Edukira zuzenean joan

Ken Jacobs: Gonbidatuak

Film & Bideo

Ken Jacobs: Gonbidatuak

Izenburua:
Ken Jacobs: Gonbidatuak
Erakusketa:
Ken Jacobs: Gonbidatuak
Gaiak:
Denbora
Artelan motak:
Bideoa
Aipatutako artistak:
Jacobs, Ken

Guggenheim Bilbao Museoaren gune hau mugimenduan dauden irudiei eskainita dago modu iraunkorrean, eta azken hamarkadetan bideoarteak eta bideoinstalazioak arte garaikidearen garapen eta osaeran jokatu duten papera nabarmentzen du.

Ken Jacobs (New York, 1933) funtsezko artista da New Yorken 1960ko hamarkadatik aurrera garatuko zen giro esperimentala ulertzeko, eta ondorengo urteetako kulturan eragin erabakigarria izan zuen. Hans Hoffmann-en gidaritzapean margolari ikasketak egin ostean, lehenengo filmak 1960tik aurrera egin zituen, eta Film-Makers’ Cooperative eta The Bleecker Street Cinema kolektibo ospetsuetako kide izan zen, besteak beste. 1966an Florence Jacobs emazte eta ohiko kolaboratzailearekin batera Millennium Film Workshop sortu eta lehen erreferentziazko filma (Tom, Tom, The Piper’s Son, 1969) zuzendu ostean, Jacobsek gero eta abstraktuagoa zen eremu batera eraman zituen bere ikerketak; sakontasunaren ilusioak eta hori zinemagintzan modu askean manipulatzeko moduak erabat hartuta zuten eremu batera, hain zuzen. Esperimentatzaile nekaezin eta oparoa da, ikustearen ekintza performancera hurbiltzen duten sentsazioen atzetik dabil beti; 1970eko hamarkadatik aurrera “Eternalismo” kontzeptua garatu zuen, eta The Nervous System (Sistema artega) eta The Nervous Magic Lantern (Esku-argi magiko artega) bezalako proiekzio-gailuak sortu zituen —azken hori 2000. urtea eta gero—. Begi bakar batek hiru dimentsiokotasuna atzemateko duen gaitasuna esploratzeko,

Jacobsek eguneroko bizitzan modu espontaneoan hartutako irudietako argia eta abiadura manipulatu, eta klip ugari sortzen ditu. Aretoko gelaurrean dagoen monitoreak berriki egindako sei lanen hautaketa hartzen du; klip horietan gure eguneroko esperientziak (kale batetik ibiltzea, telebista ikustea, autoz joatea) “eternalizatu” egiten dira eta begizta denboragabe, psikodeliko bilakatzen.

Erakusketa honi izenburua ematen dion lana, Gonbidatuak (The Guests, 2013), Jacobsen berrienetako bat da, eta haren obra gailenetako bat dela adierazi du kritikak. Lan honek Lumière anaien lehen filmetako bat du abiapuntu: ezkontza bateko gonbidatuak eliza batera sartzen ikusi ditzakegu, XIX. mende amaierako Parisen. Jatorrizko materiala Florence Jacobsen laguntzaz disekzionatu ostean, artistak errotik moteldu du fotogramak pasatzeko abiadura, eta irudia pantailan bikoizten du, fotograma bateko aldearekin. Horri esker, begiek txandaka ikusten dute aurretik doan fotograma, eta horrela, filma modu estereoskopikoan berreraikitzeko aukera izan zuen artistak: 3D filma da horren emaitza. Ekintzaren geldotasun amaiezinak eta espazio historiko eta helduezin batek berreskuratutako dentsitateak dokumentutik harago dagoen plano batera daramate Lumière anaien materiala, irudiaren misterioaren zuzeneko esperientzia hipnotikoari bide egiteko.