Edukira zuzenean joan

Jesse Jones: Dar-dar

Film & Bideo

Jesse Jones: Dar-dar

Ongi etorri Jesse Jones: Dar-dar izeneko erakusketara. Mesedez, aditu entzuteko gida hau instalazioan sartu aurretik. Horrela, bai zuk bai gainerako bisitariek bete-betean parte hartu ahal izango duzue aretoko multimedia-esperientzian.

Dublin bizileku duen Jesse Jones artistak erresistentzia kolektiboko une historikoak ikertzen ditu, eta haietatik abiatuta, gure gaur egungo paisaia sozial eta politikoak berrasmatzen eta berritxuratzen dituzten instalazio inguratzaileak sortzen ditu. Sarritan lankidetzan aritzen da eta loturak ezartzen ditu zinemaren, bideoaren, soinuaren, eskulturaren eta performancearen artean, horrela gai ezberdinak aztertu ahal izateko, hala nola feminismoaren eta kapitalismoaren arteko harremanak, emakumeen gorputzaren autonomia eta emakumeek munduan agintzeko aukera. Jones Dublingo Dún Laoghaire Institute of Art, Design and Technology institutuan graduatu zen, eta Erresuma Batu osoko eta beste hainbat herrialdetako zentro askotan erakutsi du bere obra.

2017ko Veneziako Bienalean Irlandak izan zuen pabiloirako enkargu baten ondorioz sortua da Dar-dar pieza, eta Irlandan garrantzia hartzen ari zen aldaketa sozialaren aldeko mugimendua du inspirazio-iturri, besteak beste; mugimendu hori abortuaren eztabaida juridikoan zentratua zegoen batik bat. Obrak zinema, eskultura, zuzeneko ekintzak eta Susan Stenger artistak sortutako soinu-banda uztartzen ditu. Izenburuak 1970eko hamarkadan Italian izandako mugimendu batean du jatorria, “Soldatak etxeko lanentzat” izenekoan, alegia; mugimendu horrek honako hau zuen bere goiburuetako bat: “Dar-dar egizue, sorginak bueltan dituzue”. Obra honetan, Jonesek sorginaren itzulera proposatzen du “errealitatea eraldatzeko ahala duen arketipo feminista eta apurtzaile” moduan, eta emakumeentzako tresna emantzipatzaile gisa aurkezten du sorginkeria.

Bi bideo-pantaila handitan, izaki erraldoi eta amatiar bat zutitzen da ikuslearen aurrean, Olwen Fouéré irlandar aktoreak interpretatua. Botere femeninoaren eta naturaz gaindiko indarren irudi, pertsonaia horrek ordena juridiko berri baten hitzak ahoskatzen ditu; “In Utera Gigantae” du izena ordena horrek, eta beste edozein lege edo gobernu baliogabetzen du. Jonesek sakon ikertu zuen legeak belaunaldiz belaunaldi memoriaren transmisore moduan jokatzen duen rola. Haren jatorrizko testuaren asmoa zera da, sorkuntzaren mito guztiz berria ezartzea gure buruetan. Artistaren beraren hitzetan, “eme amatiarra erraldoi bat dela ezartzen duen legea da. Erraldoi horrengandik jaiotako gizaki oro erraldoiaren legearen mende geratzen da”.

“In Utera Gigantae” fikziozko lege hori “esnez idatzia dago eta xuxurlaka esaten da”, eta alabak dira hura belaunaldi batetik bestera transmititzen dutenak. Sorginen jazarpenerako eskuliburu bateko esaldiak ditu, Malleus Maleficarum deritzon XV. mendeko benetako obra batekoak, baina alderantziz esanda, historia nolabait alderantzikatzeko modu gisa. Gidoiak Lucyri buruzko erreferentziak ere badauzka; duela 3,2 milioi urte bizi izan zen hankabiko Australopiteko eme baten fosila da Lucy, lehen gizakien arbasoa, Etiopian aurkitua 1974an.

Instalazioaren baitan, eme baten bi hezur erraldoi daude, zeinek Lucy duten inspirazio-iturri. Halaber, Europan lehen aldiz sorgin bat erre zutenetik igaro diren zortziehun urteetan emakumeek bizi izandako zapalkuntzaren eta matxinadaren historiaren lekukotasuna ematen duten bestelako objektuak ere badaude. Jonesek adierazi duenez, politika, zuzenbidea, elementu naturalak, biziak eta hilak, eta komunitateek mendeetan zehar izandako nahiak, sinesmenak eta indarrak batzen dituen araoa da Dar-dar. Erreferentzia politikoak izan arren, obrak izaera alegorikoa eta irekia dauka, beti ere mundu errealari atxikitako potentzial magikoa eraldaketarako indar kosmiko moduan islatzeko asmoz.