Edukira zuzenean joan

Rineke Dijkstra. The Krazyhouse

Film & Bideo

Rineke Dijkstra. The Krazyhouse

Izenburua:
Rineke Dijkstra. The Krazyhouse
Erakusketa:
Rineke Dijkstra. The Krazyhouse
Gaiak:
Gizakia | Artea eta musika | Erretratua eta autorretratua
Artelan motak:
Bideoinstalazioa
Aipatutako artistak:
Dijkstra, Rineke

Guggenheim Bilbao Museoko Film & Video areto hau irudia mugimenduan darabilten lanei eta bideoarteari eskaini zaie. Areto hau joera horri eskaintzeak agerian jartzen du bideoarteak eta bideoinstalazioak azken hamarkadetako artearen garapenean eta gauzatzean izandako garrantzia. Oraingo honetan, Gure garaiko artea. Guggenheim Bildumen maisulanak erakusketa dela eta, Rineke Dijkstraren 2009ko The Krazyhouse (Megan, Simon, Nicky, Philip, Dee), Liverpool, UK bideoinstalazioa hartzen du.

Rineke Dijkstrak (Sittard, Herbehereak, 1959) 1990eko hamarkadatik argazkigintza eta bideoa jorratu ditu eta artelan-corpus konplexua sortu du. Serieka egiten du sarritan lan, horrek gai bakoitza sakonki ikertzeko aukera ematen baitio; besteak beste, ikuslearen eta irudiaren arteko lotura aztertzen dute haren lanek. Aipatzekoa da erretratuak duen garrantzia; luze eta sakon jardun du erretratua lantzen, eta maiz nerabeak erretratatu ditu. 1996an, lehen bideoinstalazioa sortu zuen: argazki-proiektu baterako gaueko klubetako subkultura aztertzen zuen bitartean, irudia mugimenduan erabiltzea erakargarri egin zitzaion; gerora, hemen ikusi dezakezuen moduan, gai horrexeri berriro heldu zion.

The Krazyhouse lanean, bost nerabek dantza egiten dute kamera aurrean, bakarrik, ondo argiztatutako atzealde zuri baten aurrean eta beren belaunaldiko musika entzuten duten bitartean; gazteek aukeratutako musika askotarikoa da, popa, heavy metala, teknoa eta abar. Artistak Liverpooleko klub batean, The Krazyhouse izenekoan, ezagutu zituen eta klubean bertan inprobisatutako estudio batean grabatu zituen. Hiru laurdeneko planoak eta hurbileko planoak, aurpegieren xehetasunak argi eta garbi jasotzen dituztenak, tartekatzen dira. Argazkietan eta bideoetan —argazkigintza ondoren hasi zen bideoa jorratzen—, artistak komuneko estrategiak eta batetik besterako forma- eta metodologia-aldaketak erabiltzen ditu; hala bi baliabideen arteko aldea txikitzen du. Nolanahi ere, Dijkstraren bideoetan, argazkigintzaren sintaxia eremu arkitektonikoaren, denboraren eta soinuaren erabilerak eteten du; honako instalazio ingurukari hau dugu horren adibide.