- Izenburua:
- Lucio Fontana. Atarian
- Data:
- 2019ko maiatzak 17 - 2019ko irailak 29
- Komisariotza:
- Iria Candela eta Manuel Cirauqui
- Erakusketa mota:
- Banakakoa
- Gaiak:
- Artea eta espazioa | Artea eta teknologia | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Lan intelektuala | Sorkuntza artistikoa | Argia | Kolorea | Materialtasuna | Ikerketa aeroespaziala
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Figuratiboa | Arte Garaikidea | Espazialismoa
- Erakusketa birtuala:
- https://luciofontana.guggenheim-bilbao.eus/eu/
Erakusketa honek Lucio Fontana-ren (Rosario, Argentina, 1899–Varese, Italia, 1968) ibilbidearen analisi berria eskaintzen du, XX. mendeko artistarik berritzaileenetako bat izan baitzen bera. Bere ekoizpenaren azken bi hamarkadetan sortutako pintura ebaki ezagunen (tagli) hautaketa zabalarekin batera, beste obra-multzo garrantzitsu batzuen eredu bikainak ere aurkezten ditu erakusketak, Fontanak eskultore figuratibo gisa izandako hastapenetaraino atzera eginez. Lucio Fontana. Atarian erakusketak, halaber, mihise gainean egindako artelan nabarmenez gain, zeramikazko pieza finak —ibilbide osoan zehar erabili zuen Fontanak material hori— nahiz giro (ambienti) bide-urratzaileak ere hartzen ditu. Eraikuntza horiek barneratze bisuala ahalbidetzen dute, eta Fontanak artearen espazioa eta ikuslearen espazioa esperientzia-eremu jarrai bakarrean integratzeko zuen nahi erradikalaren testuingurua dira.
Arte modernoaren keinurik bikain eta erradikalenetako bat gauzatu zuen Lucio Fontanak, 1958an mihise monokromo baten azalera sastakaiaz urratu zuenean. Erakusketa artistaren ondarearen berrikuspena da. 1931 eta 1968 artean egindako ehun bat objekturen hautaketaren bitartez —tartean, eskulturak, zeramikak, pinturak, paper gaineko obrak eta giroak—, erakusketak ikuspuntu berri batez aztertzen du Fontanaren lana, pinturaren eta eskulturaren artean beti, eta espazioaren eta artelanaren materialtasunaren inguruko ikerketaren testuinguru zabalagoan txertatzen du.
Lehenengo eskulturak
Jatorrian eskultore-formazioa jaso zuen Fontanak, eta Argentina eta Italia artean garatu zuen bere karrera; hain zuzen ere, esperientzia transatlantiko horrek bere ikuspegi artistikoa definitu zuen. 1920ko hamarkadaren erdialdean hasi zuen ibilbidea Rosarion (Argentina), italiar immigrantez betetako hirian, aitaren Fontana y Scarabelli enpresan hiriko hilerrietarako hileta-eskulturak egiten. Ondoren, artista gaztea Milanera joan zen, Brerako Arte Ederren Akademian eskulturgintza klasikoa ikastera; han zegoela agertu ziren artistaren antiakademizismoaren lehen zantzuak, modelatze-teknika lehenetsi baitzuen zizelkatzearen gainetik. 1930eko hamarkadan, igeltsuak, terrakotak eta zeramikak definitu zuten Fontanaren ekoizpen figuratiboa, zeina hainbat influentziaren isla baitzen: Etruriako sarkofagoetatik futurismoraino; era berean, artistaren sorkuntzek aurre egiten zieten eskultura-praktikaren konbentzioei. Estilo figuratiboari eta errealistari heltzen dio Etruriako sarkofagoak inspirazio-iturritzat hartuta, haren emakume erretratuek erakusten duten moduan: kolorez edo urre-kolorez margotzen zituen batzuetan. Era berean, Fontanak eragin garaikideak ere barneratu zituen, hala nola, futurismoa, erregimen faxista italiarraren menpe nagusi zen mugimendua, hain zuzen. Artistaren lanak generoak, gaiak eta erreferente historikoak fusionatzen ditu, praktika eskultorikoaren mugei aurre egitearekin batera.
