Edukira zuzenean joan

Making Africa. Gaur egungo diseinuaren kontinentea

Sarrera

Making Africa — Gaur egungo diseinuaren kontinentea

Izenburua:
Making Africa — Gaur egungo diseinuaren kontinentea
Erakusketa:
Making Africa. Gaur egungo diseinuaren kontinentea
Gaiak:
Arte afrikarra | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Diseinua | Afrika
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea

Mundua, guk ezagutzen dugun bezala, etengabe aldatzen ari da politikaren, ekonomiaren, gizartearen, kulturaren eta teknologiaren arloetan. Diseinuak eraldaketa hau erraztuko edo azkartuko duen modua ezagutu nahi duenak hegoalderantz begiratu beharko luke, zehazki Afrikarantz; bertan aldaketak oso nabarmenak baitira. Adibidez, 2012an, Afrikan 650 milioi telefono mugikor inguru erregistratuak zeuden, AEBn eta Europan baino gehiago. Eboluzio honen buruan pentsalari eta sortzaileen belaunaldi berria dago. Hauek egindako diziplina anitzeko proposamenek kontinenteari eta mundu osoari irtenbide berritzaileak eskaintzen dizkiete, eta, aldi berean, diseinua ulertzeko ohiko modua goitik behera aldatzen dute.

Making Africa — Gaur egungo diseinuaren kontinentea erakusketan hainbat sormen-arlotako lanak ikus daitezke: objektuen eta altzarien diseinua, arte grafikoak, ilustrazioa, moda, arkitektura, hirigintza, artea, eskulangintza, zinema, argazkigintza; baliabide digital eta analogikoak darabiltzate. Lan hauek, berariaz, diziplinen artean dagoen eremu lauso horretan daude eta, hala ere, XXI. mendean diseinuak zer lor dezakeen eta zer behar duen galderari erantzun zehatzak ematen dizkiote. Prozesuak emaitzak baino pisu handiagoa du sorkuntza-lan hauetan. Etorkizunari buruzko baieztapen ausartak egiten dituzte lan hauen bidez, eta, aldi berean, lotura ezartzen dute gazteen belaunaldi jakin batek kolonialismoaren askapena ospatzen zuen eta munduan bere lekua eta etorkizun oparorako eskubidea adierazten zuen une batekin —XX. mendearen erdialdea—. Making Africa erakusketan une hartako arte eta diseinuko adibideak lan berrien ondoan ipintzen dira.

Erakusketaren bidez ez da Afrikako diseinuaren irudi osoa aurkeztu nahi. 54 herrialde, 2.000 hizkuntza eta kultura baino gehiago, eta 1.000 milioi biztanle dituen kontinentea handiegia, konplexuegia eta anitzegia da. Erakusketak, ordea, agian oraindik ezezaguna den historia berri bat eskaintzen du, Afrikara begiratzean sor daitezkeen askotariko bat. Halaber, kontinente hau erabat berria den ikuspegi batetik begiratzeko gonbidapena da.

Guggenheim Bilbao Museoaren eta Vitra Design Museum-en erakusketa bat.