Edukira zuzenean joan

Pipilotti Rist: Ever Is Over All

TAG_Tirudiak_VALUE
Izenburua:
Pipilotti Rist: Ever Is Over All
Data:
2026ko urriak 1 - 2027ko urtarrilak 17
Komisariotza:
Mikel Onandia
Erakusketa mota:
Banakakoa
Gaiak:
Emakumea artean | Generoa eta sexualitatea | Konposizioa | Mugimendua | Sinbologia | Feminismoa | Musika | Ironia | Magia
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Erakusketa birtuala:
https://www.guggenheim-bilbao.eus/eu/erakusketak/ever-is-over-all-pipilotti-rist

Pipilotti Rist (Grabs, Suitza, 1962) egungo nazioarteko arte-eszenako sortzailerik nabarmenenetako bat da. 1980ko hamarkadan egin zituen lehen lanak film-musikalen, pop kulturaren, komunikabideetako teknologia berrien eta bideo-artearen eraginak jasota, eta gaztetatik zehaztu zuen bere estiloa, karga sentsorial eta emozional handikoa. Ever Is Over All (1997) artistaren bideo-instalaziorik enblematikoenetako bat da, XX. mendearen amaierako bideo-arte garaikidearen historiako erreferentziazko lana, inondik ere. Egin zuen urtean bertan, 1997an, aurkeztu zuten Veneziako Bienalaren 47. edizioan.

Ever Is Over All bi bideo-proiekzio sinkronizatuz osatuta dago. Titulua honela itzul liteke: “dena amaitu da betiko” edo “betikotasuna beste ororen gainetik”. Proiekzioetako batean neska bat ikusten da (Silvana Cescik antzeztua), Zuricheko kale batetik paseatzen soineko urdin argi batez jantzita. Esku batean lore subtropikal handi bat darama. Laster igarriko dugu hasieran atsegina zirudien atmosfera horrek baduela larritasun eta bortizkeria kutsu bat, eta bete-betean egiten duela talka protagonistaren mugimendu eztiekin eta bideoak helarazten duen giro liriko eta barearekin. Eszena narratibo horren ondoz ondo loreen irudi hipnotikoak ageri dira, Anders Guggisberg eta Pipilotti Rist artistek bideorako berariaz konposatutako musika malenkoniatsu eta misteriotsuak borobilduta. Guztiaren baturak errealismo magiko moduko bat iradokitzen du.

Ever Is Over All instalazioa XX. mendeko azken hamarkadatik XXI. mendeko lehen hamarkadaraino luzatu zen hirugarren olatuko feminismoarekin lotuta dago; ironiaren erabilera, anbiguotasuna eta feminitatearen ikur tradizionalen birrapropiazioa ezaugarri dituen joerarekin, alegia. Ildo horretan, loreak rol sinboliko nagusia hartzen du, eta bandalismo-ekintza izaera kritiko eta poetikoa duen fantasia emantzipatzaile bilakatzen da.

Lorea tradizioz edertasunarekin, hauskortasunarekin eta apaintasunarekin lotu izan den arren, tresna suntsitzaile gisa ageri da hemen, ekintza katartikorako bitarteko gisa aurkeztuta. Bideo-instalazioak planteatzen duen aldaketa semantiko horrek irauli egiten ditu genero-kodeak, eta zalantzan jartzen du femeninotasuna samurtasunaren, pasibotasunaren edo ahuleziaren baliokidea denik. Ever Is Over All mende luzez mendebaldeko artean emakumeen gorputza irudikatzeko egon den moldea —begiradaren eta kontrolaren jomugan beti— alderantzikatzeko ariketa gisa har daiteke.