- Erakusketa birtuala:
- https://www.guggenheim-bilbao.eus/eu/erakusketak/jean-dubuffet-ospakizun-bizia
Bigarren Mundu Gerraren amaieran, Jean Dubuffet (1901–1985) bere margolanak ikusgai jartzen hasi zen. Lan haiek aurre egiten zieten garai hartan sakon-sakon errotuta zeuden balio estetikoei, izan ere, artistak arbuiatu egiten zituen egokitasunaren eta edertasun klasikoaren printzipioak, baita trebetasun teknikorako pretentsio oro ere. Aitzitik, Dubuffetek oharkabean doazen eguneroko gauzetan jartzen zuen arreta; bere lanetan material gordinak baliatzen eta gai arruntak jorratzen zituen, eta zerabilen estiloak uko egiten zion heziketa akademikoaren edozein kanpo-zantzuri. Dubuffetek, beraz, aurka egin zien arauei. Haren iritziz, arauek zaildu egiten zuten benetako adierazpena, eta gutxietsi egiten zuten eguneroko esperientzia. Hala ere, artistaren asmoa ez zen soilik konbentzio kulturalak erabat zaharkituta zeudela erakustea: haiek gabe bizitza zeinen bizia den agerian jartzea ere bazuen helburu. Dubuffetek hauxe esan zuen behin: “Jendeak nire lana balio erdeinatuak indarberritzeko ahalegin gisa hartzea nahi nuke, eta [. . .], ez gaizki ulertu, ospakizun bizi-bizi gisa”.
Bere ibilbide guztian zehar, ospakizun-bulkada hori eta kulturari kritika egiteko konpromisoa izan ziren Dubuffeten sorkuntza artistikoaren bereizgarrietako bat. Artistak 1940ko eta 1950eko hamarkadetan egindako margolanek edertasunaren ideia errotik zalantzan jartzera bultzatzen dute ikuslea, eta agerian uzten dute gauza arruntak zeinen miresgarriak izan daitezkeen, direla harriak, zimurtutako aluminio-papera edo pintura lodi-lodia. 1960ko hamarkadan hasi eta 1970eko hamarkadaren erdialdera arte, fantasiazko munduan murgiltzean zabaltzen den abentura-, sormen- eta aurkikuntza- ahalmena bistaratu zuen Dubuffetek. Bere bizitzako azken hamarkadan, aldiz, adimenaren oinarri-oinarrizko egiturei buruzko planteamendu berriak sustatzen ahalegindu zen, ikasitako kategoriek ezartzen dituzten mugetatik aske munduari begiratzean zer-nolako aukerak sortzen diren irudikatuta. Erakusketa honetako artelan guztiak New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museum eta Veneziako Peggy Guggenheim Collection museoen bildumetatik ekarriak dira, eta Dubuffeten hamarkada erabakigarrienetako arte-sorkuntzaren gainbegirada osatua eskaintzen dute. Besteak beste, agerian jartzen dute Dubuffetek, hainbat norabide eta ikuspegi hartuta, etengabe jardun zuela bere proiektua eraldatzen, ikusleekin ikusmolde berri eta bizigarriak partekatzeko gogo bizian oinarrituta.
Curator: David Max Horowitz