Kontzeptu espaziala: ebakidurak eta zuloak
Gerra Hotzaren eraginpean sortu zituen Fontanak bere obrarik enblematikoenak; izan ere, mehatxu nuklear iraunkorrak eta espazioko lasterketara bideratutako nazioarteko ikerketak baldintzatutako aroa izan zen hura. Kontzeptu espaziala izenburupean, zulatutako pinturekin osatutako sailak argi elektrikoa transmititu eta iragazteko pantaila modura pentsatu zituen. Mihise tenkatua euskarri gisa baliatuta, asto gaineko pinturaren mendebaldeko tradizioa modu erradikalean eraldatzeari ekin zion Fontanak. Zuloak (buchi) aldatzen joan ziren urradura sentsual bilakatzeko, eta artistak hutsunea ipini zuen bere praktikaren muin-muinean. 1958an egin zuen lehen ebakidura (taglio) Fontanak, eta haren keinurik bereizgarriena bezala ezarri zuen. Mihisearen azalera osoan aplikatzen zuen pintura artistak; ondoren, sastakai zorrotz batez egiten zuen ebakia eta, jarraian, irekidurari eskuekin ematen zion forma zuzenean, gaza beltzezko zati bat itsatsiz batzuetan. Denborarekin, ebakidurak zuzenagoak eta neurtuagoak bihurtzen joan ziren. Ebakiduraren prestaketa, aurrerapen eta sarraldi erabakigarriaren prestaketa-prozesu nekezari erreferentzia eginez, Fontanak “esperoak” (attese) esaten zien pintura horietako askori. Modu paraleloan, 1950eko hamarkadaren amaieratik baita ere, ezohiko formako mihiseen aukerak esploratzeari ekin zion Fontanak, Quantak sail poliedrikoak erakusten duen bezala. Euskarri heterodoxoen erabilerak Jainkoaren azkena (Fine di Dio) sailarekin jo zuen gailurra: “arrautza astral” delakoez osatutako multzoa da hori; kolore sintetiko biziz pintatuta daude, eta azalera zulatuek kosmosaren jatorria eta espazio infinituaren aurrean gizakiak bizi duen hunkipen-sentsazioa iradokitzen dituzte.
Natura
Bere ibilbidearen gailurrean Fontana nagusiki pintore gisa ezaguna bazen ere, 51 urte zituela erabili zuen mihisea lehen aldiz, eskulturarekin izan baitzuen lotura bere bizitza osoan zehar. 1950eko hamarkadan, Art Informel edo informalismo gisa ezaguna zen mugimenduak europar pinturaren oinarri estilistikoak finkatu zituen Bigarren Mundu Gerraren ostean. Fontanari ere gertukoa zitzaion joera hori; izan ere, haren sormen-prozesua, aldi berean erdipiktoriko eta erdieskultorikoa zena, igeltsuaren moldekatzearen antzekoa zen. 1950eko hamarkadaren amaieran, Natura deituriko kolorezko eskulturen sail bati ekin zion Albissola hirian zuen estudioan. “Ezereza, edo guztiaren hasiera” bezala deskribatu zituen artistak terrakotazko bola handi eta lakar horiek, zulo eta ebakiduraz estaliak.
Giro espazialak
Espazialismoaren lehen deklarazioa, Manifiesto Blanco delakoa, Buenos Airesen idatzi zen 1946an, eta Fontana izan zen haren egileetako bat. Fisikaren azken aurkikuntzak zirela-eta, erlatibitatetik mekanika kuantikoraino, manifestuak teknologia berriak erabili eta artelana laugarren dimentsiora zabal zedin sustatzen zuen. Hiru urte geroago, jada Milanen zegoela, Fontana bere Giro espazialak egiten hasi zen, espazioarekin eta argiarekin esperimentatuz. Horretarako, neoizko hodia baliatu zuen, instalazio-artean beranduago egin zituen garapenetan abiapuntu izan zuen elementua, hain zuzen ere. Diziplina anitz batzen zituen praktikarekin, Fontanak esperientzia artistikoaren nozioa zabaldu zuen, ikuslea inguratzen duen espazioan txertatzeko artelana.