Redon, Odilon
Biografía
Odilon Redon marrazkilari, pintore eta grabatzailea Sinbolismoari lotuta egon zen; mugimendu horrek uko egiten zion natura imitatzeari eta, trukean, subjektibotasunaren eta eduki espiritualaren alde egiten zuen. Osasun kaskarrekoa zela-eta, haurtzaroa familiatik urruti pasa zuen Peyrelebadeko lursail batean, Médoc-en. Bere gaztaroko paisaia bakarti horrek malenkonia eta misterio sentipen batez bete zuen Redon, eta aztarna utzi zuen bere obra osoan. Irudimenean murgilduta, artistak sorkuntza iradokitzaile eta misteriotsuak ondu zituen.
1860ko hamarkadaren hasieran, Redonek artearekiko konpromisoa sendotu zuen mentore izango zuen pertsonarekin hasitako adiskidetasunaren bitartez: Rodolphe Bresdin estanpatzaile famatuarekin, hain zuzen. 1870eko hamarkadaren erdialderako, behin betiko lekualdatu zen Parisera. Ordudanik, eta 1900 urte inguru arte, ikatz-ziriz egindako marrazkiak eta litografiak sortu zituen; lan horien ezaugarria argi eta itzalen joko dramatikoa zen, eta sarritan giro ilun bat eratzen zuten, baita makabroa ere. Redonek hainbat inspirazio iturri baliatu zituen, adibidez, zientzia, ametsen analisia, literatura eta Biblia. Bere ilustrazio literarioen artean, Etxe sorgindua (La maison hantée, 1896, 116 – 17. or.) litografien albuma nabarmentzen da, Edward Bulwer-Lytton idazle ingelesaren Etxea eta burmuina terrorezko kontakizunari buruzkoa; liburu hori René Philipon konte eta Redonen lanen bildumagile amorratuak itzuli zuen frantsesera 1894an. Bere sorkuntzek zentzu espiritual unibertsala dute eta, erlijio sinismenen eta pentsamendu zientifikoaren arteko gatazkarengatik larritutako mundu batean, argiaren bilaketari egiten diote erreferentzia. Argia (Lumière, 1893, 109. or.) eta Zaldun zaharra (Vieux chevalier, 1896, 111. or.) litografiek naturaz gaindiko presentzia bat iradokitzen dute. 1890eko hamarkadatik aurrera, Redonek kolore gero eta distiratsuagoak erabili zituen pastel eta olio-pinturetan, eta mitologia eta lore gaiak pintatu zituen. Ingerada lausoek eta kolore distiratsuko guneek artistaren irudiak ikuspen desagerkorrak eta idealizatuak, liriko eta mistikoak bihurtzen dituzte, Itsasontzian (La barque, 1894, 114. or.) ikus daitekeen bezala.
Parte hartutako erakusketak
- Paris, mende amaiera: Signac, Redon, Toulouse-Lautrec eta garaikideak
- 2017ko maiatzak 12 - 2017ko irailak 17
- Jenny Holzer. Zera deskribaezina
- 2019ko martxoak 22 - 2019ko irailak 9