Edukira zuzenean joan

Surrealismoaren gauzak

Sarrera

Surrealismoaren gauzak

Erakusketa bikain hau Surrealismoak diseinuaren mundu zabalean —antzerkia, barne-diseinua, moda, arkitektura eta publizitatean— izandako eraginari eskainitako lehenengoa da. Mundu osoko bilduma publiko eta pribatuetako 250 objektu inguru ikusgai jarriz (asko inoiz erakutsi ez direnak), Surrealismoaren gauzak mugimendu honetako produkzio estetikoak izan zuen gero eta komertzializazio handiagoaren eraginez sortu ziren tentsioak agerian uzten ditu.

Erakusketak garrantzia berezia ematen dio Dalí-ri, Espainiako artista surrealista ospetsuenari, baita Peggy Guggenheim-ek mugimenduarekin izan zuen harreman bereziari ere. Peggy Guggenheimek Surrealismoko pertsonaia askorekin harreman estua zuenez, II. Mundu Gerraren hasieran obra asko zuzenean egileei erosi zizkien. New Yorkeko 57. kalean, 1942ko urrian, erakutsi zen lehen biziz bilduma hori Frederick Kiesler arkitekto irudikorrak diseinatutako erakusketa-gune bikainean. Museo-galeria hori, “Art of This Century” izenekoa, New Yorkeko abangoardien bihotza izan zen, eta Peggy Guggenheimek eskainitako gogo handi, ardura eta ekinari esker, AEBn Surrealismoaren ideala hedatzen eragin handia izan zuen. Surrealismoaren gauzak altzariak, pinturak, eskulturak, jantziak, bitxiak, zeramika, ehunak, argazkiak eta zinema elkartzen ditu gaika banatutako bost ataletan: Balleta, Surrealismoa eta objektua, Natura bitxi bihurtzen da, Gorputza erakustea eta Ametsezko barnealdea. Era berean, testuinguru historikoan kokatzen ditu mugimendu surrealistaren erakusketa eta gertaera adierazgarrienak eta gainera, mugimendutik haratago joandako artista eta diseinatzaile surrealisten lanak nabarmentzen ditu.

René Magritte, Max Ernst, Salvador Dalí edo Yves Tanguy bezalako artisten pinturekin batera, erakusketak XX. mendeko objektu harrigarrienetako batzuk bildu ditu, besteren artean Dalíren Mae West-en ezpainen formako sofa (1938) eta Otarrain-telefonoa (1938), Elsa Schiaparelli diseinatzailearen Urratua eta Hezurdura gaueko soinekoak (biak 1938koak), edo Meret Oppenheim-en Hegazti baten hankak dituen mahaia (1939).

Gakoak

Surrealismoak diseinuaren mundu zabalean —antzerkia, barne-diseinua, moda, arkitektura eta publizitatean— izandako eragina aztertzen duen aurreneko erakusketa da.

Altzariak, pintura, eskultura, moda, bitxiak, zeramika, ehunak, argazkia eta zinema elkartzen ditu gaika banatutako bost ataletan.

Era berean, testuinguru historikoan kokatzen ditu mugimendu surrealistaren erakusketa eta gertaera adierazgarrienak.