Edukira zuzenean joan

Shahzia Sikander, Parallax

Film & Bideo

Shahzia Sikander: Paralajea

Izenburua:
Shahzia Sikander: Paralajea
Erakusketa:
Shahzia Sikander, Parallax
Gaiak:
Gizakia | Artea eta historia | Gertaerak (batailak, gudak...)
Mugimendu artistikoak:
Arte Abstraktua | Surrealismoa
Artelan motak:
Instalazioa
Aipatutako artistak:
Sikander, Shahzia

Guggenheim Bilbao Museoko Film & Video areto hau irudia mugimenduan darabilten lanei eta bideoarteari eskaini zaie. Areto hau joera horri eskaintzeak agerian jartzen du bideoarteak eta bideoinstalazioak azken hamarkadetako artearen garapenean eta gauzatzean izandako garrantzia.

 

Shahzia Sikander (Lahore, Pakistan, 1969) artista usadiozko indopersiar pinturaren miniaturetan oinarritzen da, gaur egungo historia kritikatzeko eta deseraikitzeko. Sikanderrek bere lanetan miniaturazko pinturen generoa ikuspegi berritzaile eta ezohiko bat baliatuz eraman du arte garaikidera, eta arte-teknika horren berpiztea ekarri du. Marrazketan ez ezik, interes handia du proiektatutako irudietan; 2001ean lehen bideolana egin zuen. Harrezkero hainbat animazio-bideo sortu ditu, miniaturetan denbora eta soinua txertatzeko, eta dokumentazio-filmen lengoaiaz baliatuda haren arrazoibide kritikoa zabaltzeko.

 

Sikanderren marrazkien xehetasun bikainak bizidun bihurtzen dira Paralajea (Parallax, 2013) lanean, digitalki animatutako ehunka irudiz osatutako kanal askoko instalazioan. Artistak Ormuzko itsasartearen posizio estrategikoa hartu du lanaren abiapuntutzat. Gatazkaren eta kontrolaren kontzeptuak dira lanaren gai nagusiak, aro modernotik kolonia osteko garaira arteko historia jorratzeko: itsas guduak, Ekialdeko Indien Konpainiak eta britainiarren merkataritza bideak (airetik, itsasotik zein lurrean barrena) eragin handia izan zuten kolonietan. Animazioetan osagai abstraktuak, figuratiboak eta testua uztartzen ditu artistak; horrek narrazioaren konplexutasuna areagotzen du. Sikanderren lanak abstrakzioarekin lotura du, eta, aurkako irudiak edo irudi oso ezberdinak elkartzen dituenez, Surrealismoarekin zerikusia ere baduela esan daiteke.

 

Poesiak Shahzia Sikanderren artegintzan leku nagusia du. Haren lanetan askotariko interpretazioak eta esanahiak eransteko baliatzen ditu olerkiak. Horren adibide dugu Paralajea. Lanerako jatorrizko musika Du Yun-ek idatzi zuen, eta Xarjako hiru poetak sei olerki idatzi zituzten soinu-bandarako. Olerki horiek arabieraz daudenez, herrikoa dakarte gogora, baina haien edukiak eta erreferentziak unibertsalak dira; aipatzen dituzten tokiak urrunetik bisita daitezke emozioen bidez.