Edukira zuzenean joan

Lacombe, Georges

Versailles (Frantzia), 1868 | Alençon (Frantzia), 1916

Lacombe, Georges

DOKUMENTUAK IKUSI

Biografía

Georges Lacombe pintore eta eskultoreak Parisko Académie Julianen ikasi zuen. 1888an, Britainiako Camaret-sur-Mer herrian hasi zen udako oporrak pasatzen: Paristik urrun urrun zegoen eskualde hori artean “antzinako”tzat eta purutzat jotzen zen. 1892an Paul Sérusier pintorearekin harremana egin ondoren, Lacombek bat egin zuen nabien taldearekin. Baserritarrez jendeztatutako Bretainiako bere paisaietan eta marina hutsetan, argi eta garbi islatzen dira nabien ideal estetikoak, Sinbolismoarekiko zuen interesa, baita haiek iturritzat hartutako Gauguinen irakaspenak ere: konposizio lau eta estilizatuek ukiyo-e japoniar grabatuen nolakotasun sintetikoak dituzte; formak zein koloreak hunkitzeko ematen dituzten aukerak hartzen dituzte oinarri. Bestalde, Gauguinen estilo arkaikoko zur tailletan inspiratuz hasi zen Lacombe taillatzen eta, horretan jarduteagatik, le Nabi sculpteur (nabi eskultorea) ezizena eman zioten. Bere obrako irudi esoterikoak (bizitza, heriotza eta birsortzearen zikloei buruzkoak) bat datoz gai esoteriko eta espiritualen bere bilaketarekin; interes hori bera zuen bere adiskide min Paul Ranson pintore nabi eta okultistak.

1897tik aurrera, Lacombek utzi egin zion Bretainian ibiltzeari, eta urrundu egin zen nabietatik. Belgikako Neoinpresionismoaren ordezkari eredugarriena, Théo van Rysselberghe, ezagutu eta gero, koloreen bereizketaren teknika erabiltzen hasi zen (Puntillismoa). Lacomberen lehendabiziko koadro guztiz puntillistak, Donibane Lohizuneko badia (Santa Barbarako punta) [Baie de Saint-Jean-de-Luz (Côte de Sainte-Barbe), ca. 1902 – 04, 79. or.] artelanak Frantzia hegoaldeko kostaldea irudikatzen du, artistak denbora eman baitzuen hor 1902tik 1903ra. Koadroa Lacomberen kezka nagusien bilduma bat da: bere kromatismo harmoniatsuak ortzadar-koloreko ilunabarra ematen du aditzera, eta forma bihurriek agerian uzten dute printzipio sinbolistei etenik gabe lotu zitzaiela. Kolorearen adierazkortasuna kolore sorta fauvistaren aurrekaritzat jo daiteke. 1907 aldera, Lacombek Puntillismoa utzi zuen, eta bere estilo piktorikoa klasikoagoa egin zen berriz.

Parte hartutako erakusketak

Paris, mende amaiera: Signac, Redon, Toulouse-Lautrec eta garaikideak
2017ko maiatzak 12 - 2017ko irailak 17
Kunsthalle Bremenen bildumako maisulanak: Delacroix-etik Beckmann-era
2019ko urriak 25 - 2020ko otsailak 16